Ostegunean Laburbiraren hamaseigarren edizioa Kondestablera iritsiko da, nagusiki emakume gazteek zuzendutako euskarazko bederatzi film laburrez

Ostegunean Laburbiraren hamaseigarren edizioa Kondestablera iritsiko da, nagusiki emakume gazteek zuzendutako euskarazko bederatzi film laburrez
9:30ean hasiko da eta, proiekzioen ostean, Juneren –film labur hautatuetako bat– zuzendariarekin solasaldia egongo da, Arantza Ibarrarekin

Ostegunean, Kondestable Civivoxean Laburbiraren hamaseigarren edizioa izango da, euskarazko film laburren bira, 2016 – 2018ko aldian nagusiki emakume gazteek zuzendutako bederatzi lan proiektatzeko Iruñean geldialdia egingo duena. Saioa 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da, leku guztiak bete arte.

Saioak bi atal edukiko ditu. Lehenengoan, gutxi gorabehera ordubetez, bederatzi film laburrak proiektatuko dira; horietako zazpi emakumeek zuzendu dituzte, nagusiki sortzaile gazteek, zazpigarren artean eskarmentu handiko emakumeen lanak ere badauden arren. Bederatzi lanek gai ezberdinei heltzen diete, maitasuna, intriga, iragana edo umorea uztartuz. Bigarren atalean, proiekzioen ostean, hitzaldi-solasaldia egongo da Arantza Ibarrarekin, June izenburupean baserrian osabekin bizi den 10 urteko neskatoaren sekretuaren istorioa kontatzen duen filmaren –ikusitako film laburretako bat– zuzendariarekin.

Laburbiraren helburu nagusia euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena ezagutzera ematea da, hemengo artistek sortutako kalitateko film laburrak proiektatuz. Ziklo ibiltari hau Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen du. Film laburren bira joan den martxoaren 18an abiatu zen, Bergaran, eta apirilaren 17an Valladoliden amaituko da, 35 hiritan izan ostean. Ziklo honi buruzko informazioa www.topagunea.eus-en ikus daiteke.

FILM LABURRAK. 2019KO LABURBIRA


•    Begi ninien koreografia. Musikatutako bideo-artea da; maitasuneko istorioa kontakizun. Irudiak, ederretan ederrenak, Urdaibai ingurukoak dira eta, musikak lagunduta, film laburra ikustekoa da. Arrate Fernandez Itsaso da zuzendaria.

•    Shell phone. Mercheri etxebizitza moderno eta eroso bat gaitzen dio seme bakarrak, teknologia berriek haren behar guzti-guztiak estaliko dituelakoan. Baina sistema berria ulertzeko zailtasunak hasten direnean, amak ez du dagoeneko semea hor izango laguntzeko. Miren Mujika zuzendari.

•    Zapatak. Animazio-film laburra. Zuzendariak hiru minututan kontatzen du amonak gaztetan bizitakoa. Erritmoz eta kolorez beteta. Zuzendaria Irati Murua da.

•    Ama. 1915, Baigorrin nonbaiten galdutako auzoa. Ama batek semearen eskutitzaren zain egotea nola bizitzen duen kontatzen du. Kalitate handiko irudiak, paisaia eder-ederretan. Josu Martinez da zuzendaria.

•    June. Baserrian osabekin bizi den 10 urteko neskatoaren sekretuaren istorioa kontatzen du; azkenean, Junek isilpean zer gordetzen zuen jakiten da. Arantza Ibarra da zuzendaria.

•    Hotzean garbitu. Bi ezezagun elkarrekin topo egiten dute garbitegi batean. Harremana garbigailuen erritmora garatuko da. Hasieran, elkarri hitzik egin gabe sartzen dituzte jantziak garbigailuetan. Ondoren, garbigailuak bira eta bira hasitakoan, pixkanaka elkar ezagutzen hasten dira... Maddi Barrenetxea eta Marta Teijeira aritu dira zuzendari.

•    Ilunpean. Kameratoia rallyaren azken edizioan irabazle izan zen. Itsuen errealitatea begiez antzeman ahal dena bezain benetakoa dela dio. Horrek gehiago sentiarazten digu gainontzeko zentzumenez. Iker Maguregi eta Andrea Martínez aritu dira zuzendari.

•    Erroak. Protagonista, 30 bat urteko emakumea, lagunak bizitza-erabakiak hartzen hasten direla ikustean, berak ere erabakiren bat hartzera behartuta sentitzen da. Presio handia sentitzen du, denbora igaro ahala berak zirt edo zart egiten ez dakielako, edo nahi ez duelako. Ane Zuazubiskar zuzendari.

•    Handiak eta txikiak. Animazio-film labur bat, Laida Ruiz Juarros gaztea zuzendari. Protagonista mundu zoragarri batean sartuz doa, badatorkion arriskuaz ohartu gabe; horra filmaren kontakizuna.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?