Ostegunean, Kantu eta Hitza zikloan, Rolan Garcések Rolan & Loop abestiak aurkeztuko ditu, folk, country eta bluesa ukitzen dituen azken lana

Ostegunean, Kantu eta Hitza zikloan, Rolan Garcések Rolan & Loop abestiak aurkeztuko ditu, folk, country eta bluesa ukitzen dituen azken lana
Kontzertua 20:30ean izango da, Erraldoien Txokoan (Descalzos k., 72), eta gonbidapenak ordubete lehenagotik banatuko dira

Ostegunean, maiatzak 30, Rolan Garcések Rolan & Loop abestiak aurkeztuko ditu, rockarekiko esperientziaren ostean folk, country eta bluesa ukitzen dituen azken lana. Kantu eta hitza formatu txikiko kontzertu-zikloa aurrera doa horrela. Emanaldia 20:30ean hasiko da, Erraldoien Txokoan (Descalzos k., 72), eta sarrera librea da. Bi gonbidapen banatuko dira pertsona bakoitzeko, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.

Rolan & Loop abestiak lana 2017aren amaieran grabatu zen. Aurretik, Rolan rock&rollean aritu zen, Iruñeko zenbait talderekin aritu ere (Astrovandals, Granero Distorsion, Lex Misterio, Gravelites). Disko honetan, halere, folk, country eta blues estiloetan murgildu da. Indarra duten melodiak dira, baina instrumentazio xumekoak, ahotsari protagonismoa eman nahian. Horretarako, Rolanek hainbat elkarlan eduki ditu, bai letretan bai moldaketetan (Íñigo Cabezafuego, Oskar Benas eta Dani Ulecia artistenak, besteak beste). Norberaren zein inguruaren askatasuna, barne-gatazkak eta garena izateko ikasitakoa dituzte hizpide diskoaren bederatzi abestiek.

Rolan Garcésen ahotsa eta gitarra honako hauek lagunduta entzuten ahalko ditugu Erraldoien Txokoko agertokian: Jose María Valpuesta (gitarran eta koruetan), Juan Martínez Nieva (perkusioan), Carlos Ortiz (baxuan) eta Ana Rodríguez Larrañaga (pianoan).

Kantu eta Hitza zikloak aurkeztuko dituen musika-estiloetan barnako ibilbidean aurrera, datorren asteko txanda Maite Larbururi dagokio, profesionalki antzinako musikan aritzen denari. Bere biolinista-ibilbidean bi disko kaleratu zituen; bietan hurbiltzen zen folk, bossa eta jazz estiloetara, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abestutako kanten bidez. Ekainaren 6an, bakarka egindako lehen lana aurkeztuko du: Hezurren azpian, euskarazko hamaika kantaz osatua. Ekainaren 27a arte, zikloan ostegunero egongo dira emanaldiak, Maddi Zubeldiaren, Xabier San Sebastianen eta Peio Ospitalen eskutik.

 

KANTU ETA HITZA 2019. FORMATU TXIKIKO KONTZERTUAK EUSKARAZ

•    Ostegunetan. Erraldoien Txokoan (Descalzos k., 72)
•    20:30ean. Gonbidapenak, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.
•    Maiatzak 30
•    Rolan Garcés. Rolan & loop abestiak
•    Ekainak 6
•    Maite Larburu. Hezurren azpian
•    Ekainak 13
•    Maddi Zubeldia. Zimurrak baleki
•    Ekainak 20
•    Xabier San Sebastian. Zuhaitzak ez du beldurrik
•    Ekainak 27
•    Peio Ospital. Arnasa...hatsa...bizia...