Ostegunean hasiko da Kantu eta Hitza euskarazko musika-zikloa, Estitxu Pinatxoren emanaldiarekin, non “Haize gorri batek” lehen diskoa aurkeztuko baitu

Ostegunean hasiko da Kantu eta Hitza euskarazko musika-zikloa, Estitxu Pinatxoren emanaldiarekin, non “Haize gorri batek” lehen diskoa aurkeztuko baitu
Ezpeletaren jauregiko patioak abuztuan hartuko du aurten udaberrian egin ohi den kultur programa

Estitxu Pinatxo

Estitxu Pinatxo abeslari nafarrak emanen dio hasiera ostegunean Kantu eta Hitza euskarazko musika-zikloari, Ezpeletaren jauregiko patioan, eta horrez gain beste lau emanaldi izanen dira zikloan, abuztuaren 29ra bitarte. Kontzertua 20:00etan hasiko da, sarrera librea da, iritsitako hurrenkeraren arabera, eta edukiera kontrolatuko da. Barrutiko ateak, San Frantzisko kalean, emanaldia hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.

Estitxu Pinatxok bere lehen diskoa aurkeztuko du, “Haize gorri batek” azaroan argitaratua. Berak konposatutako abestiez osatua dago diskoa, euskaraz idatziak eta musika beltzaren ukitu argiez apainduak. Musikari beratarrak bere ahots indartsuaren kalitatea eta distira agerian utziko ditu, zenbait musikari paregabe ondoan dituela, besteak beste, Joxerra Mitxelena, Garazi Esnaola, Txema Garcés eta Mikel Santxez. Pinatxo 15 urterekin hasi zen musikaren munduan, Egan erromeria-taldean, non teklatu-jotzailea eta korista izan baitzen. Harrezkero, hainbat musika-estilotako proiektutan aritu da abeslari: Dama Beltzak, kolaborazioak Josetxo Goia-Ariberekin eta Songs of the Dawn eta euskal musikarien omenezko Sortuko Dira Besteak proiektuak.

Zikloaren hurrengo kontzertua Tenpora taldeak emanen du. Ibilbide luzeko bost musikariz osatutako boskote honek bi disko argitaratu ditu jada (hirugarrena irailerako aurreikusita dago) popa nahiz jazza, musika elektronikoa eta rock progresiboa oinarri dituzten estilo askotariko abestiz beteak. Abuztuaren 27an, ostegunarekin, Thierry Biscaryren txanda izanen da, eta “Muda” izeneko bigarren diskoa aurkeztuko du, bere izenaz grabatzen duen lehenengoa eta bilakaera nahiz iraultza pertsonalak islatzen dituena. Zikloa amaitzeko, abuztuaren 29an, larunbatarekin, bost gazte nafarrek osatzen duten Ibil Bedi taldeak joko du. Lehen diskoa argitaratu dute jada, “Berandu baina garaiz” izenburupean, eta pop kutsua badu ere, zaila da estiloa definitzea.

Kantu eta Hitza programa Erraldoien Txokoan egin da duela urte askotik hona. 2020an, koronabirusak eragindako osasun-krisiaren eta martxotik maiatzera bitarteko Alarma-egoeren ondorioz, bertan behera geratu zen, hiriko gainerako kultur jarduerekin gertatu den bezala. Udalak abuztuan programatu du, Ezpeletaren jauregiko patioan, eskatutako osasun- eta segurtasun-neurriekin bat: edukieraren kontrola, aulkien arteko urruntzea eta eskuak garbitzeko hidrogela, besteak beste.

Kantu eta Hitza. Ezpeletaren jauregiko patioa

  • Abuztuak 13, osteguna. 20:00
    • ESTITXU PINATXO
  • Abuztuak 20, osteguna. 20:00
    • TENPORA
  • Abuztuak 27, osteguna. 20:00
    • MUDA. THIERRY BISCARY
  • Abuztuak 29, larunbata. 20:00
    • IBIL BEDI

 

  • Kontzertuetan sarrera librea izanen da, iritsitako hurrenkeraren arabera, leku guztiak bete arte. Barrutiko ateak emanaldi bakoitza hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.