Sanduzelai ikastetxe publikoan, gaur, ostegunarekin, 09:30etik 13:00etara bitarte, Jolastokien birnaturalizazioa hezkuntza aukera gisa izeneko topaketa egin dute. Hitzorduan hiriko hainbat ikastetxe elkartu dira, besteak beste, Amaiur, Iturrama, Sanduzelai, Vázquez de Mella, Ermitagaña, Arrotxapea, San Frantzisko eta El Lago. Gainera, gonbidatuta daude Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak eta Eneko Ardaiz Ganuza Nafarroko Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Azpiegituren zerbitzuburua.
Topaketak xede du ezagutza partekatzea eta birnaturalizatutako jolastokien inguruan baterako lan prozesu bat abiatzea, bai eta jolastoki birnaturalizatuak dituzten eskolen artean sare bat sortzea ere, jolastoki horietan ematen diren hezteko, ikasteko, jolasteko eta sozializatzeko modu berriak partekatzeko. Asmoa da horrelako topaketa gehiago egitea, eta, horren harira, ostegunean eginen den lanak egungo egoera eta haurren ikuspegitik behatzeko eta ikerketarako tresnak sortzea izanen ditu ardatz.
Dagoeneko birnaturalizatutako patioak dituzten ikastetxeek beren esperientzia partekatuko dute oraindik prozesuan daudenekin. Une honetan honako ikastetxe hauek dituzte birnaturalizatutako jolastokiak: Amaiur, Iturrama, Sanduzeilai, El Lago, Buztintxuri eta Mendigoiti. Aurreikuspenen arabera, uda honetan, Arrotxapea eta San Frantziskokoak eginen dira, eta hurrengo ikasturtean Vázquez de Mella eta Ermitagaña ikastetxeek abiatuko dute prozesua: aurreikuspenen arabera, 2027ko udan hasiko dira lanak.
Topaketan Sanduzelai HLHIPko jolastokia bisitatuko dute: iaz erabat eraldatu zuten, 324.099 euroko aurrekontuarekin. Ikastetxe horretan egindako esku-hartzeari esker, zuhaitzak landatu eta testura desberdinak sortu dira, gunea aberasten duten topografia naturaleko irlen bidez, eta horri esker, jolasguneak eta egonlekuak sortu dira. Gainera, drainatzea hobetu zen zoladura iragazgarriari esker, eta horman aldaketak egin ziren, jolastoki barrutik ondoko ibai-parkea hobeto ikustea ahalbidetzeko.. Esku-hartzea bereziki onuragarria da haurrendako gunean, bertan hormaren altuera txikitzeari esker txikienek parkea ikusteko aukera izanen baitute.
Iruñeko Udalak 2009an abiatu zuen jolastokiak birnaturalizatzeko prozesua eta urtero bi ikastetxe gehitzearen aldeko apustua egin du: 2026an San Frantzisko eta Rochapea ikastetxe publikoetan eginen dira obrak. Birnaturalizazioari esker, landaredi-guneak eta itzalguneak sortzen dira, ikasleek paisaiaz gozatzeko aukera paregabea dute eta , hiria erresilienteagoa izanen da klima-aldaketari aurre egiteko orduan; gainaera, bide batez, Udalak martxan jarritako prozesuari babesa ematen zaio, izan ere, birnaturalizatutako jolastokiek igarobide berdeen arteko lotura gisa funtzionatzen dute, eta ur-hustuketa sistema egokitu da drainatze jasangarrirako bidean. Lan horiek Iruñeko Hiri Agendaren barruan daude eta Hiriko Azpiegitura Berdeen eta Urdinen Planaren neurrien parte dira, bai eta Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren parte ere, bere ekintza-planean jasota baitago hiri-ingurunea birgaitu eta birnaturalizatzea.
PATIOEN BIRNATURALIZAZIOA HEZKUNTZA AUKERA GISA
• Hezkuntzaren esparruko profesionalen topaketa:
o Data eta tokia: maiatzak 14, osteguna, Sanduzelai HLHIP (Juaristi Doktorearen kalea 1)
o Ordutegia: 09:30 – 13:00
o Argibide gehiago eta izen-emateak, helbide honetan: educacionpamplona@pamplona.es