Iruñeak haurrei eskaintzen die programa ofizialaren osteguna. Familiendako ohiko jarduerak egonen dira, hala nola Hauek Festak Hauek!, Kirolari-Sport Kids eta Birjolastu. Horiez gain, San Fermini lore-eskaintza eginen da Aduanako zokoan, haurren dantza-jaialdia egonen da Gazteluko plazan, eta herri-kirol erakustaldiak kimu, haur eta kadete kategorietan.
09:30ean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa Ezpeletaren jauregitik abiatuko da, eta 11:00etan eginen den atsedenaldian jarduera bat eginen da San Frantzisko plazan: ur-zezenak. Ordu berean, txikienek omenaldia eginen diote San Ferminen irudiari, San Lorentzo elizaren ondoan. Hain zuzen, santua kalera aterako da haurren kantuak eta loreak jasotzeko. Ofrendak irudiaren atzean instalatzen dira, sareta batean.
Eguerdian, herri-kirolen txanda izanen da. Foruen plazan programatuta dago Trontzalarien Nafarroako Txapelketa (kadeteak) eta kimu, haur eta kadete kategorietako kirolarien Proba Konbinatuen erakustaldia. Era berean, gaztetxoenak Gazteluko plazan dantzan arituko dira, 12:30ean, Haurrendako Dantza Jaialdian. Talde hauek parte hartuko dute: Amaiur, Ardantzeta, Eluntze, Lakarri, Muthiko eta Oberena.
Finkatuta dauden haur-jarduerak
Jarduera bereziez gain, Hauek Festak Hauek!, Kirolari-Sport Kids eta Birjolastu guneak egonen dira, Askatasun plazan, Media Lunako lubanarroetan eta Taconera parkean, hurrenez hurren. Hiru gune horiek programan finkatuta daude, doakoak dira eta jolas jasangarriak, puzgarriak, lantegiak eta 19 federaziorekin elkarlanean antolatutako kirol-jarduerak biltzen dituzte.
Askatasun plazan, arratsaldero, 20:00etan, eskuzko txotxongiloak Maese Villarejoren eskutik; ostegunean ‘Gorgorito y Rosalinda: los libros del colegio’ ikuskizuna antzeztuko dute. Emanaldiaren ostean kalejirak abiatzen dira, hainbat autonomia-erkidegotako antzerki-konpainien eskutik. 21:00etatik aurrera, kaleko ikuskizunak Karlos III.aren etorbidean barna ibiltzen dira. Ostegun honetan, K. de Calle konpainiak ‘Los dioses del clima’ ikuskizuna antzeztuko du. Emanaldian, ‘Klimatolokoek’ elementu klimatikoak nahieran sortu eta espazio publikoa zeharkatzen dute beren ibilgailu motordunetan, musikaz lagunduta.
Azkenik, zezensuzkoa dugu ohiko beste hitzorduetako bat, 21:45ean, San Domingo aldapan, Udaletxe plazan eta Kale Berrian barna. Zezensuzkoaren ondoren, gauero Ziudadelan, 23:00etan, egile-su artifizialak jaurtitzen dira. Bertan familia ugari biltzen dira suak ikusteko.
KONPARTSAREN IBILBIDEA HAURREN EGUNEAN
Abiapuntua: Ezpeletaren jauregia (09:30)
Ibilbidea: Kale Nagusia, San Lorentzo k., Jarauta k., Eslava k., San Frantzisko pl., San Migel k., San Anton k., Taconera k., Arazuri Doktorearen pasealekua, Kale Nagusia. 11:00etan, atsedenaldia, Ezpeletaren jauregian. Bitartean, San Frantzisko plazan, ur-zezenak.
Kale Nagusia, San Lorentzo k., Descalzos k., Jarauta k., San Saturnino k., Udaletxe plaza., Mercaderes k., Estafeta k., Ahumada Dukearen k., Karlos III.aren etorb., Gazteluko plaza, Comedias k., San Nikolas k., San Migel k., San Frantzisko plaza, Eslava k., Kale Nagusia eta Ezpeletaren jauregia.