
Ostegun honetan, Compañía plazako agertokiak tradizio handiko soinuak uztartuko ditu. Arratsaldean, 19:00etan, Jimena Bandeira – Makedaren saioan platerren soinua entzuteko aukera egonen da, erritmo afrikarrak ardatz hartuta. Eta, gauean, 23:30ean, A Thousand Horses taldearen zuzeneko indartsuak plaza Nashvilleko soinu originalarekin beteko du.
Arratsaldeko saioan Makeda da protagonista, Gasteizen jaio baina Iruñean bizi den sortzailea. Artistak eguneroko konexio- eta gozamen-une gisa ulertzen ditu bere saioak, zeinetan eragin nabarmena baitute Afrikako erritmoek: amapianoa, kuduroa, afrohousea eta abar. Horiei funk, karioka... musikaren oinarria gehitzen zaie. Bere nerabezaroari eta erreferenteei leial izanik, Makeda hip hop eta R&Baren klasikoekin bat egiten saiatzen da; modu horretan, bere saioek artista definitu eta ikusleekiko lotura sortzen dute: iraganera teleportatzen gaituzten klasikoak hartu eta festara hurbildu eta lotzen ditu.
Makeda Plazeratu kolektiboko kidea da, zeina Iruñeko queer komunitateari espazio seguruagoa eskaintzeko asmoz jaio zen, ospatzeko eta festetan ere aktibismoa egiteko. Besteak beste, Gasteizko AfroVI festetan parte hartu du, afro-musikaren kultura sustatuz eta horren diaspora mobilizatuz.
MaKeda duela hiru urte eskas hasi zen platerrak jotzen; hala ere, musika bere bizitzaren parte izan da txiki-txikitatik. Gaur egun, Makedak erritmo elektronikoak esploratzen ditu, batez ere baxu eta perkusio asko bilatuz, ezagun egiten zaion horretara itzultzen dutenak, baina aldi berean adrenalina gehiago igota.
Nashville soinua
A Thousand Horses, country-rockaren soinu berriaren aitzindari diren Nashvilleko taldeetako bat, Iruñera heldu da Riazako (Segovia) Huercasa Country Festival jaialdian parte hartu ondoren. Michael Hobbyren ahots indartsua buru dutela, Bill Satcher gitarra-jotzaileak, Graham DeLoach baxu-jotzaileak eta Zach A Brown gitarra-jotzaile ohiak modu original batean uztartzen dute hegoaldeko rocka, folk lehorra eta country alternatiboa. ‘Highway Sound’ singlea argitaratu dute berriki, bizitzari gorazarre egiten dion ereserkia, eta askatasun sortzailean sakontzen duena. Abesti horren bidez agerian geratzen da instrumentuak (besteak beste, sitar elektrikoa eta talkboxa) modu ezohikoan erabiltzen dituztela.
A Thousand Horses taldearen musika-maisutza agerian geratzen da “Southernality” iraupen luzeko albumean. Hain zuzen, album horri esker Billboarden “Top Country Albums” zerrendan hirugarren postua lortu zuten 2015ean. Horrez gain, hamarkada horretan aintzatespen handia lortu zuten “Smoke” singleari esker, zeinak berehala lortu baitzuen Country Airplay zerrendetan lehen postuan kokatzea.
Disko-zigilu propioa (Highway Sound Records) kaleratu ostean, A Thousand Horses 2022an itzuli zen ‘Broken Heartland’ izeneko bigarren albumarekin. Sekulako abestiak ditu, hala nola “When I Hear Your Name”, “Another Mile” eta “Never Liked the Rain”. Ezaguna da zuzeneko kontzertuetan aparteko ikuskizuna eskaintzen dutela. Estatu Batuetan egindako biretan, Lynyrd Skynyrd talde ikonikoarekin batera jo du A Thousand Horses taldeak. Taldea Europan barnako biran murgilduta dago, eta ‘The Outside’ izeneko albuma prestatzen ari da urte bukaerarako.
2024KO SANFERMINAK COMPAÑÍA PLAZA
- Uztailak 11, osteguna
- 19:00. maKeda
- 23:30. A Thousand Horses
- 19:00. maKeda
- Uztailak 12, ostirala
- 20:00. Hofe x 4:40
- 23:30. Mad Professor + Roots Daughters : Sandra Cross, Sister Audrey eta Amarra
- 20:00. Hofe x 4:40
- Uztailak 13, larunbata
- 20:00. Safu
- 23:30. Son Rompe Pera
- 20:00. Safu