Auzo-foroen X. edizioa aurrera doa: Ermitagaña-Mendebaldeakoaren txanda da aste honetako ostegunean, 18:30ean, Musikaren Hirian dagoen Intermezzo kafetegi zaharrean (Mendebaldea). Auzo-foroa elkartzeko eta auzoko bizilagunen eta Udalaren arteko komunikazioa bultzatzeko gune bat da. Udalaren izenean, Garbiñe Bueno Zabalza auzoko zinegotziak eta Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako zinegotzi ordezkariak parte hartu ohi dute.
Ordu eta erdiko saioa izanen da, eta zuzenean jarraitzen ahalko da https://www.pamplona.es/eu udal-webgunean. Guztien parte-hartzea eta entzumen urritasuna dutenen irisgarritasuna bermatze aldera, foroetan zeinu-hizkuntzen interpretea, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa erabiltzen dira. Saio nagusiarekin batera haurrendako foroa eginen da: 16 urte bitarteko haur eta nerabeei dago zuzenduta, eta haien ekarpenak helduen foroan aurkeztuko dira.
Foroari esker, Ermitagaña-Mendebaldean garatzen ari diren udal-egitasmoak bertatik bertara ezagutzera emanen dira, eta auzoari eragiten dioten askotariko gaiak eta kontu horiei heltzeko neurriak aurkeztuko dira. Halaber, jakitera emanen dira elkarteek (Hazialdea eta Scout Dendari Izar, besteak beste) eta programek (esaterako Beti Norbaitekin) auzoan egiten dituzten proposamen eta ekimenak. Zerbitzuei buruz ere hitz eginen da, hala nola Emakumeen Etxea eta Zentro Elkarlaneko Gunea.
Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programaren 30. urteurrenaren karietara, erakusketa ibiltari bat jarriko da ikusgai foroarekin batera: Nafarroako Liburutegi Nagusian ikusten ahalko da, urtarrilaren 30era arte. Gainera, asteartean, auzoan barnako ibilaldia egin zen Ermitagañako merkatutik abiatuta, eta gune hauek bisitatu ziren: Convive ERYMEN zentroa (Francisco Alesón zeharkalea z.g.), Bartolomé de Carranza kaleko horma-irudia, garatzen ari den baso autoktonoaren proiektua eta Loraldea baratze komunitarioa.
Hurrengo auzo-foroa Mendillorrikoa izanen da, otsailaren 12an (osteguna); hitzordu horretarako ekarpenak online aurkezten ahalko dira otsailaren 9ra arte (astelehena), foros@pamplona.es helbide elektronikora mezua bidalita eta https://decide.pamplona.es/?locale=eu webgunearen bidez.
2026KO AUZO-FOROAK
Emitagaña-Mendebaldea
Urtarrilak 29, osteguna. 18:30. Intermezzo kafetegia (Musikaren Hiria)
Mendillorri
Otsailak 12, osteguna. 18:30. Mendillorriko Civivoxa