Buztintxuri HLHIPko gimnasio nagusian eginen da ostegunean, 18:30ean, Buztintxuriko Auzo-foroa eta bertan izanen dira Borja Izagirre Larrañaga auzoko zinegotzia eta Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria, bai eta udaleko teknikariak ere. Foro nagusiarekin batera Haurrendako Foroa ere eginen da, 3 eta 12 urte bitarteko auzokideek helduen fororako ekarpenak aurkeztu ditzaten.
Ordu eta erdiko saioa izanen da, eta zuzenean jarraitzen ahalko da www.pamplona.es/eu udal-webgunearen bidez. Entzumen urritasuna dutenen irisgarritasuna bermatze aldera, foroan zeinu-hizkuntzen interpretea, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa erabiltzen dira. Udaleko ordezkariek hartuko dute hitza lehen orduan eta, ondoren, bertaratutako auzokideen kontsulta eta proposamenak egiteko txanda irekiko da.
Foroak herritarren eta Iruñeko Udalaren arteko komunikazio zuzena ahalbidetzen du, eta topagune bat sortzen du auzoko arazoei buruzko eta horiei heltzeko hartutako neurriei buruzko informazioa lehen eskutik jasotzeko. Foroan hainbat proiektu komunitario ezagutuko dira, hala nola Argia Buztintxuri elkartea eta Buztinzelai KE (Buztintxuriko eta Sanduzelaiko Komunitate Energetikoa).
Auzo-foroarekin batera beste jarduera batzuk ere eginen dituzte, astean zehar, esaterako Udalaren Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Programaren 30. urteurrenaren omenezko erakusketa. Erakusketa aste osoan egonen da ikusgai Buztintxuriko Kirolguneko hall-ean eta Iruñeko Udalak azken urteotan hainbat herrialdetan –Niger, Guatemala, Sahara eta Senegal kasurako– finantzatutako proiektuak biltzen ditu.
Halaber, asteartean, ibilaldi bat egin zuten auzoan barna, Buztingunetik abiatuta, Gipuzkoako etorbidea birnaturalizatzeko proiektua ezagutzeko: auzoarendako garrantzi handiko igarobide jasangarria izanen da. Ondoren Unzutxiki Berri zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei elikagaiak banatzen dizkien elkartearen lokalean izan dira, eta, azkenik, Buztinkolore Guraso Elkarteak eta Argia Buztintxuri elkarteak auzoko ikastetxe publikoan martxan jartzen ari diren liburutegi berria bisitatu dute.
Auzo-foroen hamargarren errondako hurrengo foroa Erripagaña – Beloso – Bidezarrekoa izanen da eta Elorri ikastetxe publikoan eginen da apirilaren 29an (asteazkena). Iradokizunak eta ekarpenak egin nahi dituztenek apirilaren 27ra bitarte bidaltzen ahal dituzte foros@pamplona.es helbide elektronikora edo Decide Pamplona webgunera.
APIRILEKO AUZO-FOROAK
• Apirilak 23, osteguna:
o Buztintxuri. 18:30. Buztintxuri HLHIP (Natividad Bella Esparza k. 1, behea)
• Apirilak 29, asteazkena:
o Erripagaña – Beloso – Bidezar. 18:30. Elorri ikastetxe publikoa (Etxalatz Jaurerriaren k. 5, behea)