Datozen sanferminetarako Iruñeko Udalak mantendu egingo du edalontzi berrerabilgarriaren sistema; eta, erabilera hedatzen jarraitzeko, lehen aldiz bat egin nahi duten ostalaritza-establezimenduek ekainaren 14a arte jarri ahal dira Udalarekin harremanetan, epe horretan eskaerak artatu eta beharrezko edalontziak egitea bermatuko baita. agenda21@pamplona.es helbide elektronikora idatziz, 948 420 992 telefonoan edo Whatsapp-en bidez (686 591 956) eman behar da izena.
Iazko sanferminetan Iruñeko Udalak sustatutako edalontzi berrerabilgarriaren sisteman honako hauek egin zuten bat: Alde Zaharreko tabernen % 30; peñen % 90; eta jaietan eremu publikoan baimentzen diren barra guztiak –Foruen plazan, Zezen-plazan, Labrit pilotalekuan zein kolektiboei lagatako guneak–. 505.986 edalontzi berrerabilgarri jarri zitzaizkien eskuragarri (litro bateko 14.742, litro erdiko 440.844 eta 0,33 litroko 50.400).
Milioi erdi edalontzi berrerabilgarri baino gehiago erabiltzeak 14.167 kilo plastiko sortzea eta atmosferara 21,251 tona CO2 isurtzea ekidin zuen. Neurri honek, beste batzuekin batera, sanferminetako kale-garbiketan jasotako zaborra % 14z murriztu zuen. Murrizketarako beste zio batzuk hauek izan ziren: ostalaritzaren elkarlana, hondakinak edukiontzian utzita; bezeroen sentsibilizazioa zakarrontziak erabiltzeko; eta jaiaz gozatzeko azturetan balizko aldaketa bat (egunez beirazko edalontzia erabiltzea).
Edalontzi berrerabilgarri ezberdinak, edukieraren arabera
Ostalaritza-establezimenduek bezeroei edalontzi ofiziala eskaintzen diete, berdea eta Udalaren armarria duena. Edukieraren araberako 3 edalontzi-mota daude: litro batekoa, litro erdikoa eta 0,33 litrokoa. Udalak sistema osatua dauka, jaietan egunero edalontzi berrerabilgarriak banatzea, jasotzea eta garbitzea bere gainhartuz garbitasun- eta osasun-baldintzak bermatzen dituena. Zerbitzuaren kontratua Varazdin gizarteratze-esparruko fundazioak dauka, eta 2020 eta 2021erako luzatzeko aukera dago.
Edaria zerbitzatutakoan euro bat kobratzen da edalontzi berrerabilgarriko. Edalontzia edari bakoitzerako aldatzen da: edalontzi zikina jaso eta edalontzi garbi batean zerbitzatzen da, kosterik gabe. Edozein unetan itzul daiteke edalontzia, taberna horretan edo sareko beste batean, eta fidantza moduan inbertitutako euroa berreskuratu. Helburua ez da bildumatzea, ahalik eta gehien itzul daitezen saiatzea baizik, edalontzi gehiago egin behar izatea ekiditeko, horrela, baliabide-kontsumoa ere murriztuz. Udalak komunikazio-kanpaina bat ere egingo du, herritarrei –bertokoei zein bisitariei– edalontzi berrerabilgarria erabiltzearen gainean berri eman eta sentsibilizatzeko.
Edalontzi berrerabilgarria, baliabide gutxiago kontsumitzea
Botatzeko edalontzia ingurumenerako aukera txarra da; hona hemen zioetako bi: erabilera bakarreko baliabideen kontsumoa (plastikoa, energia eta ura) eta hondakinak, alferrik sortu eta ondoren bide publikoetatik jaso beharrekoak. Polipropilenoz eginda dago; edalontzi berrerabilgarria bera bezala, baina hau behin baino gehiagotan erabiltzen denez, baliabide-kontsumoa proportzionalki txikiagoa da. Gutxi gorabehera, plastiko hori ekoizteko munduan kontsumitzen den petrolioaren % 4 behar da. Ekoizten den plastiko-kilogramo bakoitzeko 3,5 kilogramo CO2 isurtzen dira atmosferara (plastikoa birziklatuz gero, 1,7 kilogramo CO2).
Sanferminetako jaietarako ekoizten diren botatzeko edalontziek 75.000 kilo inguru pilatzen dute, hots, 8.976 litro petrolio eta 261.796 kilo CO2, atmosferara isuriak. Kaleetan amaitzen duen plastikoa beste hondakinekin nahasten da, Gongorako zabortegian uzten da, eta 100 urte ematen ditu degradatzeko. Gainera, beste ondorio batzuk baditu, kaleetan mugikortasuna zailtzeari zein jaien irudi txarrari lotutakoak.
Edalontzi berrerabilgarria 6 aldiz erabilita, ur (garbiketa barne), energia eta plastikoaren baliabide-gastua orekatzen da, botatzeko edalontziaren aldean. Eta Europar Batasunean 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera debekatuta egongo da botatzeko plastikozko gauzak saltzea, bai edalontziak bai mahai-tresnak, platerak, lastotxoak, poltsak eta horiek bezalakoak.