Osoko Bilkurak zozketa bidez izendatuko ditu apirilaren 28an izango diren hauteskunde-orokorretarako 810 mahaikideak eta horien 1.620 ordezkoak

Osoko Bilkurak zozketa bidez izendatuko ditu apirilaren 28an izango diren hauteskunde-orokorretarako 810 mahaikideak eta horien 1.620 ordezkoak
Prozedura informatikoa 09:00etan abiatuko da, eta horren emaitzak 010 telefonoan edo www.pamplona.es webgunean kontsultatu ahalko dira

Datorren astelehenean –apirilak 1– izango den Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak zozketa bidez zehaztuko ditu hiriko 270 hauteskunde-mahaiez arduratuko direnen izenak, heldu den apirilaren 28rako iragarri diren hauteskunde orokorren egunean. Guztira 810 lagun izendatuko dira (270 mahaiburu eta 540 mahaikide) mahaian titular aritzeko, eta horrez gain, 1620 ordezko (540 mahaiburu eta 1080 mahaikide). Osoko Bilkura berezia izango da, 09:00etan hasiko da, eta gai-zerrendan ez dago besterik.

Pertsona horiek adinez nagusi eta 70 urtetik beherakoak direnen artean hautatuko dira, betiere irakurtzen eta idazten baldin badakite. Izendatutako guztiek jarraibide-eskuliburua jasoko dute jakinarazpen ofizialerekin batera. Datozen hauteskunde orokorretarako, apirilaren 28an, Iruñean, 23 hautesleku izango dira zabalik, 08:00etatik 20:00etara.

Ez da izango Osoko Bilkurak egin beharko duen zozketa bakarra. Izan ere, hilabete baino gutxiagoko epean, beste zozketa bat egin beharko du maiatzaren 26ko tokiko, autonomia-erkidegoko eta Europako hauteskundeetarako hauteskunde-mahaietako kideak hautatzeko. Prozedura bera errepikatuko da berriro hautesle guztien artean, apirilaren 28an mahaikide izatea egokitu izana gorabehera. Araudiarekin bat, mahaikide horiek aukeratzeko Osoko Bilkura apirilaren 27tik eta maiatzaren 1ra arteko epean egin beharko da, eta hortaz, apirilaren 29an (astelehena) edo 30ean (asteartea) egitea aurreikusi da.

Zozketaren nondik norakoak
Prozedurak bi parte ditu. Osoko Bilkuran, Joxe Abaurreak, Osoko Bilkurako idazkariaren ezkerrean dagoen zinegotziak, bederatzi txandatan, zenbakitutako launa bola aterako ditu, horiekin bederatzi zenbaki osatzeko. Lehenengo zenbakiak mahaiburua izendatuko du; bigarrenak, mahaiburuaren ordezkoa, eta hirugarrenak, bigarren ordezkoa. Halaber, laugarren zenbakiak lehen mahaikidea izendatuko du, eta bosgarrenak eta seigarrenak haren ordezkoak; zazpigarren zenbakia bigarren mahaikidearena izango da, eta zortzigarrena eta bederatzigarrena, haren ordezkoenak. 0000 da balio ez duen konbinazio bakarra, eta hori ateraz gero, berriro atera beharko lirateke lau bola.

Hortik aurrera, bigarren fasea hasten da: zozketa egiten da prozedura-informatiko baten bidez (tresna: hauteskunde-mahaien eraketa eta jakinarazpena). Zenbakiak –karguei esleituak– aplikazio informatikoan sartzen dira, eta horrek Iruñeko hauteskunde-mahai bakoitzeko bederatzi kideen izenak emango ditu. Emaitzak inprimatzeko etenaldiaren ostean, prozeduraren ondorioz lortutako zerrenda onetsiko du Osoko Bilkurak, eta idazkariak sinatuko.

Hortik aurrera jakinarazpena egingo zaie izendatutakoei. Hasiera batean hautatutakoek alegazioak aurkezteko epearen ostean izendapen berririk egin behar bada, Osoko Bilkura horretan bertan ateratako zenbakiak oinarri hartuta egingo da.

Astelehenean bertan, edozein herritarrek kontsultatu ahalko du mahaikide izateko hautatua izan den, NAN zenbakiaz, www.pamplona.es webgunean edo 010 herritarrendako arreta telefonoan.

 

IRUÑEKO HAUTESLEKUAK ETA HAUTESKUNDE-MAHAIAK


•    Hizkuntza Eskola Ofiziala: 7 mahai
•    San Frantzisko IP: 11 mahai
•    Vázquez de Mella IP: 7 mahai
•    Gurutzeko plazako BHI: 11 mahai
•    Blanca de Navarra IP: 8 mahai
•    Biurdana BHI: 9 mahai
•    José María Huarte IP: 16 mahai
•    Ermitagaña IP: 23 mahai
•    Iturrama IP: 22 mahai
•    José María Iribarren IP: 8 mahai
•    Azpilagaña IP: 12 mahai
•    Nicasio Landa IP: 4 mahai
•    Amaiur IP: 12 mahai
•    Hegoalde IP: 17 mahai
•    Víctor Pradera IP: 9 mahai
•    María Ana Sanz II: 8 mahai
•    Bernat Etxepare IP: 7 mahai
•    Doña Mayor de Navarra IP: 13 mahai
•    Cardenal Ilundáin IP: 9 mahai
•    Rochapea IP: 8 mahai
•    Patxi Larrainzar IP: 21 mahai
•    San Jorge IP: 14 mahai
•    Elorri IP: 14 mahai

 

2019KO HAUTESKUNDE OROKORRAK

Iruñeari dagozkion datuak, Estatistikako Institutu Nazionalak bidalitako erroldaren arabera:
•    Hautesleak, guztira: 151.121
•    Mahaiburuak, guztira: 810
    (titularra eta bi ordezko barne)
•    Mahaikideak, guztira: 1620
    (bi titular eta lau ordezko barne)

¿Te ha sido útil esta página?