Lehendakaritza Batzordeak gaur goizean ezagutu du aurrekontua aldatzeko proposamen bat, 5.041.000 euroan, Iruñeko Udalaren gastu orokorretarako. Besteak beste, barne hartzen dira elektrizitatearen edo gasaren prezioaren igoera arintzeko partidak; Gayarre antzokiarentzako ekarpena eguneratzekoak; banku-komisioen, izapide administratiboen edo material teknikoaren hornikuntzaren ondoriozko gastuak doitzekoak; eta Udaltzaingoaren soldatetarako eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzurako kontratazioetarako partidak. Proposamen hori osteguneko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da behin betiko onesteko.
Aurrekontu-aldaketa horrek 1.004.924 eta 1.200.000 euroko bi partida ditu langileria-gastuak gauzatzeko desbideratzea osatzeko. Zehazki, Udaltzaingoko funtzionarioei ordainsariak eman eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak behin-behineko langileak kontratatzeko egindako gastua finantzatzeko, hurrenez hurren.
Proposamenean jasotzen diren beste alderdietako batek zerikusia du produktu energetikoen prezioaren igotzearekin. Iruñeko Udalak aurrekontu-aldaketa horren bidez orekatu nahi du elektrizitatearen, argiaren eta gasaren kostuen igoera eraikin publikoetan eta argiteria publikoan. Gorakada hori 1.136.904 euroan kuantifikatzen da, honela banaturik: 27.585 euro, ikastetxeetako, eraikinetako, kiroldegietako eta civivoxetako elektrizitate-kostuetarako; 451.748 euro, ikastetxeetako gas kontsumoa handitzeagatik; 430.040 euro, udal-eraikinetako gas-kontsumorako, eta 227.531 euro, argiteria publikoko energia-gastu handiagoetarako.
Lehendakaritza Batzordean aurkeztutako proposamenak 268.172 euroko partida bat du Gayarre antzokirako, finantzaketa osagarri gisa, eta horrekin Udalak pandemia dela-eta txarteldegiaren diru-sarrerak murriztearen ondorioz kultura entitatean aurreikusitako defizita orekatzea du helburu.
Gastu handiagoa Herritarren Segurtasunean eta banku-komisio eta -maileguetan
Alarma Egoerarekin COVID-19ak eragindako egoerak eta horren ondoren 2020an eta 2021ean zehar onetsitako foru-araudiak ekarri dute Herritarren Segurtasuneko arau-hausteen ondoriozko zehapen-prozedurak izapidetzeak gora egitea. Horregatik, tinbratze-gastuak igo dira. Bestalde, arau-hausteak detektatzeko sistema automatikoak (kamerak eta radarrak) ezartzearen ondorioz, trafiko-isunen jakinarazpenen gastua ere handitu da.
Era berean, gastu handiagoa egin da material teknikoaren horniduran, Udaltzaingoaren promozio berri bat sartu baita, kontratu tekniko gehiago egiteaz (estupefazienteen analisia, interpretazio-zerbitzuak …) eta aparkatze arautuko eremu berrietan bizilagun-txartelak banatzeagatik gastua handitzeaz gain. Herritarren Segurtasuneko alorrari lotutako kontzeptu horien gastu handienak 300.000 euroan balioetsi dira, aurrekontu-aldaketak jasotzen duen bezala.
Proposamenak 90.000 euro barne hartzen ditu banku-komisioen gastuak izapidetzera bideratutako partida handitzeko. Izan ere, banku-komisioak ekitaldi honetan handitu dira, bankuak kontu korronteetako saldoengatik eta udal-sarreren bilketan lankidetza-zerbitzuak emateagatik kobratzen hasi direlako. Azkenik, 1.041.000 euro bideratuko dira Udalak banku-entitate batekin hartutako mailegu bat kitatzeko. Bigarren seihilekoa ordaintzeke dago, ohiko amortizazio-kuotez gain, urte honen amaieran mailegua kitatu arte.