
Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak heldu den uztailaren 23ko hauteskunde orokorretarako hauteskunde-mahaietako postuak –mahaiburuak, bokalak eta ordezkoak– zozketatuko ditu astelehenean, hilak 26. 09:00etan izanen da, eta zozketa horretan zehaztuko dira hiriko 279 hauteskunde-mahaiez arduratuko direnen izenak. Hauteskunde hauetarako erroldaren arabera, 152.691 hautesle daude.
Kopuru horretatik, 837 lagun izendatuko dira: 279 mahaiburu izateko eta 558 bokal izateko. Araudiaren arabera derrigorrezkoa denez postu bakoitzerako balizko bi ordezko izendatzea, azkenean zozketa bidez 2.511 izen hautatuko dira. Osoko Bilkura berezia izanen da, eta gai-zerrendan ez dago besterik.
Hautagaiak 18 urtetik eta 70 beherakoen artean hautatuko dira, betiere irakurtzen eta idazten baldin badakite. Izendatutakoek, jakinarazpen ofizialarekin batera, hauteskunde-egunaren funtzionamenduari dagokionez dituzten eskubide, eskumen eta betebeharrei buruzko jarraibideen eskuliburua jasoko dute. Uztailaren 23ko hauteskunde orokorretarako 26 bozketa-zentro egonen dira zabalik Iruñean, 09:00etatik 20:00etara.
Zozketaren nondik norakoak
Prozedurak bi parte ditu. Osoko Bilkuran, bederatzi txandatan, zenbakitutako launa bola aterako dira, horiekin bederatzi zenbaki osatzeko –zeroak barne–. Lehenengo zenbakiak mahaiburua izendatuko du; bigarrenak, mahaiburuaren lehen ordezkoa, eta hirugarrenak, bigarren ordezkoa.
Halaber, laugarren zenbakiak lehen bokala izendatuko du, eta bosgarrenak eta seigarrenak haren ordezkoak; zazpigarren zenbakia bigarren bokalarena izanen da, eta zortzigarrena eta bederatzigarrena, haren ordezkoenak. 0000 da balio ez duen konbinazio bakarra, eta hori ateraz gero, berriro atera beharko lirateke lau bola.
Hortik aurrera, bigarren fasea hasiko da. Prozedura informatiko bat da, “Hauteskunde-mahaien osaera eta jakinarazpena” izeneko tresnarekin. Tresna horrek korrelazioan jartzen ditu erroldako zenbakiak eta Osoko Bilkuran ateratako zifrak, eta programak zehazten ditu Iruñeko hauteskunde-mahai bakoitzeko bederatzi izenak. Emaitzak inprimatzeko etenaldiaren ostean, prozeduraren ondorioz lortutako zerrenda onetsiko du Osoko Bilkurak, eta idazkariak sinatuko.
Une horretatik aurrera, izendatutakoek jakinarazpen ofizialak jasoko dituzte haien helbideetan. Hasiera batean hautatutakoek alegazioak aurkezteko epearen ostean izendapen berririk egin behar bada, asteleheneko Osoko Bilkura horretan bertan ateratako zenbakiak oinarri hartuta eginen da. Astelehenean bertan, edozein herritarrek kontsultatzen ahalko du mahaikide izateko hautatua izan den, NAN zenbakiaz, www.pamplona.es/eu webgunean edo 010 herritarrendako arreta telefonoan.
2023KO HAUTESKUNDE OROKORRAK
Botoa emateko eskubidea duten pertsonak, guztira 152.691
Hauteskunde-mahaiak, guztira 279
Mahaiburuak, guztira 837
(kopuru horretan titularra eta bi ordezkoak sartuta daude)
Hauteskunde-mahaietako bokala, guztira 1.674
(kopuru horretan bi titular eta lau ordezko sartuta daude)
Mahaiburu gisa hautatuak ateratzeko aukera duten pertsonak 78.036
Bokal gisa hautatuak ateratzeko aukera duten pertsonak 116.166
(profil hori duten 38.130 erroldatuei mahaiburu izateko hautagaiak gehitzetik ateratzen den kopurua, azken horiek ere kategoria horretan sartzen baitira)
Mahaiburu edo bokal hautatuak izateko aukerarik ez duten pertsonak 36.525
IRUÑEKO HAUTESLEKUAK ETA HAUTESKUNDE-MAHAIAK
Hizkuntza Eskola Ofiziala: 7 mahai
San Francisco IP: 11 mahai
Vázquez de Mella IP: 7 mahai
Gurutzeko plazako BHI: 11 mahai
Blanca de Navarra IP: 9 mahai
Caro Baroja BHI: 9 mahai
José María Huarte IP: 16 mahai
Ermitagaña IP: 11 mahai
Navarro Villoslada BHI: 12 mahai
Iturrama IP: 16 mahai
Iturramako Civivoxa: 6 mahai
José María Iribarren IP: 8 mahai
Azpilagaña IP: 12 mahai
Nicasio Landa IP: 4 mahai
Amaiur Ikastola: 12 mahai
Hegoalde Ikastola: 17 mahai
Víctor Pradera IP: 7 mahai
Padre Moret - Irubide BHI: 8 mahai
Bernat Etxepare IP: 7 mahai
Doña Mayor de Navarra IP: 13 mahai
Cardenal Ilundáin IP: 9 mahai
Rochapea IP: 8 mahai
Patxi Larrainzar IP: 16 mahai
Buztintxuri IP: 10 mahai
San Jorge IP: 14 mahai
Elorri IP: 19 mahai