Osoko Bilkurak datorren asteartean izendatuko ditu, zozketa bidez, azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako 810 mahaikideak eta horien 1.620 ordezkoak

Osoko Bilkurak datorren asteartean izendatuko ditu, zozketa bidez, azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako 810 mahaikideak eta horien 1.620 ordezkoak
Emaitzen berri jakiteko kontsulta pertsonalizatua egiten ahalko da, 010 telefonoan edo webgunean, errolda kontsultatzeko atzo arte erabili ziren sistema berberetan

Iruñeko Udalak Osoko Bilkura berezia eginen du urriaren 15ean, asteartearekin, eta bertan zozketa bidez zehaztuko da nortzuei egokituko zaien hiriko 270 hauteskunde-mahaiez arduratzea, heldu den azaroaren 10eko hauteskunde orokorren egunean. Guztira 810 lagun izendatuko dira zozketa-informatiko bidez (270 mahaiburu eta 540 mahaikide) mahaian titular aritzeko, eta horrez gain, 1.620 ordezko (540 mahaiburu eta 1.080 mahaikide).

Pertsona horiek adinez nagusi eta 70 urtetik beherakoak direnen artean hautatuko dira, betiere irakurtzen eta idazten baldin badakite. Izendatutako guztiek jarraibide-eskuliburua jasoko dute jakinarazpen ofizialarekin batera. Datozen hauteskunde orokorretarako, azaroaren 10ean, Iruñean, 23 hautesleku izanen dira zabalik, 09:00etatik 20:00etara.

Osoko Bilkura berezi hau Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoak hasiera batez xedatutakoa baino egun batzuk lehenago eginen da, izan ere, epe orokorren arabera urriaren 19tik 23ra bitarte egin beharko litzateke. Hauteskunde-batzorde zentralak, bozkatzea bultzatzeko legez emandako eskumen berrien barruan –zenbait toki-korporaziok hala eskatuta–, baimena eman die udalei hauteskunde hauetarako zozketak lehenago egin ditzaten (2019ko irailaren 26ko BOEa).

Bestalde, hautesle-errolda kontsultatzeko jarritako zortzi eguneko epean 2.177 herritarrek egin dute zuzemen hori. Mahaietako postuak zozketatu ondoren, aplikazioa berriz ere irekiko da herritarrek telefonoz edo modu digitalean (abizena eta NAN-zenbakia idatzita) jakin dezaten hauteskunde-mahaiko kide izatea egokitu zaien eta, izatekotan, zer kargu duten.

Zozketaren nondik norakoak
Prozedurak bi parte ditu. Osoko Bilkuran, Osoko Bilkurako idazkariaren ezkerrean dagoen zinegotziak, bederatzi txandatan, zenbakitutako launa bola aterako ditu, horiekin bederatzi zenbaki osatzeko. Lehenengo zenbakiak mahaiburua izendatuko du; bigarrenak, mahaiburuaren lehen ordezkoa, eta hirugarrenak, bigarren ordezkoa. Halaber, laugarren zenbakiak lehen mahaikidea izendatuko du, eta bosgarrenak eta seigarrenak haren ordezkoak; zazpigarren zenbakia bigarren mahaikidearena izanen da, eta zortzigarrena eta bederatzigarrena, haren ordezkoenak. 0000 da balio ez duen konbinazio bakarra, eta hori ateraz gero, berriro atera beharko lirateke lau bola.

Hortik aurrera, bigarren fasea hasten da: zozketa egiten da prozedura-informatiko baten bidez (tresna: hauteskunde-mahaien eraketa eta jakinarazpena). Zenbakiak –karguei esleituak– aplikazio informatikoan sartzen dira, eta horrek Iruñeko hauteskunde-mahai bakoitzeko bederatzi kideen izenak emanen ditu. Emaitzak inprimatzeko etenaldiaren ostean, prozeduraren ondorioz lortutako zerrenda onetsiko du Osoko Bilkurak, eta idazkariak sinatuko.

Hortik aurrera jakinarazpena eginen zaie izendatutakoei. Hasiera batean hautatutakoek alegazioak aurkezteko epearen ostean izendapen berririk egin behar bada, Osoko Bilkura horretan bertan ateratako zenbakiak oinarri hartuta egingo da.

Astelehenean bertan, edozein herritarrek kontsultatu ahalko du mahaikide izateko hautatua izan den, NAN zenbakiaz, www.pamplona.es webgunean edo 010 herritarrendako arreta telefonoan.

2.177 kontsulta 8 egunetan
Guztira, 2.177 herritarrek kontsultatu dute Iruñeko hautesle-errolda jendaurreko zortzi eguneko epean; horietatik, % 97,4k webgunearen bidez egin du. Irailaren 30etik urriaren 7ra bitarte, herritarrek egiaztatu zezaketen hautesle-erroldan zeuden ala ez, eta, hala behar izatera, datuak zuzentzeko aukera zuten, azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan bozkatzeko eskubidea bermatze aldera. Aurreko hauteskundeetan 2.389 kontsulta egin ziren hautesle-erroldan.

Iruñeko Udala, behin hauteskunde-mahaien zozketa eginda, kontsultarako bi bideak zabalduko ditu berriro (telefonoa eta www.pamplona.es webgunea) herritarrek jakin dezaten hauteskunde-mahaiko kide izatea egokitu zaien eta, izatekotan, zer kargu duten. Era berean, prozedura horren bidez honako informazio hau edukiko dute eskuragarri balizko boto-emaileek: identifikazio-datuak, botoa ematera zein hauteslekutara joan behar duten, hautesbarrutia, hauteskunde-atala eta mahaia.

 

IRUÑEKO HAUTESLEKUAK ETA HAUTESKUNDE-MAHAIAK


•    Hizkuntza Eskola Ofiziala: 7 mahai
•    San Francisco IP: 11 mahai
•    Vázquez de Mella IP: 7 mahai
•    Gurutzeko plazako BHI: 11 mahai
•    Blanca de Navarra IP: 8 mahai
•    Biurdana BHI: 9 mahai
•    José María Huarte IP: 16 mahai
•    Ermitagaña IP: 23 mahai
•    Iturrama IP: 22 mahai
•    José María Iribarren IP: 8 mahai
•    Azpilagaña IP: 12 mahai
•    Nicasio Landa IP: 4 mahai
•    Amaiur IP: 12 mahai
•    Hegoalde IP: 17 mahai
•    Víctor Pradera IP: 9 mahai
•    María Ana Sanz II: 8 mahai
•    Bernat Etxepare IP: 7 mahai
•    Doña Mayor de Navarra IP: 13 mahai
•    Cardenal Ilundáin IP: 9 mahai
•    Rochapea IP: 8 mahai
•    Patxi Larrainzar IP: 21 mahai
•    San Jorge IP: 14 mahai
•    Elorri IP: 14 mahai

 

2019KO HAUTESKUNDE OROKORRAK


Iruñeari dagozkion datuak, Estatistikako Institutu Nazionalak bidalitako erroldaren arabera:

•    Hautesleak, guztira: 151.472
•    Mahaiburuak, guztira: 810
    (titularra eta bi ordezko barne)
•    Mahaikideak, guztira: 1.620
    (bi titular eta lau ordezko barne)