Oso eztei-oturuntza berezia da Txarriboda, Hika Teatroak Antzerki Aroa zikloaren barruan Iturramako Civivoxean taularatuko duen antzezlana

Oso eztei-oturuntza berezia da Txarriboda, Hika Teatroak Antzerki Aroa zikloaren barruan Iturramako Civivoxean taularatuko duen antzezlana
Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude 8 euroan www.pamplonaescultura.es eta www.pamplona.es webguneetan eta Civivoxetan
Antzerki aroa

 

Txarriboda da Hika Teatroak ostiralerako proposatzen duen lana, kabaret-kontakizun basatia, non itxurak zein jakinduriak araua hausteko bide ematen baitute, oso pertsonaia bereziak dituen ezkontza bitxi batean. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude 8 euroan www.pamplonaescultura.es eta www.pamplona.es webguneetan eta Civivoxetan.
 

Mireiak eta Imanolek bikote ezin hobea osatzen dute. Gaur ezkontza-eguna dute eta pozez gainezka daude. Zeremonia egin da, eta emaztegaiaren aitak –Patxi Bilbao Ipertrolako handi-mandiak– antolatu eta ordaindu du eztei-oturuntza, festa benetan handia. “Gaur txerrien antzera jan, edan eta dantza egitea nahi dut!”. Hitz horiekin eginen die harrera aretoa mukuru betetzen duten gonbidatuei. Guztiak bertan daudela dirudienean, ordea, Txusa azalduko da, gizon gorputzean bizi den emakumea.
 

Txusa Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara. Emakumea atsegin du eta aukera polita iruditu zaio Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta bere aitarena gainditu ahal izateko. Baina ezuste hau beste askoren hasiera besterik ez da izanen, eta ezkontza behar zuenak “txarriboda” izaten amaituko du. Obraren idazlea eta zuzendaria Agurtzane Intxaurraga da, eta antzezleak Sandra Fernández Agirre, Patxi González, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta  Iñaki Maruri.
 

Antzerki engaiatuko hiru hamarkada

HIKA Teatroa Donostiako konpainia bat da, eta ia hiru hamarkadako ibilbidea du agertokietan.  Agurtzane Intxaurraga zuzendari-lanetan aritzen denean, ekoizpenek izaera sozial nabarmena izaten dute, eta beti saiatzen dira ikusleengan zalantza sortzen etengabe. Ikuskizunek eszenografia minimalista eta kontzeptuala dute, istorioak oso modu poetikoan kontatzen dira, estetika nabarmenduz, non musika eta argia oso garrantzitsuak baitira. HIKA Teatroaren proiektu guztiak euskaraz sortzen dira, konpainiak gaztelaniazko bigarren bertsio bat eskaini ohi badu ere, lanak nazioan eta nazioartean bultzatu eta aurkezteko.
 

Hika Teatroaren lan-ibilbidean zehar, hainbat sari jaso ditu konpainiak antzerki-muntaketengatik. Gau arabiarra antzezlanak muntaketa eszenikorik onenari emandako saria jaso zuen Haroko Garnacha Jaialdian, 2015ean, eta urte berean euskal ekoizpenik onenari emandako Ercilla saria lortu zuten. Antzezlanaren protagonista Itziar Ituñok eta Agurtzane Intxaurragak aktore protagonista eta taldeko aktorerik onenari emandako sariak lortu zituzten, hurrenez hurren, Errioxako Garnacha Antzerki Lehiaketa Nazionalaren XVI. edizioan. Aitarekin bidaian, Groau!, Ixa eta Ai, ama! lanekin euskarazko testurik onenari emandako MAX saria lortu zuten 2010, 2005, 2004 eta 2003an, hurrenez hurren.