Osasuna Klub Atletikoak hasiera eman die 2023ko sanferminei, Luis Sabalza presidenteak eguerdian jaurtitako txupinazoarekin

Osasuna Klub Atletikoak hasiera eman die 2023ko sanferminei, Luis Sabalza presidenteak eguerdian jaurtitako txupinazoarekin
“Ez dugu amore emanen. Aupa Osasuna!” baten bidez, Sabalzak keinu egin dio klub gorritxoaren egungo egoerari
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

2023ko sanferminak gaur eguerdian hasi dira, Luis Sabalza Osasuna Klub Atletikoko presidenteak jaurtitako txupinazoarekin. Iruñeak horrela aintzatetsi nahi izan ditu hala egindako denboraldia nola klubaren mendeurrena. 2020an egin zituen ehun urte, baina ezin izan zuten handitasunez ospatu pandemia zela eta. Txupinazoak 204 festa-orduri hasiera eman dio, zeinetan 542 jai-ekitaldi programatuta baitaude, uztailaren 14ko gauerdira arte.

Eguerdia baino minutu batzuk lehenago, tinbalariak Udaletxeko lehen solairuko balkoira atera dira sanferminak berehala hasiko zirela iragartzeko. Handik gutxira, bigarren solairuan balkoi nagusiko ateak ireki dira. Luis Sabalzak Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea izan du lagun udaletxeko balkoian, txupinazoaren unean. Atzean, klubaren eta zale guztien ordezkari gisa, Jagoba Arrasatea Osasunako entrenatzailea eta David García, Unai García, Kike Barja eta Jon Moncayola jokalari gorritxoak izan dira.

Salbalzak ohiko hitzak esan ditu: “Pamplonesas, pamploneses, Viva San Fermin. Iruindarrak, Gora San Fermín”, eta jarraian “No nos rendiremos (Ez dugu amore emanen). Aupa Osasuna” esan du. Bigarren suziria Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak jaurti du, eta ondoren, beste suziri batzuen metxa piztu dute Jagoba Arrasatek eta Unai eta David Garcíak batera, eta Kike Barjak eta Jon Moncayolak ere batera. Txupinazoa jaurti den solairuko aretoan Braulio Vázquez kirol-zuzendari gorritxoa eta José Antonio Prieto ‘Cata’ idazkari teknikoa ere izan dira.

Osasuna Klub Atletikoak bigarren aldiz jaurti du gaur sanferminetako txupinazoa bere ehun urte luzeko historian. 2000. urtean lehen taldea Lehenengo Mailara igo izana aitortu nahi izan zen, eta aurten, bi hamarkada geroago, gizonen lehen taldeak egin duen denboraldi historikoa ospatuko da –zazpigarren geratu da eta Errege Kopako finala jokatu du–, baita gizon zein emakumeen gainerako talde gorritxoek egindako kirol ibilbidea eta lana ere. Festen hasierako metxa piztu ondoren, ohiko brindisa egin da Udaletxeko Harrera Aretoan. Bertan, bai alkateak bai Osasunako presidenteak sanfermin zoriontsuak nahi izan dituzte hirian gozatuko duten pertsona guztientzat.

Milaka lagunek jarraitu ahal izan dute txupinazoa zuzenean Udaletxe plazan bertan, eta baita jende asko biltzen duten hiriko lau puntutan ere: Gazteluko plazan, Antoniutti parkean, Foruen plazan eta Sarasate pasealekuan. Gutxi gorabehera 46 komunikabidetako 180 profesionalek udal-eraikinetatik –Udaletxetik eta Seminario etxetik– bizi izan dute sanferminen hasiera, Iruñeko Udalak akreditatu baititu, aurtengo txupinazoaren berri eman dezaten.

Agintariak, udal-ordezkariak eta gainerako gonbidatuak
Txupinazoan izan dira, hainbat agintari eta pertsona ospetsuren artean, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria; Javier Remírez Apesteguía lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria; José Mª Aierdi Bigarren lehendakariordea eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria; Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; José Luis Arasti Gobernuaren ordezkaria Nafarroan, eta Ignacio Cabeza del Salvador Kontuen Ganberako lehendakaria. Bertan izan dira ere Joaquín Galve Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria, Francisco José Briones Ruiz Defentsako ordezkaria, Francisco Germán Martínez komandante militarra, José Santiago Martín Guardia Zibilaren Komandantziako koronel burua, Juan Carlos Zapico foruzainburua eta José María Borja Polizia Nazionaleko buru nagusia.

Politikaren arloan, bost merindadeetako eta Iruñerriko ordezkariak bertaratu dira: Alejandro Toquero Tuterako alkatea, Xabier Alcuaz Tafallako alkatea, Marta Tiebas Lizarrako alkateordea, Lucía Echegoyen Zangotzako alkatea, eta haiekin batera, Alex López Orkoiengo alkatea, María Lecumberri Barañaingo alkatea, Félix Remírez Berriobeitiko alkatea, Berta Arizkun Burlatako alkatea, Xuriñe Peñas Eguesibarko alkatea, Rafael Ansó Zizurreko Zendeako alkatea eta Mikel Oteiza Atarrabiako alkatea. Halaber, Enrique Maya Iruñeko alkate ohia eta Yolanda Barcina eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak ere han izan dira, baita Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden taldeetako kideak ere. Zehazki, José Javier Esparza, Ramón Alzórriz, Laura Aznal, Javier García eta Begoña Alfaro, besteak beste.

Hezkuntzaren eta enpresaren arlotik, honako hauek joan dira Udaletxera: María Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Javier Taberna Merkataritza Ganberako lehendakaria eta Susana Labiano AMEDNAko lehendakaria. Ez dute hutsik egin, ezta ere, iaz txupinazoa jaurti zuen Juan Carlos Unzuék, festak iragartzen dituen kartelaren egile Raúl López Martínek eta hainbat eta hainbat aldiz sanferminetako zezen-ferian toreatu duen Juan José Padilla toreatzaileak.

Erraldoiak eta buruhandiak, haurrendako guneak eta Bezperak
Txupinazoaren eta Foruen plazako folklore jaialdi tradizionalaren ondoren, festetako lehen arratsaldeak batez ere haurrak eta gazteak izanen ditu ardatz. 17:00etan Erraldoi eta Buruhandien konpartsa autobus-geltokitik aterako da, eta hiriko erdigunean barna ibili. Aurten hiru hilabete eskas baino ez dira igaro azken aldiz konpartsa ikusteko aukera egon zenetik. Izan ere, martxoaren amaieran atera ziren, Iruñeko Hiri Gorpuztua Interes Kulturaleko Ondasun Ez-material deklaratu izana ospatzeko.

Uztailaren 6ko arratsalde honetan ibilbide hau eginen dute: Bake plaza, Yanguas y Miranda k., Gartzia Ximenez k., Tutera k., Vínculo plaza, Sarasate pasealekua, San Ignazio etorb., Bergamín k., Arrieta k., Karlos III.aren etorb., Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua, Navas de Tolosa k., Arazuri Doktorearen pasealekua, Errekoleten plaza, O-ko Andre Maria plaza, Sanduandia k., San Lorentzo k. eta Kale Nagusia, Ezpeletaren jauregiaren atean agur esan arte.  Arratsaldez ere haurrendako guneak irekiko dira. Hauek Festak Hauek!, Askatasun plazan, 18:00etatik 21:00etara, eta JolastuBirjolastu, Taconera parkean, Larrainako eremuan, 17:30etik 20:30era.

Bezpera tradizionalak 20:00etan izanen dira, San Fermin kaperan. Francisco Pérez Iruñeko artzapezpikuak emanen du meza, eta bertan izanen dira Cristina Ibarrola alkatea eta Udalbatzako kideak. Katedraleko Musika Kaperak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretatuko dituzte Mendelssohnen Ritche mich, Gott, Mariano Garcíaren Domine ad adjuvandum eta Beatus vir, Aurelio Sagasetaren Dijo el Señor a mi Señor, Laudate Dominum eta Gloria et honore kantu gregorianoak, Remacharen Magnificat eta Gure aita herrikoia, besteak beste.

San Fermin eramanen duen lehen emakumea
Uztailaren 7an, ostiralarekin, San Fermin egunean, festetako lehen entzierroaren ondoren, santuaren omenezko prozesioa eta meza izanen dira, eta Udalbatzak Hiri Gorpuztuaren segizioan parte hartuko du. 09:55ean, Udalbatza Udaletxetik atera eta Andre Maria Katedralera joanen da, besteak beste, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, La Pamplonesa, txistulari, gaita-jotzaile, tinbalari, librea eta mazolariekin batera, Katedraleko Kabildoa jasotzera. Katedraletik, denak elkarrekin, San Fermin kaperaraino joanen dira, santua prozesioan ateratzeko Alde Zaharreko kaleetan barna.

Historian lehenengo aldiz, emakume batek santuaren irudia eramanen du. Miren Goñik eta beste 11 eramailek, seiko txandetan, San Fermin eramanen dute Alde Zaharreko kaleetan barna. Ohiturazko tradizioaren arabera, eramaile bakoitza bere postuaren jabe da, beste batzuen eskura jartzeko. Miren Goñik bere anaiaren postua hartuko du, duela urte batzuk bere aitak eta aitonak egin zuten bezala. Miren Goñik, 29 urteko barañaindarrak, unea “gogoz eta ilusioz” biziko duela aitortu du, eta prozesioa “barrutik” gozatzea espero du, “urte askotan kanpotik ikusi ondoren”. Une hori bere anaia Manuel Goñirekin eta bere osaba Jesús Mari Goñirekin partekatuko du, baita santuaren gainerako eramaileekin ere: José Manuel Calavia, Fermin Martínez, Iñaki Górriz, David Zandueta, Juan Manuel Martínez, Íñigo Moral, Óscar Moral, Ángel Yanguas eta Carlos Solchaga. 

Prozesioaren ibilbidean zehar, ohiko uneak emanen dira. Adibidez, Canta et Yantaren jota, Quieren todos cantar, San Anton eta Taconera kaleen elkargunean; Glorioso San Fermín jota, Kontseiluko plazan, Txantreako Santiago abesbatzaren eskutik; San Zerningo putzutxokoa, zeinetan loreak jartzen baitira santuaren idulkian, Agur Jaunak entzuten den bitartean, eta Artearen Adiskideen jota, Kale Nagusian. Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko erregelamenduaren eranskinetan jasota dago, 1591n, Fernando de Rojas apezpikuak santuaren prozesioa uztailaren 7ko goizean finkatu zuela behin betiko.

Aurreikuspenen arabera, meza 12:00etan hasiko da, San Fermin kaperan, behin santuaren irudia itzuli eta gero. Meza Francisco Pérez Iruñeko artzapezpikuak eta Katedraleko Kabildoak emanen dute, eta Iruñeko alkatea eta Udalbatzako kideak izanen dira bertan. Katedraleko Musika Kapera arduratuko da musikaz, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin eta Iruñeko Orfeoiarekin elkarlanean. Julián Ayesa izanen da organo-jotzailea. Besteak beste, honako hauek entzuten ahalko dira: Deissen Pueblo de Reyes, Haydnen Vollendet ist das grosse Werk, Vivaldiren Gloria in excelsis, Aurelio Sagasetaren Salmo responsorial eta Alleluia, Gure Aita edo G. Fauréren Cantique de Jean Racine.

 

¿Te ha sido útil esta página?