Osasun-krisialdiak iraun bitartean pasadizoko jendeari ostatu emateko prestatu den Jesus eta Maria udal-aterpetxea ia beteta dago

Osasun-krisialdiak iraun bitartean pasadizoko jendeari ostatu emateko prestatu den Jesus eta Maria udal-aterpetxea ia beteta dago
Udalak baztertuta geratzeko arriskuan daudenei ostatu emateko beste baliabide batzuk bideratu ditu, hala nola Andre Maria Laguntzakoaren egoitza eta hainbat ostatu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Compañía kaleko Jesus eta Maria udal-aterpetxean pasadizoko 34 lagun daude uneotan, osasun-krisialdia dela medio ezin baitute kalean egon. Zifra horrek gorabeherak izaten ditu egunez egun, baina laguntza-baliabide hau ia beterik dago joan den martxoaren 24an ireki zenetik. Aterpetxe honen erabiltzaileak turistak eta Donejakue Bidea egiten duten erromesak izan ohi dira, baina orduan, foru-araudiaren babespean, funtzioak berregituratu eta etxerik gabeko pertsonak hartzeko bideratu zuten, aldi baterako, horrela laguntzeko Covid-19 koronabirusaren hedapenari aurre egiten. Ana Elizalde Iruñeko jarduneko alkateak instalazioetara bisita egin du gaur goizean, ematen ari den zerbitzua eta egoiliarren beharrak bertatik bertara ezagutze aldera. Bisitan lagundu diote Maria Caballero Gizarte Zerbitzu, Komunitate Ekintza eta Kiroletako zinegotziak, Olivia Elizari Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak eta Txus Labarga Iruñeko Udaleko harrera programen arduradunak.

Baliabide hau bazterketa-egoera handian dauden pertsonei bideraturik dago zehazki. Pertsona horiek –gizonezkoak gehienak– kalean bizi dira eta bide publikoan eman ohi dute gaua, esate baterako kutxazainetan, zubietan edo abandonaturiko eraikinetan. 40 toki dituen aterpetxe hau Trinitariosko ibiltarien zentroaren egitekoa indartzeko prestatu zuten, bertako 40 plazak dagoeneko beterik zeudelako alarma-egoera dekretatu eta konfinamendurako zein bakartze sozialerako jarraibideak eman zirenean. Guztira, bi baliabide horiek batuta, Udalak 80 leku ditu bazterketa handian dauden pertsonentzat, eta leku gehiago ere lor litezke beharrezkoa izanez gero. Xilema Fundazioa, irabazi-asmorik gabeko entitatea, arduratzen da gune horiek kudeatzeaz; izan ere, eskarmentua du zaurgarritasun handiko egoeretan daudenei –horien artean etxerik gabekoei– arta eman eta lagun egiten. Guztira, 20 profesional ari dira erabiltzaileekin lanean egunez egun, gizarte- zein hezkuntza-laguntza ematen, asteko 7 egunetan, 24 orduetan.

Maskotak baimenduta

Etxerik gabeko pertsonen kolektiboak baditu berezko ezaugarri batzuk, eta laguntza- eta ostatu-zerbitzuei uko egin ohi die. Horrez gain, kasu batzuetan, maskotak dituztenez, ezin dira aterpetxeetan edo egoitzetan sartu. Hori ez dadin izan udal-baliabideetako ostatu-zerbitzuari uko egiteko arrazoia, txakurrendako hiru kaiola paratu behar dituzte Jesus eta Maria aterpetxean. Soldadurako Lantegi Eskolak egin ditu eta eraikineko patioan jarriko dituzte. Trinitariosko aterpetxean baziren dagoeneko halakoak, animaliak eduki eta bazterketa egoeran daudenak hartu ahal izateko.

Jesusn eta Maria aterpetxeak ematen duen ostatu-zerbitzua osatzeko, erabiltzaileek aukera dute udal-jantokia ere erabiltzeko, zeinak osasun-krisiaren ondorioz % 30 bazkari/afari gehiago banatzen baititu.

120 lagunek baino gehiagok erabiltzen dituzte Udalaren ostatu-zerbitzuak

Alarma-estatua dekretatu zenean, Iruñeko Udalak baliabide-sorta bat jarri zuen martxan baztertuta egoteko arriskua edo etxebizitza-arazoak zituzten pertsonen zein familien beharrei erantzuteko. Etxerik gabeko pertsonendako bi aterpetxe horiez gain, Andre Maria Laguntzakoaren komentu zaharreko egoitza ere prestatu dute, Txantrean, guraso bakarreko familia-unitateendako egoitza gisa. Uneotan bost familia daude bertan, guztira 15 lagun. Bertan 12 udal-hezitzailez osaturik lantalde profesional bat ari da lanean, familiei lagun egiten eguneko 24 orduetan.

Halaber, Udalak hitzarmenak sinatu ditu beste hiru ostaturekin, zeinak Foru Agindu bidez jasota eta akreditaturik baitaude, adingabeak dituzten familiak, seme-alabarik gabeko bikoteak edo etxerik gabe geratu direnak horietan hartze aldera. Zehazki, Eslava, Leyre eta Olga ostatuetara ari dira halako kasuak bideratzen. Guztira 31 pertsona hartu dituzte establezimendu horietan, eta nahiz eta kasu gehienak modu indibidualean jo duten baliabide honetara, badaude, baita ere, lau familia-unitate. Bestalde, Iraizoz etxeko Paderborn aterpetxea ere etxebizitza-premia duten pertsonendako prestatu dute. Edonola ere, oraingoz, ez da bertara kasurik bideratu.

Laguntza-baliabideekin bezala, Covid-19 koronabirusaren pandemiaren hedapena dela-eta, Udalak gizarte-laguntzak ere sendotu ditu, pandemiak eragindako ondorio sanitario, sozial eta ekonomiko larriak arintzea xede harturik. Horri lotuta, alarma-egoera dekretatu zenetik biziki egin dute gora Udalaren larrialdietarako laguntza-programara zuzendutako eskaerak, etxe-alokairuaren eta elikagaien gastuak estaltzera batez ere bideratuak. Eskaerek % 60 egin dute gora hilabete eskasean, eta hori urte osokoari estrapolatuz gero, gastuak milioi bat euroan eginen luke gora.

 

¿Te ha sido útil esta página?