Aurten ere, Iruñeko Udalak bat egiten du martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Egunak dakarren gizarte-aldarrikapenarekin, mahai-inguruak, solasaldiak, antzerkia, zuzeneko irratsaioa, haurrendako zaku-lasterketa, erakunde-ekitaldiak eta mobilizazioak dituen programa baten bidez. Jarduerak martxoaren 1etik 11ra izango dira, Orain inoiz baino gehiago, bultzada feminista, pauso bat ere ez atzera! lelopean, Nafarroako hogei bat herritako berdintasun-teknikariek adostuta.
Leloarekin batera, 2019. urte honetako kanpainako kartelak ikurra den Kanagawako olatu handiaren aldaera erakusten du, feminismoari atxikitako koloreez diseinatu dena. Irudiak olatua ikurtzat hartzen du indar eta mugimendu geldiezina den aldetik, mugimendu feminista bezala. Kartelaren diseinua Myriam Cameros irudigile iruindarraren esku izan da.
Patricia Perales zinegotziak eta Zaloa Basabe Berdintasuneko udal-teknikariak jarduera-programa aurkeztu dute, Iruñeko Udalak aldarrikapenerako gizarte-data den martxoaren 8a gogoan hartzeko antolatuta. Programazio horrek mugimendu-, memoria- eta ahalduntze-kontzeptuak eduki nahi izan ditu ardatz jardueretan, eta horiek herritar guztiei bertan parte hartzeko deia egin ahal diete, adin ezberdinei zuzendutako jarduerak antolatu baitira.
Hasteko, solasaldia, mahai-ingurua eta antzerkia
Programazioa ostiralean, martxoak 1, hasiko da, Calderería aretoan (Calderería k., 11) izango den solasaldiaz, 18:00etatik aurrera: bertan hiru emakumek beren esperientziak kontatuko dituzte ziklo-bidaiari aritu diren aldetik. Bizikumeak – Mujeres en Bici elkartearen eskutik, ekimen batzuk ezagutaraziko dira, taldean bidaiatzeko –Marruecos BBt Girls, adibidez–, bakarka egiteko edo, Dravet Tour 2018 bidaian bezala, bizi-bidaia haurrei egokitzeko eta horrela gainera beraiekin bidaiatzen ziren neskatoak, Dravet sindromedunak, ikustarazteko. Hortxe bertan, Calderería aretoan, asteartean, martxoak 5, memoria historikoa eta genero-ikuspegia izango dira hizpide. Mahai-ingurua 18:30ean izango da, bertan Amaia Kowasch Velasco ikertzailea, Gemma Pierola Narvarte historialaria eta Marta Brancas Escartin kazetari zein historialaria izango direlarik.
Martxoaren 6an, asteazkenarekin, aldarrikapena iritsiko da euskarazko sei bakarrizketatik, Nafarroako Antzerki Eskolan, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena kazetari gipuzkoarren eskutik. Estereotipoak, amatasuna, gorputzak... horra aurreiritzizko gaiak eta ideiak, ironiaz eta umorez helduta, bertaratuen irribarrearen bila. Emanaldi hau martxoaren 8ko programazioaren zein IrriZiklo Hamaika 2019 euskarazko umore-zikloaren barruan dago. 20:00etan hasiko da, eta sarrerak euro 3 balio du.
Erakunde-ekitaldia eta haurrendako zaku-lasterketa
Martxoaren 7an, ostegunarekin, 12:00etan, erakunde-ekitaldia izango da Udaletxe plazan, herritar guztientzat, eta bertan hogei bat tokiko erakundek adostutako eta astelehenean Lehendakaritza Batzordeak onetsitako adierazpena irakurriko da. Bertan, Iruñeko Udalak berretsi egiten du emakume eta gizonen arteko benetako parekotasunaren aldeko politika publikoak bultzatzeko udal-konpromisoa.
Udalak hainbat konpromiso hartzen ditu: “berdintasunaren aldeko legeak eta politika publikoak sustatzen jarraitzea tokiko erakundeetatik”; “emakumeen errealitate zehatzak ikusarazten jarraitzea”; eta, halaber, “egun indarrean jarraitzen duten desberdintasun-adierazpen guztiei dagokien neurria ematen jarraitzea”. Era berean, adierazpenak honako nahi hauek jasotzen ditu: “emakume eta gizonen arteko ezberdintasun-egoera guztiak gainditzeko jarduketak ezartzea”; eta “mugimendu feministari laguntzea bere borroka eta eskaeretan”.
Egun horretan bertan, arratsaldean, 17:30ean, Sarasate pasealekuan haurrendako zaku-lasterketa egingo da, Pauso bat ere ez atzera! lelopean, kanpainaren leloaren ildo berean. Horrela haurrei ere irekitzen zaie programazioa, horiek ere parte hartu ahal izateko. Proba hau 5 – 12 urte bitartekoentzat dago zuzenduta, eta Sarasate pasealekuan bertan izena eman ahalko dute.
Mobilizazioa, irratia zuzenean eta zinema
Martxoaren 8an, ostiralarekin, Emakumeen Nazioarteko Egunean, mobilizazioa izango da, 19:00etatik aurrera, Golem Baiona zinematokiaren inguruan. Mugimendu feministak antolatuta, herritarrei ekitaldi batean parte hartzeko dei egiten zaie, Orain inoiz baino gehiago, bultzada feminista, pauso bat ere ez atzera! lelopean.
Martxoaren 9an, larunbatarekin, lau emakume uhinez jabetuko dira, zuzeneko irratsaioaz, 18:00etatik aurrera, Gaztediaren Etxean. Neskak oztopoak gainditzen da jarduera horren izenburua, eta bertan Ana Zabalzak, Laura Garcíak, Miriam Vicentek eta María Frutosek hartuko dute parte. Patricia Valle eta Julia Galán pedagogoek eta ATICA FM irratian boluntarioek –El Cofre del Capitán Morgan irratsaioan ohiko esatariek– gidatuko dute programa, eta gainontzekoen parte-hartzeak moderatuko dituzte.
Azkenik, martxoaren 11n, astelehenarekin, Iturramako Civivoxean Pago Justo film britainiarra proiektatuko da, Zinemako emakume heroiak zikloan. Saioa 18:00etan hasiko da, eta sarrera doan da, gonbidapena hartuta, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik. Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da, oraingoan emakumeari eta lanari buruz; izan ere, Dagenham-eko Ford lantegiko 200 jostunek beren soldata gizonenekin pareka zedin aldarrikatzeko antolatu zuten greba du ardatz filmak.
MARTXOAREN 8KO PROGRAMA
Martxoak 1, ostirala. 18:00. Calderería aretoa.
· SOLASALDIA: Emakumeak gurpilen gainean
· Bizikletaz bidaiatzen diren emakumeen hiru esperientzia
Martxoak 5, asteartea. 18:30. Calderería aretoa.
· MAHAI-INGURUA: Emakumeen memoria
· Memoria historikoa eta genero-ikuspegia Amaia Kowasch Velasco, ikertzailea; Gemma Pierola Narvarte, historialaria; Marta Brancas Escartin, kazetari eta historialaria
Martxoak 6, asteazkena. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola
· ANTZERKIA: Bakean dagoena bakean utzi. IrriZiklo Hamaika 2019
· Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai
· Sarrerak: 3 euro
Martxoak 7, osteguna. 12:00. Udaletxe plaza
· ERAKUNDE-EKITALDIA ETA MANIFESTUA IRAKURTZEA
Martxoak 7, osteguna. 17:30. Sarasate pasealekua
· HAURRENDAKO ZAKU-LASTERKETA: Pauso bat ere ez atzera!
Martxoak 8, ostirala. 19:00. Golem zinematokia
· MOBILIZAZIOA: EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA
Martxoak 9, larunbata. 18:00. Gaztediaren Etxea
· IRRATIA ZUZENEAN: Neskak oztopoak gainditzen
· Ana Zabalza, Laura García, Miriam Vicente eta María Frutos.
Martxoak 18, astelehena. 18:00. Iturramako Civivoxa
· ZINE-FORUMA: Pago Justo. Zinemako emakume heroiak zikloa
· Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapenak hartuta