Opera sentitu da Iruñeko Udaletxean Opera Out of Opera proiektu europarreko kideei eginiko harreran

Opera sentitu da Iruñeko Udaletxean Opera Out of Opera proiektu europarreko kideei eginiko harreran
Udalbatzak txalotu egin du lirika gazteengana hurbiltzeko proposamena, zeinean Nafarroako Ganbera Operak ere parte hartzen baitu
recepción ópera


Alemania, Italia, Frantzia, Danimarka eta Nafarroako opera munduko 15 bat profesionalek bat egin dute gaur goizean Iruñeko Udaletxean, Udalbatzak, Enrique Maya alkatea buru zuela, Opera Out of Opera proiektu europarreko partaideei egin dien harreran.  Publiko gaztea arte honetara erakartzea, horixe du xede Europa Sortzailea-Kulturak finantzatutako eta Nafarroako Ganbera Opera ere partaide duen  eskualde arteko ekimen honek.  Asmo horrekin, bihar, larunbatarekin, Let’s Opera ikuskizuna eskainiko dute Baluarten. Proposamen berritzailea da, opera beste arte-adierazpen batzuekin uztartzen duena, hala nola, dantza, rap, musika gazte, argi, soinu eta irudiarekin, guztia teknologia berriez blaituta. Udalak babesa eskaini nahi izan dio ekimen berritzaileari eta sarrera doan izanen da.
 

Ikuskizuna Iruñera iristea Nafarroako Ganbera Opera proiektu horretako partaide izateari zor diogu nagusiki.  Izan ere, gerentea, Txema Lakunza, izan da Udaletxera etorri den segizio artistikoaren buru. Harekin batera, Mario Antonio Díaz Varas Salzburgoko  (Alemania) Mozarteum Unibertsitateko kantu-irakasleak, eta unibertsitate bereko Tomoko Aikawak eta Ayse Senogul eta Nuttaporn Thamatthi kantariek parte hartu dute. Horiez gain, ekitaldira etorri dira: Atenasko (Grezia) Art-On Petit Opera du Mond elkarteko Christos Delizonas eta Maria Charalambia Paparizou (Marita Paparizou) kantariak eta Erromako San Cecilia Kontserbatorioko ordezkari batzuk: Michelangelo Galeati musika-zuzendaria, Alessandra Sergi  eta Desiree Giové, Giacomo Nanni, Sangjin Jang y Chihiro Hachiya kantariak. Charalampos Sevozlidis proeiktuaren artista bisualak eta Eva Hess Thaysen ekimenaren gainbegirale eta Danimarkako Musikako Errege Kontserbatorioko irakasleak osatu dute Opera Out of Operaren ordezkaritza.
 

Erromatik Salzburgora Iruña eta Atenastik barna
 

Erakunde horiek guztiek landu dute, Bruselako (Belgika) AEC-Kontserbatorioen Europako Elkartearekin batera, Let’s Opera ikuskizuna. Erroma eta Atenasen erakutsi ondoren Iruñera dator, dimentsio anitzeko proposamena oinarri harturik, publiko gazteari arte-diziplina honen berri ematera. Nafarroako hiriburuan aritu ondoren, ikuskizuna Austriako Salzburgo hirira iritsiko da  martxoan.
 

Gaur goizeko topaketan, Enrique Maya Iruñeko alkateak proeiktu honetako partaideek eginiko ahalegina eskertu nahi izan du, irailaz geroztik ikuskizun eguneratu bat diseinatu eta lantzen aritu baitira operarik garrantzitsuenetan oinarrituta (Carmen, La Traviata, Rigoletto edo Xirula Magikoa). Horrez gain, aipamen berezia egin dio Nafarroako Ganbera Operari, hau baita Nafarroako konpainia batek Europa-Sortzailea programako proiektu batean parte hartzen duen lehen aldia.
 

Ekimenak  ikuspuntu moderno eta berritzailea ematen dio antzerki musikaleko genero honi, izan ere antzoki handietara mugatutako arte kultutzat baitugu.  Berez, bihar  Iruñean eskainiko den ikuskizunean hiriko musika- eta arte-entitate zenbaitek parte hartzen dute, hala nola, Iruñeko Gazte Orkestra, Nafarroako Unibertsitateko korua, Nafarroako Ganbera Operako korua eta dantza-taldea, KRUMP dantza-taldea, Iruñeko Joaquín Maya Musika Eskolako Perkusio-ikasgela eta Isusko rap-kantari nafarrak. Ildo horretan, Enrique Mayak azpimarratu nahi izan du “ musika-talde gazteei eta tokiko musikariei laguntzea garrantzitsua dela musika-joera berriak garatzeko eta gure hiriko musika-sorkuntza eta musika-taldeak hirian ez ezik gure mugetatik haratago ere ezagutarazteko”.  Hori horrela, Udalak babesa eskaini die tokian erroturik nazioartera zabaltzen diren gisa honetako arte-ekimen berritzaileei.

Ikuskizunak emanaldi bakarrean arte-estilo ezberdinak uztartzen ditu, baina ez hori bakarrik: teknologia berrien ekarpenari esker, ikusleek musika-programa osatzen duten ariak zein hurrenkeratan interpretatzea nahi duten bozkatu ahal izanen dute, telefono adimendunetarako aplikazio baten bitartez.  Proiektuaren izen bera duen ‘Opera Out of Opera’ app-ak bozketa-sistema bat du publikoak erabaki dezan operaz nola gozatu nahi duen. Bihar eguerdiko 12:00etan amaituko da botoa emateko epea. Botoa emateaz gain app-ak arien sinopsia eta horietako bakoitzaren libretoa eskuratzeko aukera ematen du,  bai eta entzuleen iruzkinak biltzekoa ere.

 

 

 

¿Te ha sido útil esta página?