‘Ongi etorri munduko festarik onenetara’; hori da Iruñeko Udalak festetan hiria bisitatzen dutenei helaraziko dien mezua

‘Ongi etorri munduko festarik onenetara’; hori da Iruñeko Udalak festetan hiria bisitatzen dutenei helaraziko dien mezua
Kanpaina instituzionala, euskarri anitzetan eta eleaniztuna, QR kodeetan oinarritzen da, zeinek sanferminetako webgune ofizialera bidaltzen baitute
Irudia
Irudia
Irudia

‘Ongi etorri munduko festarik onenetara’. Hori da Iruñeko Udalak egunotan hirira heltzen direnei helarazi nahi dien mezua. Horretarako informazio-kanpaina handi bat prestatu du, euskarri anitzetan eta eleaniztuna, bai paperean argitaratua bai gailu mugikorren bidez eskuragarri dagoena QR kodeak baliatuta. 60.000 eskuorri inprimatu dira, baita paperezko banakako 70.000 mahai-zapi ere ostalaritza-establezimenduetarako diseinatuak, animazioak egin dira hiriko mupi digitaletarako eta sare sozialetarako Facebook, Twitter eta Instagramen SanferminesPamplona izeneko profilen bidez, eta 12 publizitate-hesi egin dira, hirira sartzeko ibilgailuendako sarbideetan kokatuta.

Halaber, nazioko zein nazioarteko bidaiarien beste hiru sarbide garrantzitsuetan –aireportuan, autobus-geltokian eta tren-geltokian– photocallak jarri dira, gaurtik aurrera erabilgarri egonen direnak, heltzen direnei harrera egiteko, eta bidaiariei gonbit eginen diete Iruñera heltzen diren momentu zehatza sare sozialetan partekatzeko #2022koSanferminak traola erabilita. Eta ‘Txupinazoaren trenak’ delakoek, zeinak uztailaren 6an bertan iritsiko baitira Bartzelonatik eta Madrildik, doako kit bat eskainiko diete bezeroei zapi gorri tradizionalarekin, edalontzi berrerabilgarri batekin eta Udalaren informazio-kanpainako eskuorriekin.

Udalaren hedapen-proposamenak sanferminetako zapi gorri bereizgarriaren irudiaren hainbat bertsio ditu ardatz. Kanpainaren leloa ‘Ongi etorri munduko festarik onenetara’ da, eta traola, #2022koSanferminak.

Ongietorria lau hizkuntzatan eta hainbat euskarritan

Hiriko bi geltokiek eta aireportuak dagoeneko prest dituzte photocallak, eta gaur goizetik aurrera heltzen direnek estreinatuko dituzte; espazio horretan bertan eskuorri zabalgarriak jasotzen ahalko dituzte, non jasota baitago programa ofiziala, festen esparruan eraso sexistei aurre egiteko informazioa eta informazio-eskuorri orokorra. Izan ere, hiru puntu horietan eta festetako hainbat eszenatokitan Iruñeko Udalak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez argitaratu dituen 60.000 eskuorrien aleak egonen dira. A4 neurriko eskuorri zabalgarria da, sanferminetako webgune ofizialera (www.sanferminespamplona.es) bideratzen duen QR kode batekin.

Gune digital horretan kontsulta daitezke programa ofiziala, entzierroan korrika egiteko aholkuak eta lasterketako bideoak, bisitariendako telefono interesgarriak, su artifizialen lehiaketan bozkatzeko formularioak zein sanferminetako historiari buruzko informazioa.

Udaleko Merkataritza eta Turismoko Alorraren aurreikuspenen arabera, 130.000 lagun autobusez helduko dira hirira festetan; beste 2.500, hegaldi erregularretan, eta 20.000 bidaiari, trenez. Zehazki, Renfek 27.500 leku gehigarrirekin indartu ditu Madril eta Bartzelonatik Iruñera datozen trenak uztailaren 5etik 14ra bitarte. Horrez gain, 6.420 lekurekin indartu dira Zaragozatik, Tuteratik, Gasteizetik eta Burgosetik datozen distantzia erdiko zerbitzuak, eta beste 2.790 lekurekin Andaluziatik etorri eta lotura duten distantzia erdikoak. Iruñera gidatzen etortzeko apustua egin dutenei ongietorri eginen diete hiriko sarbideetan 8x3 metroko 12 publizitate-hesik.

Gurekin jan

Iruñeko Udalak AEHN eta ANAPEH (Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkartea) ostalaritza-elkarteen eskura jarri ditu paperezko banakako 70.000 mahai-zapi, bai gaztelaniaz bai euskaraz, festetako bazkari eta afarietarako.

Kasu horretan mahai-zapian dagoen QR kodeak festen programa ofizialera bideratzen du, eta horrela, atseden-une horietan, bezeroak lasaitasunez kontsultatzen ahalko du Iruñeko Udalak egun bakoitzerako aurreikusi dituen kontzertuak, dantzaldiak eta haur eta gazteendako aisia-jarduerak.

 

¿Te ha sido útil esta página?