Onetsi dute autobus-geltokia irazgaizteko proiektua: 4,1 milioi euro beharko dituzte, eta 2026ko apirilerako amaitu beharko dituzte lanak

Onetsi dute autobus-geltokia irazgaizteko proiektua: 4,1 milioi euro beharko dituzte, eta 2026ko apirilerako amaitu beharko dituzte lanak
Geltokiaren emakida duen enpresak ordainduko ditu lanak, eta hirirako sarbide nagusietako bat egokitzea da helburua, sei urte baino gehiagoko atzerapena baitute lanek, eta hamar urte inguru dira itoginak dituztela



Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin du Iruñeko autobus-geltokia irazgaizteko proiektua: 4,1 milioi euro beharko dituzte, eta 10 hilabete izanen dituzte lanak amaitzeko. Proiektua onetsi ez ezik, Tokiko Gobernu Batzarrak Hiri Kontserbazioko Alorraren eskaera babestu du, eta beraz, sanferminen ondoren hasiko dira lanean. Ustiapenaren emakida duen enpresak ordaindu beharko ditu lanak, eta obra zuzentzeko kudeaketa ere bere gain hartu beharko du: Iruñeko Autobus Geltokia ABEE / Vectalia SA enpresak alegia.

Proiektuaren helburua da eraikinean dituzten hezetasun-arazoak eta itoginak behin betiko konpondu eta ura sartu dadin eragoztea: gutxienez 2015etik dituzte arazoak, eta urteekin egoerak okerrera egin du. Arlo horretan eskumena duten udal-alorrek beren ekarpenak egin dizkiote gaur onetsi duten dokumentuari, eta haien oniritzia du. Hirigintza, Proiektuak eta Mugikortasuna, eta Hiri Kontserbazioa dira alor horiek. Halaber, Vianako Printzea Erakundearen baimena du proiektuak, eta baimen hori nahitaezkoa da: izan ere, elementu gotortu batzuen gainean eginen dituzte lanak, eta Kultur Intereseko Ondasun izendatuta daude, bai eta Monumentu Historiko-Artistiko Nazional ere.

Akabo 10 urteko itoginak eta 6 urteko atzerapena epai baten betearazteko
Gaur goizean, Borja Izaguirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Patxi Iriarte Etxenike Hiri Kontserbazioko zuzendariak prentsaurreko bat egin dute orain amaituko den prozesua eta lanen nondik norakoak azaltzeko. Zinegotziak garrantzitsutzat jo du sei urteren ondoren auziari irtenbidea aurkitu izana Udalaren eskaerei eta enpresa emakidadunarekin eginiko negoziazioari esker. “Duela urte eta erdi iritsi ginen gobernura, eta ordutik, hau izan da gure lehentasunetako bat: auzi honen korapiloa askatzea eta hirirako sarbide nagusietako bat txukundu dadin lortzea”. Zinegotziaren arabera, “presazkoa” da lan horiek egitea, autobus-geltokiaren egoera “tamalgarria” baita. 2007an eraiki zuten, eta 38 milioi euroko inbertsioa egin behar izan zuten, baina 7 urteren buruan dagoeneko itoginak azaldu ziren. “Bada ordua kalte horiek guztiak konpontzeko”, adierazi du.

Urteetan ibili dira auzitan, eta 2018an eta 2019an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bi epai eman zituen, eta adierazi enpresak autobus-geltokia irazgaizteko erabili zuen materiala ez dela egokia azpiegitura horretarako, eta konponketak ez dituela Udalak ordaindu behar, akatsa ez baitzen hautatutako proiektuarena, lanen emakidadunarena baizik, lanak egin ziren moduarekin baitute zerikusia itoginek. Eraikuntza-lanak egin zituztenean, enpresak itsatsitako xafla iragazgaitzak hautatu zituen eraikina irazgaizteko, ez soldatzen direnak, eta beraz, lotuneetan ez dago jarraikortasunik.

Lehen urratsa, ura bideratzea
Geltokiko estalkia xafla berde handi bat da, eta egiturarekin batera tolesten da ingeniaritza militarreko obretan izan ohi diren defentsarako elementuen itxura emateko (glazisak, bide estalia, kontraezponda eta lubanarroa), eta hori guztia barruko bolumena osatzen duen egitura konplexuaren gainean dago. Lorategidun estalki bat da, eta Gaztelugibeleko belardiari jarraipena ematen dio.

 Iruñeko Autobus Geltokia Aldi Baterako Enpresa Elkartea / Vectalia SA enpresak eginiko azterketaren arabera, landarezko estalki horretatik sartzen da ura, xafla iragazgaitzak zeharkatzen ditu eta dilatazio-junturen zirrikituetatik eraikinera sartzen da, lurrazpiko hirugarren solairuraino. Halaber, kalteak jasan dituen harresia ez dago ondo irazgaiztuta, baina, diotenez, landarezko estalkia kentzen den arte ezin izanen da jakin arazoa zenbaterainokoa den.  Lubanarroetarako eskaileren aurrean 14.600 m2 belardi baino gehiago dago (ia 13.700 m2 glazisak dira), eta 228 m2 zolatuta daude.

Proiektu berrian jariatze-urak bideratzeko sistema bat diseinatu dute eremu horretarako: drainatze-hodiak jarriko dituzte alderik alde, diagonalean. Hala, hodi horietako bakoitzak eraikinera sartzen den ura bilduko du dagokion tokian, eta ur hori hustuko duen hodiraino eramanen du; beraz, ura ez da gainazalean hustuko. Proiektuan adierazi dutenez, gaur egun putzuak ez dira euri-uren ondorioz bakarrik sortzen, bai eta ureztatze hutsagatik ere.

Bigarren urratsa, lotuneak eta itxiturak irazgaiztea
Oraintxe bertan biribilkien arteko lotuneen 11.400 metro zigilatu gabe daude (flotatzaileak dira). Proiektua egiteko, lurrazpiko egituretan erabiltzen diren irazgaizte-sistemak aztertu dituzte, eta SBS moldatutako betunezko xaflak erabiliz eginiko sistema erantsi bat jartzea erabaki dute. Xafla horiek oreka egokia ematen dute lorategidun estalki intentsiboen kostuaren, errendimenduaren eta iraunkortasunaren artean. Hori egin ahal izateko, aurrez ureztatzeko sarea kendu eta lurra atera behar da eremu horretatik. Berriz jarri aurretik, optimizatu eginen dituzte bai ureztatzeko sarea eta bai lurraren osaera. Gainera, gaur egun dauden zuhaitzak babesteko plan baten arabera eginen dituzte lanak. Aipatutako sistema hori jarri ondoren, drainatzeko geruzak eta isolamendua jarriko dituzte, lorategidun estalki bati dagokion moduan, eta geruza horien gainean birziklatutako materialez eta belardia garatzeko behar beste mantenugaiz osatutako substratua botako dute.

Azkenik, kontraezpondaren eta glazisen artean dagoen harresia irazgaiztu beharko da, eta ongi itxitako xafla iragazgaitz berriak jarriko dituzte. Horrek esan nahi du harlangaitz-horma ia osorik kendu eta berriz jarri beharko dutela. Helburua da xaflak elkarri lotuta geratzea, eta harresi osoa modu jarraituan estaltzea, ertzak xaflarik gabe geratzen ez direla. Iparraldean ere bada beste harresi bat, eta ez dago irazgaiztuta; beraz, arazo hori ere konpondu beharko da. Modu egokian itxi beharko dituzte inguruak eta lotuneak, eta zulatutako materiala xafla drainatzaileekin ordezkatu beharko dute.

Geltokia zabalik egonen da lanek iraun bitartean
Aurreikuspenen arabera, lanek 10 hilabete inguru iraunen dute, eta Udalaren asmoa da sanferminen ondoren hasi eta 2026ko apirilean amaitzea. Udaleko teknikarien lana izanen da lanak hasten direla ziurtatzea (atzerapenik izaten bada, zigorrak ezartzen ahalko dituzte).
Printzipioz, autobus-geltokia ez dute itxiko lanak egiteko, ez osorik eta ez zati batzuk ere. Hiri Kontserbazioko zuzendariak azaldu duenez, mailaka kenduko dute lorategidun estalkia, eta hala, faseka eginen dituzte konponketak, azpiegitura horretan ematen diren zerbitzuek bere horretan jarrai dezaten.

 

¿Te ha sido útil esta página?