Onetsi da Iruñeko Udaltzain aritzeko bost plaza oposizio bidez betetzeko deialdia

Onetsi da Iruñeko Udaltzain aritzeko bost plaza oposizio bidez betetzeko deialdia
Halaber, beste deialdi bat onetsi da Udaltzaingoaren agente lehen aritzeko 13 plaza kategoria-igoerarako lehiaketa bidez betetzeko
Policía Municipal

 

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi ditu Iruñeko Udaltzain aritzeko enplegu publikoko deialdi bana. Bi deialdi onetsi dira; batetik, udaltzain aritzeko bost plaza oposizio bidez betetzeko, eta, bestetik, agente lehen aritzeko hamahiru plaza kategoria-igoerarako lehiaketa bidez betetzeko. Bi deialdietan izena emateko epea iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren irekiko da. 

Udaltzain aritzeko deialdiaren barruan, txanda irekiko bi plaza eta igoera-txandako beste hiru eskainiko dira, C mailako ordainsari-erregimenean. Txanda irekiko izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte: adinarekin, nazionalitatearekin eta gaitasunarekin lotutako ohiko baldintzak, Batxilergoko edo Bigarren mailako LH titulua, A2 eta B motako gidabaimenak indarrean edukitzea eta erantzukizunpeko adierazpen bat, armak eramateko, eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa adierazita. 

Deialdian jasotako plazen maila bereko edo baxuago bateko plaza batean lanean ari direnak aurkezten ahalko dira, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte: edozein administraziotako langile finko izatea, egiazki zerbitzua ematen 5 urtez aritu izana egiaztatzea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea. Nafarroako polizien edo Nafarroako Tokiko Polizien kide izanez gero, zerbitzua ematen 8 urtez aritu izana eskatzen da. Izena emateko tasa 15,30 eurokoa da.

Oposizioak bi fase edukiko ditu; lehena hautapen-fasea izanen da, eta honako proba baztertzaile hauek eginen dira: aurreikusitako gaitegiaren gaineko proba, proba fisikoa, proba psikoteknikoa eta medikoa. Bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditu beharko da. Proba teorikoak test motako 100 galdera izanen ditu, eta hiru erantzun posible. Gaitasun fisikoarekin lotutako probaren barruan ariketa hauek gainditu beharko dira: pisua jasotzeko probak, igeriketa, Barrow testa eta Course Navette testa. Gaitasun psikoteknikoaren proban izangaiek probak egin beharko dituzte lanpostuaren lanbide-profilaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtze aldera. Azkenik, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolarako plazak adjudikatu baino lehen, proba medikoak eginen dira.

Iruñeko Udaltzaingoaren agente lehenerako igoera
Iruñeko Udaltzaingoaren agente lehen aritzeko lanpostuak kategoria-igoerarako lehiaketa bidez betetzeko hamahiru plazak 2026rako aurreikusitako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen diren plazak dira. Bederatzi plaza barne-igoera txandan izanen dira, Iruñeko Udaltzaingoaren kideendako; beste lau plazak, berriz, igoera-txanda irekian izanen dira, ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako polizien kide direnendako. Plaza guztiak funtzionario araubidekoak eta C mailakoak dira.

Barne-igoera txandan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte: agente lehenaren lanpostuan gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea, lanpostuaz jabetu eta hortik aitzina; zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea, zein lanpostutatik igo nahi den hartan; eta Batxilergoko, Bigarren Mailako LHko edo horietako baten baliokidetzat jotzen den titulu bat izatea. Igoera-txanda irekiaren barruan, aipatu hiru baldintza horiez gain, udaltzainek berariazko beste baldintza hauek bete beharko dituzte: batetik, udaltzainaren lanpostuan hiru urteko antzinatasuna izan beharko dute, lanpostuaz jabetu eta hortik aitzina; eta bestetik, poliziaren lanpostura sartzeko oinarrizko prestakuntza ikastaroa –Nafarroako Segurtasun Eskolak emana– gainditu izanaren egiaztagiria edukitzea. 

Kategoria-igoerarako lehiaketa hiru fasetan eginen da: lehenengo fasea lehiaketa izanen da; bigarrena, proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak, eta, azkena, gaitzeko ikastaroa. Lehiaketaldian izangaiek alegatutako merezimenduen balorazioa eginen da, eta merezimenduek behar bezala egiaztaturik egon behar dute. Gehienez ere 82,50 punturekin baloratuko dira honako hauek: administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, polizia-eginkizunari lotutako prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa; hizkuntzak ezagutzea (euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana); eta esker-sariak. 

Proba-aldiak bi zati izanen ditu: lehenengoa test motako proba teoriko-praktikoa izanen da, lanpostuari buruzko eduki eta eginkizunei buruzkoa, eta bigarrena, proba psikoteknikoa. Gehienez 150 eta 70 puntu lortzen ahalko dira, hurrenez hurren. Proba-aldi baztertzailea izanen da, eta gutxienez 75 puntu lortu behar dira hura gainditzeko. Azkenik, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak igoerarako gaitzeko ikastaroa emanen die hautapen-prozedura gainditu eta bete beharreko plaza-kopuruan lekua duten izangaiei. Prestakuntza-ikastaroa gainditu beharrekoa izanen da; izan ere, izangaiek ikastaroko arlo guztiak gainditu beharko dituzte. Gehienez ere 250 puntu lortuko dira. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa hautapen-prozesu guztiaren puntuazioen batura izanen da. 

¿Te ha sido útil esta página?