Tokiko Gobernu Batzarrak enplegu publikoko deialdi bana onetsi du Ikastetxeetako Zerbitzuko burutzaren eta C mailako ikastetxeetako langileen arduradunaren plazak betetzeko. Ikastetxeetako Zerbitzuko burutzaren plaza bat txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez eskainiko da, eta beste plaza bat, txanda irekian, baina oposizio bidez, ikastetxeetako langileen arduraduna izateko. Aurreikuspenen arabera, 2026ko otsailetik aurrera hasiko da bi deialdien oposizioa.
Eskabideak aurkezteko epeak deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero hasiko dira. Epea hogei egun naturalekoa izango da, iragarkia argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira www.pamplona.es/eu udal-webgunearen bidez. Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 22,40 eurokoa da Ikastetxeetako Zerbitzuko burutzako B mailako plazarendako eta 15,30 eurokoa, ikastetxeetako langileen arduradunaren C mailako plazarendako.
Bi deialdietarako izangaiek ohikoak diren betekizun batzuk bete beharko dituzte: nazionalitatearena; adinarena; behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituen eginkizunetan aritzeko; eginkizun publiko horietan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea; eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ez egotea. B motako gidabaimena ere izan beharko dute. Ikastetxeetako zerbitzuko burutzaren plazarako titulu hauetako bat eskatzen da: Unibertsitateko gradudun titulua edo baliokidea Eraikuntzan, Arkitektura Teknikoan edo Eraikuntzaren Ingeniaritzan edo Ingeniaritza Industrialean, Ingeniaritza Mekanikoan, Industria Teknologietan edo Ingeniaritza Elektrikoan. Ikastetxeetako langileen arduradunaren plazarako Batxilergoko edo Bigarren Graduko LHko titulua izan behar da, edo horren baliokidea.
Ikastetxeetako Zerbitzuko burua
Ikastetxeetako zerbitzuko buruaren deialdiko lehiaketa-fasean 15 puntu banatuko dira. Izangaien lan-esperientziako merezimenduak oinarrietan ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira. Oposizioak bi proba izanen ditu; lehen probak bi atal izanen ditu: lehenik eta behin, test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, eta galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko; bigarrenik, idatziz eta ordenagailuz ebatzi beharko dira deialdian jasotako gaitegiari buruz proposatutako bi kasu praktiko. Garatzeko galderak izanen dira. 40 eta 30 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, eta puntuazioaren erdia lortu beharko da gainditzeko.
Bigarren proba gaitasun pertsonalen test bat izanen da. Nortasun orokorreko, lan-gaitasunetako edo trebetasuneko galdetegiak egin beharko dira idatziz, izangaiak plazaren gaitasun-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Izangai hauek soilik egiten ahalko dute bigarren proba: lehen probako kalifikazioak batuta guztizko puntuaziorik onena lortu duten 30 izangaiak. Bigarren proban gehienez ere 15 puntuko balorazioa emanen da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Ikastetxeetako langileen arduraduna
Ikastetxeetako langileen arduradunaren plaza betetzeko oposizioak bi proba izanen ditu. Lehenengoak bi atal izanen ditu eta egun bakarrean edo bi egunetan egiten ahalko dira. Lehenengo ariketan izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, eta galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko. Proba honetan gehienez ere 60 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak. Bigarren ariketan bat edo bi kasu teoriko-praktiko ebatzi beharko dituzte, ordenagailua erabilita. 40 puntutik 20 puntu lortzen dutenek gaindituko dute proba.
Bigarren proba gaitasun pertsonalen test bat izanen da. Nortasun orokorreko, lan-gaitasunetako edo trebetasuneko galdetegiak egin beharko dira, izangaiak plazaren gaitasun-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Izangai hauek soilik egiten ahalko dute bigarren proba: lehen probako kalifikazioak batuta guztizko puntuaziorik onena lortu duten 50 izangaiak. Bigarren proban 20 puntu emanen dira, eta gutxienez puntuen erdia lortu beharko dira.