
Tokiko Gobernu Batzarrak esparru-akordioaren lizitazioa onetsi du tokiko komunikabideen publizitate-espazioak erosi eta bertan Iruñeko Udalaren publizitate instituzionaleko kanpainak txertatzeko. Gehienez 600.000 euroko zuzkidura izanen du esparru-akordioak, baina indarraldia bi urtez luzatzen ahalko da.
Iruñeko komunikabideen komunikazio-ekintzak barne hartzen ditu lizitazioak; hala, gizarte-errentagarritasuna handiagoa izanen da herritarrek informazioa eskuratzeko orduan, eta modu eraginkorragoan proiektatu, barneratu eta hedatuko da informazio hori. Esparru-akordioak publizitate-espazioen kontratazio zuzenen baldintzak ezartzen ditu Iruñeko Udaleko iragarkiak eta komunikazio-produktuak prentsa idatziko, digitaleko, irratiko eta telebistako komunikabide pribatuetan txertatzeko.
Iruñeko egoera linguistikoaren berezitasuna aintzat hartzen du esparru-akordioak, eta horrenbestez, euskaraz informazioa jaso nahi duten herritarren interesei erantzuten die. 12 lote ditu lizitazioak, gaztelaniazko 4 eta euskarazko 8: aurrekontuaren % 80 informazio gehiena edo guztia gaztelaniaz argitaratzen duten komunikabideendako izanen da (480.000 euro); aurrekontuaren % 20, berriz, dena, gehiena edo zati bat euskaraz argitaratzen duten komunikabideendako (120.000 euro).
Komunikabideak hautatzeko, Iruñeko Udalak publizitate instituzionalaren printzipioak hartuko ditu kontuan, hau da, gardentasuna, efizientzia, eraginkortasuna, lehia askea eta diskriminaziorik eza. Halaber, esleitzeko irizpide hauek hartuko dira aintzat: komunikabide bakoitzaren audientzia egiaztatua, tarifetan eskaintzen diren beherapenak, hobekuntza-proposamenak eta irizpide sozialak.
Bateraezina da loteetako batzuetan parte hartzea
Egitura jakin bat dago hamabi loteak banatzeko, eta ondorioz, esparru-akordioak berariazko bi bateraezintasun barne hartzen ditu. Batetik, bateraezina izanen da enpresa berak eskaintza bereiztuak aurkeztea 1. eta 5. loteetara, betiere enpresa horrek informazio orokorreko egunkariak egunero argitaratzen baditu eta Iruñeari zuzendutako atal bat baldin badu edo hiriaren egunerokotasunaren berri ematen badu. Izan ere, 1. lotea gaztelaniazko prentsari dagokio eta bosgarrena euskarazkoari, eta arrazoi horregatik da bateraezina bi loteetan parte hartzea.
Bestetik, bateraezina izanen da enpresa berak eskaintza bereiziak aurkeztea euskarri bererako, bai edukien % 28 euskaraz eskaintzen dituzten komunikabideei zuzendutako loteei dagokienez (5., 6., 7. eta 8. loteak), bai eduki guztien % 3 euskaraz eskaintzen dituzten edo konpromiso hori bere gain hartzen duten komunikabideendako loteei dagokienez (9., 10., 11. eta 12. loteak).