
Tokiko Gobernu Batzarrak 2026, 2027, 2028 eta 2029 urteetarako onetsi du bideen eta Udalaren espazio publikoen zoladuren kontserbazio-lanak egiteko kontratuaren adjudikazioa. Construcciones y Excavaciones Erri Berri SL enpresa arduratuko da lanak egiteaz, eta kontratuak hiru lote barne hartzen ditu, guztira 8.100.000 euroan. Kontratua maiatzaren 1ean sartuko da indarrean, eta 2029ko apirilaren 30ean bukatuko da, bi urtez luzatzeko aukera barne hartuta.
Kontratuak bide-zoru eta zoladuren kontserbazio-lanak ditu ardatz, batik bat bide publikoetan, hiri-parkeetan, berdeguneetan eta, oro har, Iruñean dauden Udalaren espazio publikoetan. Mantentze-lanak dira, zoladurak (galtzadak eta espaloiak) berritu eta aldatzeko esku-hartze txikiak, baina baita inbertsio-jarduketak ere, guneari beste izaera bat emateko eta azpiegituraren balio-bizitza luzatzeko. Azken finean, kontratu misto bat da, batez ere zerbitzuak emateko, baina baita obrak egiteko ere.
Gutxi gorabehera 3 milioi metro karratu espaloi eta 4 milioi metro karratu galtzada daude Iruñean, baita azalera “berezi”-en 900.000 metro karratu ere; azken horiek ere kontserbazio-kontratuaren barruan daude.
Lanek hiru lote dituzte
Lehenengo lotea bi zatitan dago banatuta, eta 1.520.000 euroko urteko aurrekontua du osagai hauen mantentze-lanak egiteko: batetik, zoladurak, ahalik eta kalitate-mailarik handiena lortze aldera; bestetik, zoladurei erantsitako obra zibileko osagaiak, hala nola euste-hormak, eskailerak, arekak, ezpondak, orubeak etab. Oro har, esku-hartze horiek guztiak programatzen ahal dira, eta agerikoa da gauzatu beharreko lanak direla, batik bat oinarri hartuta egindako ikuskapenei esker zoladurei buruz eskuratutako datuak: esku-hartze horiek hiri guztian dauden lan-aginduen zerrendaren parte dira, eta kontratari jakinarazi zaizkio; horrez gain, herritarrek 010aren edo eskabideen bidez helarazitako kexen ondorioz sortutako beharren berri izan du kontratak.
Lotearen zati horrek berehala egin beharreko lanak barne hartzen ditu ere, hala nola bat-bateko kalteak, neguko bide-zaintzarekin lotutako arreta, bide publikoa garbitzeko lanak eta bide publikoko zoladuraren eta beste osagai batzuen aldian aldiko ikuskapena.
Halaber, loteak aukera emanen du hirugarren batek bide publikoan kalteak eragiten dituenean osagaiak ordeztu eta ondare-kalteak konpontzeko lanak egiteko, bai eta beste udal-alor batzuek obra zibilei dagokienez izaten ahal dituzten beharrei erantzuteko ere.
Lehenengo lotearen beste zatiak 900.000 euroko aurrekontua du urtean, eta inbertsio bidezko lanak barne hartzen ditu: besteak beste, hiriko elementuak berritzea, zabaltzea, modernizatzea eta hobetzea, betiere lan horiek osagaien gaitasuna eta errendimendua hobetzen eta haien balio-bizitza luzatzen badituzte.
Bigarren loteak 250.000 euroko urteko aurrekontua du eskulanak egiteko: peoi espezializatuek laguntza emanen diete lehenengo loteko mantentze-lanetako brigadei. Lote hori gizarteratzeko enpresei zegoen zuzenduta hasiera batean, baina bat berak ere parte hartu ez zuenez, lehenengo loteko adjudikaziodunak hartuko du bere gain.
Azkenik, hirugarren loteak 300.000 euroko aurrekontua izanen du urtean: arekak garbitu eta modu programatuan soiltzera bideratuta egonen da: enpresa adjudikaziodunak berezko dituen bitartekoak baliatzea ezinbestekoa izanen da, eta langileak ezin izanen dira subrogatu. Lan horiek hainbat aldiz eginen dira urtean, eta dagoeneko bi esku-hartze daude antolatuta, ekainean eta azaroan.