Tokiko Gobernu batzarrak astelehenean onetsi zuen 2023-2029ko Iruñeko Turismoko Plan Estrategikoaren kontratazioa. 55.055 euro inbertituko dira Nafarroako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez Next Generation EU Europako funtsekin finantzatuko den lizitazioan. Bost hilabeteko epea ezarri da lana gauzatzeko.
Planaren helburua da eragile publikoek, sozialek eta turismo arloak adostuta, testuinguru turistiko berrira, HTAren (Helmuga Turistiko Adimenduna) eskakizunetara eta Iruñeko Hiri Agendara nahiz hiriaren zeharkako politiketara egokituko den plangintza-tresna errealista eta lorgarri bat eskaintzea, aurreikusitako helburuak lortzeko baterako lana bermatze aldera.
2017an Iruñeko Udalak 2017-2019ko Iruñeko Turismoko Plan Estrategikoa onetsi zuen. Plana prestatzeko prozesuan bilera, elkarrizketa eta sektoreko lan-mahaietan parte hartu zuten turismo-sektoreko erakunde, elkarte, enpresa, gizarte-eragile eta profesionalen arteko talde-lanaren emaitza da plan hori. Plana osorik gauzatu ez bada ere, planaren berrazterketa eta egokitzapen estrategikoa egin beharra dago. COVID-19arekin sortutako egoera berria, helmuga turistikoen jasangarritasunerako eraldaketa eta Iruña HTA sarean sartzea, besteak beste, plan berrian kontuan hartu beharreko alderdiak dira.
2021eko abenduaren 16ko Osoko Bilkuran aho batez onetsi zen Iruñeko Hiri Agenda – 2030 Estrategian 57 proiektu estrategiko txertatzea, eta ‘Turismoko Plan Estrategikoa’ horietako bat da. Haren helburua da etorkizunean politika eta inbertsio publikoak gidatu behar dituzten ikuspegia eta ildo estrategikoak garatzea, baina aldi berean eta horietatik abiatuta, epe laburrean esparru operatibo bat garatzea, arreta berezia jarriz gobernantza- eta kudeaketa-gaietan eta turismo-produktuen garapenean. Lehentasunezko jarduketa koordinatu horiek guztiak abianpuntu bat izan daitezke hiriko turismoa herritarren eta tokiko ekonomiaren alde eraldatzeko.
Kudeaketa hobetzeko xedez, Iruñeko Udalak iazko ekainean HTA sarearekin bat egin zuen. Sare horrek kudeaketa-eredu estrategiko bat eskaintzen du, jarduera-turistikoaren erronka berriei hobeto aurre egiteko. 2022ko abenduan eskuratu zen diagnostikoa eta bertatik ondorioztatu zen “turismoko plan estrategiko bat” idatzi beharra dagoela.
Plana garatzeko hiru fase
Enpresa adjudikaziodunak bost hilabete izanen ditu lana hiru fasetan garatzeko: partaidetza- eta komunikazio-plana, diagnostikoaren eguneraketa eta 2023 – 2029ko Estrategia Turistikoa. Partaidetza- eta komunikazio-plana Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta maila handiagoko beste administrazio batzuen (MICOTUR, Segittur eta FEM), Iruñerriaren, Iruñea partaide den sareen (Donejakue Bideko Udalerrien Elkartea, Saborea España, Hiri Adimendunen Sarea, Helmuga Turistiko Adimendunen Sarea, Spain Convention Bureau, Vera Cruz Bidearen Udalerrien Nafarroako Elkartea), eta sektoreko eragileen eta herritarren arteko koordinazioa bermatuko duen lan-metodologia definitzeko hasierako fase gisa aurreikusten da.
Plan Estrategikoak arreta berezia jarribehar die eskaintzaren diagnostikoari, eskaerari, lehiakideei, merkatuaren joerei, eragile garrantzitsuei, azpiegiturei eta produktu turistikoei. Bigarren fasean 2017-2019ko Turismoko Plan Estrategikoaren esparruan egindako diagnostikoa eguneratuko da, eta turismoaren egungo egoeraren azterketa espezifikoa egingo da, HTAren zeharkako ikuspegiarekin, bost ardatzetan oinarrituta: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna.
Azken fasean estrategia turistikoa definituko da. Turismoko Plan Estrategiko berriak egoera berrian eskatzen ahal diren alderdietan eragin beharko du eta horiei erantzuten jakin. Gutxienez, honako alderdi hauek jaso beharko ditu: misioaren, ikuspegiaren eta helburuen definizioa, plangintza eta kudeaketa adimendunaren ikuspegitik; lortu nahi diren emaitzak ekarriko dituzten programa edo estrategia adostu moten deskribapena; HTA estrategiarekin lerrokatutako neurri espezifiko, neurgarri, lorgarri, garrantzitsu eta iraupen zehatzekoak garatzea; kudeaketa-eredua; , planaren helburuak lortzeko baliabideen kudeaketa eraginkorragoa ahalbidetuko duten giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen beharrak; eta plan berriaren ebaluazio-sistema, arriskuaren kudeaketa eta ekintza zuzentzaileen proposamena.