
Olaia Leitza Errazkin eta Alazne Untxalo Erregerena egileek irabazi dute Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketa. Lehiaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dute, eta guztira jatorrizko hamar lan aurkeztu dira A eta C kategorietan; 2008. eta 2011. urteen artean jaiotakoei zuzendutako B kategorian, berriz, ez da jatorrizkorik aurkeztu.
Otsailaren 5ean (osteguna), 18:30ean, sariak banatzeko ekitaldia eginen da Nafarroako Antzerki Eskolan, laster aurkeztuko den 2026ko Bertsoaroa programaren barruan. A kategoria 2012. urtean edo geroago jaiotakoei dago zuzenduta, eta Olaia Leitza Errazkinen Auzokideak lana izan da irabazlea; bigarren eta hirugarren sarituak, hurrenez hurren, Beñat Anbustegi Miuraren Euskararen eguna eta Asier Vizcay Arizen Asierren bertso magikoa izan dira. Hiru kultura-bonu jasoko dituzte, 150, 100 eta 50 eurokoak, hurrenez hurren.
C kategorian, 2007an edo lehenago jaiotakoenean, Alazne Untxalo Erregerenaren Lau haurridetan zaharrena lanak irabazi du lehen saria, hori izan baita Cesar Etxeberria, Nerea Bruño eta Jon Diaz de Mendibilek osatutako epaimahaiaren hautua. Bigarren saria Eider Azkoaga Gomezen Ezer (ez) lanak jaso du, eta hirugarrena Xabi Maia Etxeberriaren Erori ez den hori lanak. Kategoria honetan 1.500, 1.000 eta 500 euroko sariak eskuratu dituzte irabazleek.
Alazne Untxalo Erregerena (Ituren, 1981), C kategoriako irabazlea, bertsolaria da, eta Iturengo bertso-eskolan hasi zen bertsotan. 2015ean Xalto Nafarroako bertsolari gazteen sariketa irabazi zuen. Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu du, baita Bertsokabi eta Mariano Izeta sariketetan ere.
Aipatu moduan, Zizur Nagusiko Eider Azkoaga Gomezek irabazi du bigarren saria: hainbat sari literariotan parte hartu du, eta 2022ko Bertsopaper Lehiaketan saritua izan zen Erraietatik lanari esker. Xabi Maia Etxeberria (Elizondo, 1981), hirugarren sariaren irabazlea, 2009an hasi zen bertsotan Baztango bertso-eskolan, eta 2011z geroztik Nafarroako Txapelketan parte hartu du. Bi aldiz sailkatu da finalera: 2017an bosgarren geratu zen, eta 2019an zortzigarren. 2014an Bardoak txapelketa irabazi zuen, Lepatanatuak 2 lanagatik.
Bertsopaperak lehiaketak bertso bertsolaritza eta bertso idatziak sustatu nahi ditu. Nafarroakoak diren edo Nafarroan bizi diren bertsolariei zuzenduta dago. Lanek gai eta neurri librea dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaragabeak. Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, haien kabuz edo hirugarrenen bidez, saritutako lanak edozein bide eta modu erabilita argitaratzeko aukera izanen dute, lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean.
2025EKO BERTSOPAPERAK
• A kategoria: 2012. urtean edo lehenago jaiotakoak
o Olaia Leitza Errazkin, Auzokideak (150 euroko kultura-bonua)
o Beñat Anbustegi Miura, Euskararen eguna (100 euroko kultura-bonua)
o Asier Vizcay Ariz, Asierren bertso magikoa (50 euroko kultura-bonua)
• B kategoria: 2008tik 2011ra jaiotakoak (biak barne)
o Hutsik
• C kategoria: 2007. urtean edo lehenago jaiotakoak
o Alazne Untxalo Erregerena, Lau haurridetan zaharrena (1.500 euroko saria)
o Eider Azkoaga Gomez, Ezer (ez) (1.000 euroko saria)
o Xabi Maia Etxeberria, Erori ez den hori (500 euroko saria)