Arrotxapea auzoak oinezkoendako eremu berri bat estreinatu du. Iruñeko Udalak gaur goizean joan-etorrietarako ireki du Oscoz etxe-multzo zaharreko plaza, sei hilabetez berrurbanizatzeko obretan egon ondoren, 2020an eraitsitako hiru solairuko eraikin batek okupatzen zuen eremua erabat aldatu dutenak. Eremu horren berrikuntza integralak 336.000 euroko aurrekontua izan du, eta Lacunza Hermanos SL enpresak egin du.
Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak plaza berria bisitatu dute, Marcelo Celayeta etorbidearen, Joaquín Beunza kalearen eta Abaurregaina kalearen atzealdearen artean dagoena. Lanek espazioa biziberritu dute zuhaitzak dituen egonleku bat sortuz, zoladurak eta instalazioak berritu eta arrapala eta eskailera berriak sortu dituzte Joaquín Beunza kalearekiko plazaren desnibela gainditze aldera. Hormigoizko arrapala eta eskailera horien malda % 6koa da, hala, indarrean dagoen irisgarritasun araudira egokituz. Halaber, altzairu galvanizatuzko barandak instalatu dira joan-etorriak errazteko.
Plaza berriak erdigunean zuhaitz-eremu bat du, bertan egon eta atseden hartzeko, eta bizkarrik gabeko tarte bateko zurezko bost eserlekuz eta bizkarraldea duten hamaika eserlekuz hornituta. Zoladura berriak erresistentzia handiko hormigoizko pieza modularrak ditu, bi deseinurekin: alde batetik, hiru tonutako zoladura Joaquín Beunza kalearekin duen loturarako eta plazarako eta, bestalde, zuhaitzen inguruan, galtzada-harri drainatzailezko zoladura, dagokion ureztatze-sistemarekin.
Argiztapen berrirako horniduren zain
Horniduretan izan diren atzerapenek aurreikusitako argiztapen berria atzeratu dute. Behin-behinean, proiektuak islatzen zituenak ez bezalako luminaria batzuk instalatu dira, bertatik hurbil dagoen Joaquín Beunza kaleko modelo berekoak, behin betikoak heldu eta aldaketa egin bitartean. Plaza osatzeko farolei ainguratutako hiru paperontzi jarri dira. Espazioa Marcelo Celayeta etorbidearekin lotzeko altzairu galvanizatuzko mutiloien lerrokadura bat jarri da, plazara sartzea galarazteko.
Halaber, eremuko instalazioak berrikusteko eta egokitzeko aprobetxatu da, eraitsitako eraikineko konexioak kenduta. Kutxatilak eta hodiak sortu dira telefono eta argindarreko aireko azpiegiturak lurperatzeko, nahiz eta sareen lurperatzea ez dagoen sartuta proiektuaren barruan. Era berean, euri-urak biltzeko instalazioa berritu da bertan aurretik zeudenekin lotu den putzu berri baten eraikuntzaren bidez.
Iruñeko Udalak plazaren eraldaketa amaitu nahi du Esku Hartze Orokorreko Plan (PIG) baten bidez, inguruko zortzi atari birgaitu ahal izateko, energiari, estetikari eta irisgarritasunari dagokienez, inguruko gainerako urbanizazioaren ezaugarri berberekin integra daitezen. Esparru-hitzarmen bat dago auzotarren komunitateekin, zeinak dagoeneko aurkeztu baitituzte udal-finantzaketa eskuratzeko dagozkien proiektuak.
Esku-hartze hori 2005ean abiatu zen Oscoz etxe-multzoko eraikinak hartzen zuen eremua ‘gune zaurgarritzat’ jo zenean. Hiru solairuko higiezina 1917an eraiki zen eta plazan ‘trabatuta’ gelditu zen inguruko blokeak garatu zirenean. 2020ko irailean eraikina eraitsi zen, dagoeneko erabat hondatuta zegoena.