Oihalezko osagaien hizkuntzaren bidez egindako denboraren miaketa jasotzen du Ziudadelako Labean dagoen instalazio berriak

Oihalezko osagaien hizkuntzaren bidez egindako denboraren miaketa jasotzen du Ziudadelako Labean dagoen instalazio berriak
Berta Osés Suárez ‘Beruta’, Sandra Arróniz eta Maitane Azparren artistek diziplina anitzekoa eta oso kontzeptuala den lana jarri dute ikusgai, otsailaren 16a arte
hiru hari hori

Ziudadelako Labean, gaurtik otsailaren 16a arte, Hiru Hari Hori instalazioak sormen-proposamen bat mamituko du, oihalezko eskultura adierazpen-kode amankomun duten hiru artista batutakoan sortua. Berta Osés Suárez ‘Beruta’, Sandra Arróniz eta Maitane Azparren artistek, instalazio honetan, oihalaren hizkuntzak arakatzen dituzte, bai norberaren ikuspegitik bai ikuspegi amankomunetik, eta denbora ardatz dutela. Brodatuez, trokelatuez, korapiloez eta puntadez artistek orainaren zein iraganaren ikuspegia erakusten dute, nork berea. Hiru hari horiek amankomuneko etorkizun batera bideratzen gaituzte, sei eskuz sormen-prozesu murgiltzailean egindako eskultura nagusira.
 

Goizean, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak, hiru sortzaileek lagunduta, aurkeztu du toki berezi horretarako berariaz prestatutako erakusketa. Instalazioak toki horretan hartzen du zentzua; izan ere, aretoaren biribiltasunak hiru kronologia hauen batasuna indartzen du, eta, horrela, zalantzazko etorkizunaren irudikapenaz nahasten den iluntasunera amiltzen da ikuslea. Bisita gidatuak egitea aurreikusi da, bertaratuek, artisten eskutik, erakusketa honen sorrerako alderdi ezezagunak ezagut ditzaten. Halaber, sormen-prozesuan eduki zituzten kezkak eta pentsamenduak partekatuko dituzte.
 

Hiru sortzaileak

Sandra Arróniz Lacunza diziplina anitzeko artista kontzeptuala da. Gorputza da bere jardunaren ardatz nagusia, orainean zein utzitako zantzuan, hau da, jantzietan. Jantziak abiapuntu dituen haren jardunak eta ikerketak xede ditu gorputzaren luzapenak, ingurunearekiko harremana, itxuraldaketa inplizitua, edo berariazko une edo sentsazio baten emaitza dira. Artistaren lanak erakusgai egon dira Ingalaterra, Alemania, Sri Lanka, Errusia, Bilbo eta Iruñean.
 

Maitane Azparren artista plastikoaren lanak paperaren erabilera, eskalen desitxuratzea eta kolorerik eza ditu ezaugarritzat, eta giro etereoak lortzen saiatzen da haiekin, naturaren xehetasun txikienak jomuga hartuta. Oraingo honetan, erabateko aldaketa dakarkigu. Ehungintzako materialak eta teknikak erabilita, orain arte baliatutako teknikak baztertu gabe, obra zehatzagoa sortu du, non naturak bide ematen dien gizakiak ekoiztutako objektuei hura protagonista bilakatuta.
 

Azkenik, Beruta (Berta Osés Suárez) artista eta diseinatzailea da. Ikus-entzunezkoen esparrutik dator, eta, duela hamar urte baino gehiagotik, oihalezko eskulturak egiten eta argazkigintzan aritzen da gehienbat. Oihalaren adierazpen-gaitasuna eta emozioei eragiteko ahalmena arakatzea, horra bere jardunaren jomuga. Oihalera, muinetik, hurbiltzen da, materiala balizko esangura anitzeko dimentsiora eraman nahian. Piezek nortasuna, kidetasuna, berezitasuna eta fantasia dituzte ardatz. Donostian, Bilbon, Iruñean eta Moskun egin ditu erakusketak, eta 2018an Doll Art Pragan lehen saria irabazi zuen.

¿Te ha sido útil esta página?