Obrak esleitu dira Ziudadelako Arma Aretoa berokuntzaz hornitzeko eta beheko solairua eraberritzeko

Obrak esleitu dira Ziudadelako Arma Aretoa berokuntzaz hornitzeko eta beheko solairua eraberritzeko
Kontratua 293.677,89 euroan esleitu da, eta betetzeko epea hiru hilabetekoa da
Sala de Armas


Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du kontratuaren esleipena Ziudadelako Arma Aretoan berokuntza-sistema instalatzeko eta beheko solairua eraberritzeko. Berokuntzaren instalazioarekin batera, beste zenbait jarduketa gehiago eginen dira, hala nola beheko solairuko elektrizitate-instalazioa eraberritzea eta argiztapen berriaz zein altzariez hornitzea.

Zehazki, Arma Aretoko zoruan arituko dira, tenperatura baxuko igorgailuen bidez berokuntza-sistema behar bezala instalatu ahal izateko. Aireztapen artifizialeko sistema ere paratuko da, eraikinaren ezaugarriekin bat etorriko dena, eta aireztapen-sareak jarriko, fatxadetako leihoen goiko beiren ordez. Informaziogunea, errezelak eta egurrezko moduluak kenduko dira beheko solairuaren barneko aldean. Halaber, bi modulu berri eraikiko dira biltegia eta geroan kafea dastatzeko tokia izateko, eta sarreraren ondoan beirazko manparak ezarriko dira, etorkizunean proiekzio-areto txiki bat edo administrazio-gunea zedarritzeko.

Veolia Servicios Norte S.A.U. enpresari esleitu zaio kontratua, 293.677,89 euroan, hau da lizitazio-prezioko 296.644,81 euroak baino % 1 gutxiagoan. Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa da, eta bermea, bost urtekoa. Kontratua aurreko ekainean lizitatu zuten berriro, behin prezioak doitu eta eraikinaren kanpoko arotzeriaren jarduketa batzuk kendu ondoren, lehenbiziko deialdian hutsik geratu baitzen.

Arma Aretoaren beheko solairua topagune gisara ulertu da; izan ere, erakusketa-proposamenez gain era askotako jarduerak egiten ahalko dira bertan, hala nola arte- eta hezkuntza-jarduerak, jarduera sozio-kulturalak eta hiria sustatzekoak, Tokiko Gobernu Batzarrak aurreko astean hartutako erabakiaren ondoren.

¿Te ha sido útil esta página?