O-ko Andre Maria plazan sei kontzertu eginen dira, doan, ‘Kantu eta hitza’ zikloaren barruan, maiatzaren 16tik ekainaren 20ra

O-ko Andre Maria plazan sei kontzertu eginen dira, doan, ‘Kantu eta hitza’ zikloaren barruan, maiatzaren 16tik ekainaren 20ra
Lilo taldeak irekiko du zikloa ostegunean, 20:00etan, ‘Nora goazen jakin gabe’ taldearen lehen diskoaren abestiekin
Fitxategi

cartel

O-ko Andre Maria plaza izanen da berriz ere ‘Kantu eta hitza’ zikloaren agertokia. Zikloak euskarazko tokiko musika hurbilduko du sei kontzerturen bidez, maiatzaren 16tik ekainaren 20ra, ostegunetan, 20:00etan. Sei kontzertuetarako sarrera doan da, leku guztiak bete arte eta, euririk balitz, Descalzos kaleko Erraldoien Txokoan eginen dira.

Zikloa Lilo taldeak irekiko du maiatzaren 16an, ostegunarekin. Taldea 2020an sortu zen Iruñerrian María Mateoren (taldeko abeslaria) abestiei musika jartzeko, eta Pello Iturriak (bateria eta ahotsa), Oihane Gulinak (pianoa), Julen Hoyuelosek (gitarra), Nekane Iberok (gitarra eta baxua) eta Irama Oterok (gitarra) ere osatzen dute. Taldeak popa, rocka, indiea eta folka uztartzen ditu. Abestien letrak euskaraz dira gehienbat, eta askotariko gaiei buruzkoak. 

Lilo taldeak Nora goazen jakin gabe bere lehen diskoa argitaratu berri du, eta hainbat kontzertutan aurkeztu du, besteak beste, ‘Iruña Rock 2023’, ‘Estaciones Sonoras 2023’ eta ‘Enclaves 2023’ ekitaldietan eta bere instagrameko kontuan (@lilo_musika) iragarritako beste hainbat tokitan. Taldearen musika hainbat plataformatan eskuragarri dago, Spotifyn eta YouTuben kasu.

Maiatzaren 23an, ostegunarekin, Alarma Morea taldearen txanda da; bere ibilbidea 2019an Zumarragan (Gipuzkoa) abiatu zuen emakumeek osatutako euskarazko runba talde honek. Taldea Ainhoa (ahotsa eta gitarra) eta Uxue Plagaro (ahotsa, kajoia eta beste perkusio batzuk) ahizpek, Amets Albisuk (dantza eta perkusioa) eta Nuria Cullak (baxua) osatzen dute. Estilo nagusia runba flamenkoa bada ere, beste estilo asko ere jorratu eta fusionatzen dituzte, bi ardatz nagusirekin: emakumeen borroka eta ahalduntzea, eta euskara sormen-artistikorako hizkuntza gisa.

Maiatza amaitzeko, hilaren 30ean, ostegunarekin, Bidaide igoko da taula gainera. Taldeak intimitatean sortutako abesti erraz eta biluziak ditu abiapuntu, sentimenduekin eta emozioekin onduak, eta, ondoren, giro adiskidetsuan hainbat musika-eremutara bideratzen direnak. Iaz ‘Pasaportea’ liburuxka argitaratu zuten, azken urteotako abestien letrekin. 

Hiru hitzordu ekainean
Ekaineko lehenengo emanaldia 6an (osteguna) eginen da, Ianire Aranzaberen proiektu pertsonala den Esanezin taldearen kontzertuarekin. 2021ean eman zituen lehen urratsak eta zazpi abestiz osatutako EP baten ondoren, 2023an bere lehen lan luzea argitaratu zuen, ‘Erretratu bat’, gure ingurura hemen eta orain begiratzeko moduari erreferentzia egiten diona.

Abestiek egunerokotasunaren, pribilegioen, erabakien, beldurren, zaurien, gure begiek ezinbestean ikusten duten eta batzuetan ikusten ez duten horren erretratu bat egiteko beharra dakarte.

Hurrengo ostegunean, ekainaren 13an, Gari & Maldanbera taldearen txanda izanen da, ‘Behin bizitzea’ diskoarekin. Bilduma horrek bizitza bizitzearen garrantzia aldarrikatzen du, dagozkion hausnarketa eta autokritikekin; kide garen komunitatearen parte aktibo izatearekin eta maitasuna ematearekin, besteak beste. ‘Behin bizitzea’ sorpresaz beteriko disko bat da eta, Gariren zigilua daraman arren, lan berri hori Maldanbera taldeko kideek egindako ekarpenez blaituta dago. Honako hauek osatzen dute taldea: Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua eta ahotsak), Miguel Moyano (gitarra, programazioa eta ahotsak) eta duela gutxi taldearekin bat egin duen Iker Lauroba (teklatuak eta ahotsak). 

Zikloa Kerobia talde nafarrak itxiko du, ‘Gora bizitza!’ ikuskizunarekin. Iruñean eginen duten kontzertua guztiz akustikoa izanen da eta bertan taldearen abesti ospetsuenetako batzuk entzunen dira.


KANTU ETA HITZA 2024

Ostegunetan, maiatzaren 16etik ekainaren 20ra. 20:00. O-ko Andre Mariaren plaza (euririk balitz, kontzertuak Descalzos kaleko Erraldoien Txokoan eginen dira)

  • Maiatzak 16: Lilo. Nora goazen jakin gabe
  • Maiatzak 23: Alarma morea
  • Maiatzak 30: Bidaide. Pasaportea
  • Ekainak 6: Esanezin. Erretratu bat
  • Ekainak 13: Gari & Maldanbera. Behin bizitzea
  • Ekainak 20: Kerobia. Gora bizitza (akustikoan)
¿Te ha sido útil esta página?