Normaltasuna nagusi izan da sanferminetako lehen egunean: Iruñerriko hiri-garraioaren erabilerak gora egin du eta disuasioko aparkalekuetan 1.100 sarrera baino gehiago egon dira

Normaltasuna nagusi izan da sanferminetako lehen egunean: Iruñerriko hiri-garraioaren erabilerak gora egin du eta disuasioko aparkalekuetan 1.100 sarrera baino gehiago egon dira
Iruñeko Udalak herritarrei eskatzen die arreta handiz ibiltzeko, beroa dela eta alerta laranja baitago

Festetako lehen egunean normaltasuna izan da nagusi, ia ez da gorabehera aipagarririk izan, eta villavesen erabilerak gora egin du.

Uztailaren 6an, beroa zela eta alerta laranja ezarri zen, eta, horren ondorioz, Iruñeko Udalak festen programako zenbait ordutegi eta alderdi aldatu ditu, hainbat ekitalditan, hala nola prozesioan, Kirolari Sport Kids eta Hauek Festak Hauek! guneetan.

Atzo, uztailaren 6a (astelehena), Iruñerriko hiri-garraioan bidaiatu zuten pertsonen kopuruak % 22,64 egin zuen gora, iazko uztailaren 6arekin alderatuta. Festetako lehen egunean 255.19 lagunek hartu zuten villavesa, eta 2025ean, berriz, 192.977 lagunek, hau da, aurten 62.192 pertsona gehiagok erabili dute villavesa. Gogoratu behar da iaz Iruñerriko hiri-garraioa greban zegoela, eta ezarritako gutxieneko-zerbitzuek eragina izan zuten maiztasunean eta villavesen kopuruan. 

Festetako berritasunetako bat da Iruña osoan zehar dauden disuasioko aparkalekuetan aparkatzeagatik ordaindu beharrekoa. Neurri hori joan den igandean, uztailaren 5ean, jarri zen martxan, baita hiriko hainbat sektoretan aparkatzeko eremu laranja ere. Festen lehen bi egunetan, uztailaren 5ean eta 6an, guztira 1.117 jarduketa egin dira, eta batez beste 284 minutu egon dira disuasioko aparkalekuetan, hau da, 4 ordu eta 44 minutu.

Hiriko hegoaldeko disuasioko aparkalekuak izan dira erabilienak, igandean, sanferminetako tarifa indarrean jarri zenetik. El Mochuelo kaleko aparkalekuan 170 jarduketa egin dira, Arrosadia auzokoan eta Blas de la Serna kalekoan 137 bakoitzeko, Soto de Lezkairuko aparkalekuan 128 eta Ultzama Erreka kalekoan 113. Arrotxapeko disuasioko aparkalekuak ere ehun sarrera baino gehiago izan ditu, zehazki 122. Horrez gain, Trinitarios II aparkalekuan 94 jarduketa egin dira, Mendebaldekoan 90, Donibanekoan 64, Ezkabakoan 30, Sanduzelaikoan 20 eta Txantrea hegoaldekoan 5. 

Beiraren bilketak gora egiten du, garbiketako eta ekorketetako hondakinak behera
Zabor- eta beira-bilketari buruzko datuei dagokienez, iazko uztailaren 6an baino %45,06 gehiago bildu dira. Festak astelehen batean hasi direnez, eta ez igande batean, 2025ean bezala, hondakinen bilketa osorik egin ahal izan da. Gainera, astelehenean jartzen dira baliabide gehien beira biltzeko. Azken bi urteko uztailaren 6arekin alderatuta, aurten bilketa bikoiztu egin da: 35.800 kilo izatetik 75.400 kilo izatera pasatu da, % 110 gehiago. Baina azken bi urteetako festetako lehen bi astelehenak alderatuz gero, 2025eko uztailaren 7an 81.820 kilo bildu ziren eta aurtengo uztailaren 6an 75.400 kilo, % 7,8 gutxiago. 

Bestalde, Iruñerriko Mankomunitateak jasotako zaborraren kantitatea eta udal-kontratak ekorketan jasotakoa jaitsi egin dira jaietako lehen egunean, 2025. urtearekin alderatuta. Iruñeko Mankomunitateak bildutako zaborra 34.200 kilotik 32.460ra pasa da, % 5,09 gutxiago, eta Iruñeko Udalak egiten duen ekorketan bildutako zaborra 9.800 kilotik 7.900era pasa da, % 19,39 gutxiago. 

Bi pertsona atxilotu dituzte ukituen bidez erasotzea leporatuta
Gazteluko plazako sexu-erasoei buruzko argibide-guneak sei gorabeheren berri eman du festetako lehen egunean, horietako bost ukituengatik eta bat irain sexistengatik. Ukituengatik izandako bost gorabehera horietatik, bi poliziaren salaketa gisa izapidetu dira. Bi pertsona atxilotu dituzte erasoen ustezko egileak direlakoan, ukituak egiteagatik. 

Gazteluko plazako argibide-gunea behar duten neska eta emakumeei arreta emateko zerbitzu espezializatua eta eskura dituzten baliabideei —nora jo, helbideak, ordutegiak, lagun-egitea...— buruzko informazioa emateko espazioa da. Beharrezkoa bada eta emakume batek hala eskatzen badu, arreta- eta laguntza-protokoloa aktibatuko da. Festetako lehen egunean ez da beharrezkoa izan protokoloa aktibatzea. Argibide-gunean konfiantza-giroa sortzeko eta konfidentzialtasuna eta anonimotasun-eskubidea bermatzeko eremu bat dago. 

Beroari aurre egiteko neurriak
Iruñeko Udalak herritarrei eskatzen die kontu handiz ibiltzeko, beroa dela eta uztailaren 7rako alerta laranja aurreikusita baitago. Ekitaldien egitarauari dagokionez, eguzkipean dauden Kirolari Sports Kids eta Hauek Festak Hauek! guneetako jarduerak bertan behera geratuko dira,12:00etatik 17:00etara. Gaur goizean, San Ferminen prozesioak bi geldialdi baino ez ditu egin, Kontseiluko plazan eta San Saturninoko putzuan, ibilbidea arintzeko eta jendea denbora luzez eguzkipean ez egoteko. 

Iruñeko Udala Ziudadelako lubanarroetako segurtasun eremuak ureztatzen ari da atzotik, astelehena, su artifizialen bildumak jaurtitzean suterik ez izateko. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN) jarraibideei men eginez, herritarrei eskatzen zaie ardura indibiduala eta kolektiboa izan dezaten, eta, batez ere, nabarmentzen da ur gehiago edan eta alkohola neurrian kontsumitu behar dela. Halaber, eguzkitik behar bezala babestea eta ahal den guztietan toki freskoak bilatzea gomendatzen da. 

¿Te ha sido útil esta página?