
Jende andana ibili da sanferminetako lehen egunean. Zenbait gorabehera izan badira ere, normaltasuna nagusi izan da jaien lehen orduetan. Iruñean lanean ari diren polizia guztietako datuak batuta, 204 salaketa izan dira lehen egunean, 2024an baino % 27 gutxiago, 259 salaketa izan baitziren iazkoan. Eskualdeko garraioa izan da gakoetako bat. Izan ere, grebaren ondorioz, erabiltzaile gutxiago izan dira aurten (190.342; iaz, berriz, 274.655). Izapidetu diren 204 salaketetatik 188 ebasketengatik izan dira, sakelako telefonoen ebasketengatik, hain zuzen ere. Salaketak jartzeko bulego berria ireki da aurten, Zapatería kaleko 40. zenbakian, eta bulego horretan 37 salaketa erregistratu dira.
Eskualdeko garraio publikoko grebak eragin nabarmena izan du erregistratu diren bidaiarien joan-etorrietan. Gutxieneko zerbitzuen % 100 bete da, hots jaietarako ohiko zerbitzuaren % 70. Uztailaren 5ean 93.825 pertsonak erabili zuten garraio publikoa, uztailaren 6an, berriz, 190.342 pertsonak, hau da, 2024an baino nabarmen gutxiagok, iaz 156.740 bidaiari izan baitziren uztailaren 5ean eta 274.655 bidaiari uztailaren 6an. Uztailaren 6an % 30 bidaiari gutxiago izan da, iazko datuekin alderatuta.
Txupinazoan, Gurutze Gorriak 44 esku-hartze egin zituen, San Domingoko eta Karlos III.eko arretaguneetan nagusiki. Errekoletetan 47 pertsona artatu dituzte, gehienak zauriekin edo kolpeak hartuta.
Bestetik, emakumeen sexu-askatasunaren kontrako indarkeria kasu baten berri eman da (ukituak). Delitua salatu dute eta egilea atxilotu.
% 6 igo dira bildutako zaborraren datuak, eta % 2 bildutako beirarenak
Bildutako zaborraren eta garbiketa-zerbitzuko datuen arabera, 79.800 kilo zabor bildu dira lehen egunean, 2024an baino % 6,03 gehiago (75.260 kilo bildu baitziren iaz). Iruñerriko Mankomunitateko garbiketa-datuen arabera, 35.800 kilo beira bildu dira, 2024an baino % 2,11 gehiago (35.060 kilo); eta 34.200 kilo zabor jaso dira, 2024an baino % 0,06 gehiago (34.180 kilo). Iruñeko Udaleko garbitzaile-brigadak 9.800 kilo bildu ditu, iaz baino % 62,79 gehiago (6.020 kilo).
Ostalaritzari dagokionez, 309 inspekzio egin dira. 223tan ez zen gorabeherarik izan; 76 lokaletan musika altu zegoen, eta 10etan oso altu, batez ere Gazteluko plazan eta Lehen Zabalgunean.
Kontzertuetan jende pila bildu da, berriz ere: 12.000 pertsona inguru izan ziren Gazteluko plazako lehen kontzertuan, eta 4.000 inguru Compañía plazakoan.
Garbitzaileak, komunak eta dutxak
Sanferminetako egun bakoitzak bere berezitasunak ditu. Astelehenean, hilak 7, zerbitzu batzuk bideratu dira prozesioaren ibilbidea garbitzera. Gauza bera eginen da beste emanaldi edo egun berezi batzuetan, hala nola Haurren Egunean edo Adinekoen Egunean. Festetan 245 eta 317 pertsona artean aritzen dira egunero hiriaren erdiguneko zein gainontzeko auzoetako kaleak garbitzen, brigada eta talde desberdinetan antolatuta, eta lan horiek egiteko beharrezko baliabide teknikoak eta makineria dituzte. Aurten, Udalak mezu hau zabaldu du lelo gisa: “Eskerrik asko gure lana errespetatzeagatik”, izan ere, behar-beharrezkoa jaiak behar bezala gauza daitezen.
Bada beste mezu bat, herritarrei zuzendutakoa, garbitasun- eta gizatasun-arazo bati heltzeko asmoz: “Benetan? Ez egin pixarik hemen. Bilatu hurbil dagoen komun bat”; dozenaka komun daude hirian barrena. Uztailaren 6an, beren kasa garbitzen diren komunek behar bezala funtzionatu zuten. Labriteko aldapako kabinetan presio arazo bat izan zen, baina Txupinazoaren aurretik konpondu zuten.
Pertsonen garbitasunari dagokionez, Bainuetxean (Hilarión Eslava kalea 9) eta Antoniuttiko dutxetan 139 zerbitzu eman ziren. Iruñeko Udaleko Desinfekzio Parkeak adierazi duenez, ez du xiringarik jaso uztailaren 6an.