Hamaika plan Gaztediaren Etxeko udako programak 31 doako jarduera eskaintzen ditu uztailean eta abuztuan, eta datorren astean 12 eta 30 urte bitarteko gazteendako lau saio prestatu dituzte. Uztailaren 25a, ostirala, jaieguna da, eta, hortaz, ez da saiorik eginen. Jarduerak arratsaldez egiten dira, 19:00etatik 20:30era, eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea. Informazio guztia Iruña Gaztea webgunean kontsultatzen ahal da.
Astelehenean eskuetako krema konpontzailea egiteko lantegiaren txanda da, José Antonio Vidaurre sendabelarretako, kosmetika naturaleko eta masajeko irakaslearen eskutik. Lantegian osagai ekologikoak erabiliko dituzte, kontserbagarri eta koloragarri kimikorik gabekoak: hala, parte-hartzaileek arazorik gabe egiten ahalko dute krema konpontzailea etxean.
Hurrengo hiru egunetan dantzarekin lotutako jarduerak eginen dituzte. Asteartean Afrodance saio bat eginen dute, Keneu Ausserladscheider Gaztediaren Etxeko Afrodance eta Dancehall irakaslearen eskutik. Hainbat estilo jorratuko dira, hala nola, ‘Coupé Décaléa’, ‘Kuduroa’, ‘Ndomboloa’, ‘Afro Housea’, bai eta ‘Afro fusioa’ ere, non hainbat estilo uztartuko baitira. Helburua da dantza mota horien ibilbideaz eta bilakaeraz gehiago ikastea, eta, batez ere, dantzez gozatzea.
Asteazkenean Voguea landuko dute, Pablo Guerra dantzari eta koreografoaren eskutik. Dantza-diziplina hori ballroom dantzalekuetan sortu zen 70eko hamarkadaren bukaeran, LGTBIQ pertsona arrazializatuei babesa emateko xedez. Aldizkarietako modeloen poseak (old way estiloa) dira dantza-diziplina horren inspirazio-iturri; dena den, Voguea eraldatzen joan da, eta beste estilo batzuen sorburu izan da, hala nola Vogue Femme estiloa. 90eko hamarkadan ospetsu bihurtu zen estilo hori, Madonnari eta París is Burning dokumentalari esker.
Ostegunean dantza komertzialaren txanda izanen da, Abel Silva Gaztediaren Etxeko Hip-hop eta Dantza komertzialeko irakaslearen eskutik. Pop artistendako sortutako koreografiak dira, eta edozein dantza-estiloren arteko nahasketa direla esan liteke, non arreta dantzarien jarreran jarrita dagoen. Dantza komertzialak hainbat estilotako mugimenduak baliatzen ditu: besteak beste, modernjazza, dantza latindarrak, New Style Hip-hopeko mugimendu asko, etab, betiere helarazi nahi den musika-estiloaren eta emozioen arabera.
Hurrengo asteetan, astelehenetik ostiralera, jaiegunak salbu, jarduera gehiago egitea aurreikusten da: besteak beste, eskulanak, diseinu pertsonalizatuak, munduko dantzak, antzerkia, teknologia, kantua, liburuak azaleztatzea, produktuak egitea, eta, emozioak eta sentimenduak kudeatzeko tresnekin lotutako jarduerak. Saioetako batzuk euskaraz emanen dituzte.
Hamaika plan programaren bederatzigarren edizioak aisialdiko eta garapen pertsonaleko 31 jarduera eskaintzen ditu, ahalik eta interes eta gustu gehien asebetetzeko. Aisialdi inklusiboko programak Gaztediaren Etxeko jarduera eta zerbitzuak hedatu nahi ditu gazteen artean. Iaz proposatutako 32 jardueretan 500 pertsona inguruk parte hartu zuten.
HAMAIKA PLAN. GAZTEDIAREN ETXEA. 19:00ETATIK 20:30ERA
Uztailak 21, astelehena. Eskuetako krema konpontzailea
o José Antonio Vidaurre, sendabelarretako, kosmetika naturaleko eta masajeko irakaslea da
Uztailak 22, asteartea. Afrodancea
o Keneu Ausserladscheider, Gaztediaren Etxeko Afrodance eta Dancehall irakaslea
Uztailak 23, asteazkena. Voguea
o Pablo Guerra, dantzaria eta koreografoa
Uztailak 24, osteguna. Dantza komertziala
o Abel Silva, Gaztediaren Etxeko Hip-hop eta Dantza komertzialeko irakaslea