
Etxabakoitzek 2027ko hasieran behin-behineko civivoxa izanen du Nicasio Landa ikastetxe publikoan. Iruñeko Udalak ikastetxeko eraikinetako bateko – hego-mendebalderago dagoena– beheko solairua moldatuko du, erabili gabeko instalazioak gizarte- eta kultura-jarduerak egiteko areto eta ikasgela gisa egokitzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak lanen lizitazioa onetsi du: 777.032,32 euroko aurrekontua eta lau hilabeteko gauzatzeko epea dute.
Iruñeko Udalak, hiriko auzoak bizilagunendako gizarte- eta kultura-espazioez hornitzeko konpromisoari jarraikiz, udal-teknikariei proiektu hori idaztea eskatu zien. Gizarte- eta kultura-zentro berriak bost gune nagusi izanen ditu: dantza- eta jarduera-aretoa, erabilera anitzeko aretoa, arte plastikoen lantegi-ikasgela, hitzaldi-aretoa eta irakurgela. Gune horiek, funtsean, ikastetxe zaharreko ikasgeletan eta bulegoetan ezarriko dira, solairuaren banaketan aldaketa txiki batzuk eginda. Guztira, civivox berriak 356,30 m2-ko azalera hartuko du.
Banaketa egiteko orduan ikasgelek orientaziorik onena izatea izan da xedea, eta gehienak hegoalderantz irekiko dira eta eguzkipeko esposizioa graduatuko dute pertsiana motordunez hornitutako arotzeria berrien bidez. Hegoaldeko fatxada zentroko patio baterantz orientatuta egonen da: egun haurrendako jolasgune bat dago bertan. Korridore banatzaile batek eraikinean barnako joan-etorriak antolatuko ditu geletara sartzeko.
Behin-behineko civivoxaren eraikinaren kanpoko aldean, sarbidearen ondoan dauden teilatutxoa eta baranda kendu eta argiztapen naturala eta sarreraren itxura hobetuko dira. Ate nagusia markoztatua eta bistan geratuko da, letra solteez osatutako errotulu baten azpian, hiriko gainontzeko civivoxetan bezala. Koska berri bat jarri eta aldapak zolatuko dira zuzkidura berriaren sarbideetan. Era berean, eraikinaren estalkia birgaituko da, hainbat puntutan iragazketak agertzen hasi baitira.
Trenaren UGPSaren zain
Jarduketa behin-behinekoa da auzoari eragiten dion Trenaren UGPSaren (Etxabakoizko UGPSa) berrikuspen eta izapidetze berriaren prozesuaren menpe dagoelako. Egun indarrean dagoen UGPSa 2010ekoa da eta antolamenduz kanpoko eraikinen araubide bat jasotzen du, non civivoxaren kokapena zein den zehazten baita. 2025ean, UGPSaren agiri batean, aldaketa baten hasierako onespena egin zen.
Iruñeko Udalaren ustez, Planaren garapenean kontuan hartu behar dira Etxabakoizko egungo zuzkidurak ez eraisteko beharrezkoak diren denbora-zehaztapenak, berriak –Nicasio Landa IP kasurako– martxan jarri aurretik. Behin-behineko civivox horretarako proiektatutako jarduketek aukera ematen dute zuzkidura-erabilera publikoari behin-behinean eusteko, segurtasun-, higiene-, irisgarritasun- eta funtzionaltasun-baldintza egokiak bermatuz eta araudia betez.