
Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du Nafarroako ondare materiagabearen Artxiboan (Navarchivo) eginen diren lanen adjudikazioa, eta lan horiek Iruñean eginen dira. Proiektuaren lehenengo ataleko lanak Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrak 2024ko irailaren 19an sinatutako esparru-akordioaren arabera egiten ari dira.
Lanak egiteko kontratua Labrit Multimedia SL enpresari esleitu zitzaion, 49.294,35 euroan, BEZa barne; izan ere, enpresa adjudikaziodun posible bakarra da eskubide esklusiboen babesarekin zerikusia duten zioengatik, eta Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 75.1.c artikuluan xedatutakoarekin bat. Enpresak Iruñeko ondare materiagabea dokumentatu, babestu eta balioztatu beharko du, eta horretarako, Iruñeko hainbat auzotan 47 elkarrizketa egin, grabatu, aztertu, indexatu eta entregatuko ditu.
Kontratuan ezarritakoaren arabera, Iruñeko XX. mendeko ahozko memoria biltzen hastea izanen da aurtengo helburu nagusia. 47 elkarrizketak ezaugarritu, egin eta grabatu ondoren, aztertu, indexatu eta entregatu eginen dira. Elkarrizketetan gai hauek jorratuko dira: auzoetako istorioak (28 elkarrizketa eginen dira Iruñeko auzo hauetan: Alde Zaharrean, Zabalguneetan, Arrotxapean, Donibanen eta Txantrean); ehun urtetik gorako saltokiak eta San Domingoko merkatua (guztira 15 elkarrizketa), eta erreferentziazko pertsonak (4 elkarrizketa). Lan hori 2025eko abenduaren 31rako bukatu beharko da.
Proiektuaren lehenengo faseak gidalerro hauek ditu: zuzeneko testigantzen bidez hiriko memoria historikoa eta soziala berreskuratzea, auzoetako aniztasun kulturala dokumentatzea, ehun urtetik gorako saltokien eta San Domingoko merkatuaren ondarea babestea, kultura-, gizarte- eta hezkuntza-arloetan erreferenteak direnen ekarpenak jasota uztea.
Ondare materiagabeko 47 unitate bilduko dira, Labrit proiektuaren ahozko memoria biltzeko metodologia (Bizitza-istorioak) baliatuta; metodologia horrek hezkuntza-esparruko eta esparru instituzionaleko izen handiko adituen aitortza du. Metodologia hori funtsezkoa da Navarchivo proiektua gauzatze aldera, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Alfredo Asiain Ansorena irakasle eta ikertzaileak zuzendutako Ondare materiagabearen katedrak gainbegiratuta.
Navarchivo proiektua 2006an jarri zen abian, eta ikus-entzunezkoen erregistroen eta analisi antropologikoen bidez Nafarroako Foru Komunitateko eta Nafarroa Behereko herritarren bizitza-istorioak biltzen ditu. Gaur egun, Nafarroako 272 udalerrietatik 210 udalerritan bildu da ahozko memoria (udalerrien % 77).