‘Navarchivo, Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboa’ proiektuak 70 elkarrizketa eginen ditu aurten eta horietatik 63 sanferminei buruzkoak izanen dira

‘Navarchivo, Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboa’ proiektuak 70 elkarrizketa eginen ditu aurten eta horietatik 63 sanferminei buruzkoak izanen dira
Tokiko Gobernu Batzarrak kontratuaren adjudikazioa onetsi du 2026ko abenduaren 31ra bitarte, 75.326,25 euroan (BEZa barne)

 

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du Nafarroako ondare materiagabearen Artxiboan (Navarchivo) egiteko lanen adjudikazioa, eta lan horiek Iruñean eginen dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2006tik egiten duen proiektu honen helburu nagusia da ikus-entzunezko metodologia eta erregistroaren bidez Nafarroako eta Nafarroa Behereko herritarren % 1aren bizi-istorioak biltzea. Orain arte, proiektua Nafarroako herrien % 80ra heldu da, eta, hari esker, sarbide libreko multimedia funts bat eratu da, doan.

Iruñeko Udalak ekimen horretan parte hartzen du 2024an NUPeko Ondare Materiagabearen Katedrarekin sinatutako lankidetzarako esparru-akordio baten bidez: hitzarmenak lau urteko indarraldia dauka, eta luzatzen ahalko da. Oraingoan LABRIT MULTIMEDIA SL enpresari adjudikatu zaio proiektua, 75.326,25 euroan (BEZa barne); izan ere, enpresa adjudikaziodun posible bakarra da eskubide esklusiboen babesarekin zerikusia duten zioengatik eta arrazoi teknikoengatik. Kontratua sinatzen denetik 2026ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean.

2026rako xedea da Iruñeko XX. mendeko ahozko memoria biltzen jarraitzea da (2025ean abiatu zen): elkarrizketen bidez egiten da eta Ondare Materiagabeko 70 Unitate jasoko dira. 70 elkarrizketak ezaugarritu, egin eta grabatu ondoren, aztertu, indexatu eta entregatu eginen dira. Elkarrizketetan kategoria hauek jorratuko dira: erreferente diren pertsonak (7 elkarrizketa) eta sanferminak (63 elkarrizketa). 

Sanferminen kategorian informazioa bilduko da jaiekin eta haien antolakuntzarekin lotuta egon diren edo egun dauden hainbat pertsonari egindako elkarrizketen bidez. Zehatz mehatz, 2 elkarrizketa eginen zaizkie Iruñeko Udaleko politikariei; 2, Babes Zibileko langileei eta 3 sanferminen antolaketarekin zerikusia duten Udaleko langileei. Beste 5 elkarrizketa eginen zaizkie jaiekin lotutako beste alorretako langileei. Gainera, 16 elkarrizketa eginen zaizkie peñetako kide izan diren pertsonei; 2, feriako barrakekin zerikusia duten pertsonei; lau, barraka politikoen ingurukoei, eta 3 ekitaldi erlijiosoekin lotura duten pertsonei.

Halaber, sanferminetako folklorearekin lotutako testigantzak jasoko dira honako hauei eginen zaizkien 16 elkarrizketaren bidez: Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako, La Pamplonesako, txistulari- eta gaitero-taldeetako eta Duguna dantza-taldeko kideei. Era berean entzierroari buruzko 5 elkarrizketa eginen dira: 3, Erruki Etxeari eta zezen-feriari lotutako pertsonei eta 2 zaldi-aziendaren feriari buruzkoak.

Navarchivo Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboa proiektua https://navarchivo.com/eu webgunean kontsultatzen ahal da, doan. Nafarroako eta Nafarroa Behereko kultura tradizionalarekin lotutako soinuez, ikus-entzunezkoez eta testuez osatutako multimedia agirien funts dinamiko bat sortu da. 2025ean, proiektuaren lehenengo fasean, Udalaren eta NUPen arteko lankidetzak Iruñeko XX. mendeko ahozko memoria berreskuratzea izan zuen ardatz, ondare materiagabeko unitatetzat hartzen diren 47 elkarrizketaren bitartez. Unitateak hiru gaitan banatuta zeuden: auzoen historia, merkataritza tradizionala eta hirian erreferente diren pertsonak.

¿Te ha sido útil esta página?