Aurten, XIX. Haba de Oro saria Sarrigurengo ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko Zentroak jaso du, zeinak adimen-osasun arazoak dituzten 16 urte arteko haur eta nerabeak artatzen baititu. Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak, urtero sari hau ematen duenak, duela 20 urte baino gehiago zentroak egiten duen lana saritu nahi izan du.
Saria emateko ekitaldia gaur goizean egin da Kondestablearen jauregiko patioan. Bertan parte hartu dute Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Mamen Sádaba Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteko lehendakariak. Clara Madozek jaso du saria, Sarrigurengo Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko Zentroko zuzendariak. Halaber, ekitaldian izan dira Udalbatzako eta sari hau eman duen epaimahaiko hainbat kide, eta saritutako zentroko zenbait ordezkari.
Haba de Oro sariak adingabe babesgabeen alde hainbat eremutan diharduten pertsona eta instituzioen lana aitortzen du. Saria intxaur baten tamaina duen baba baten irudia da, 18 kilateko urre trinkoz egina, eta 50 bat gramoko pisua du. Hiru brillante ditu, hiru Errege Magoak irudikatzeko: Meltxor, Gaspar eta Baltasar.
16 urte bitarteko adingabe eta nerabeak artatzea
1993ko maiatzean sortu zen ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko Zentroa. Urte horretan ireki zuten ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen unitatea. Zentroa inauguratu zuen haur-psikiatrak eman zion izena. Urteetan zehar, unitateak gero eta profesional gehiago izan ditu, eta artatutako adingabe-kopuruak ere gora egin du. 2012an arreta zentro bakar batean zentralizatu zuten, Sarrigurenekoan, eta gaur egun oraindik ere hala da.
Adimen-osasuneko arazoak dituzten 0 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeak artatzeko berariazko zentroa da, betiere haien pediatrak edo lehen arretako medikuak berariazko balorazioa behar dutela uste duen kasuetan. Zentroak arta ematen die Iruñeko, Iruñerriko eta Nafarroako iparraldeko haur eta nerabeei. Lizarra eta Tuterako eremuetan haur eta nerabeak artatzeko berariazko taldeak inplementatzen ari dira.
Alde batetik, kontsulta anbulatorietarako edo Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko Zentro bat dago Sarrigurenen, eta, bestetik, Haur eta Gazteen Eguneko Ospitalea dago Txantrean; bertara joaten dira arazo larriagoak dituzten neska-mutilak, ospitaleratze partzialean (goizez, astelehenetik ostiralera). Ospitaleak 13 leku ditu, eta urtero 45 eta 50 paziente bitarte egoten dira bertan. Horrez gain, Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko sareak badu Ospitalizazioko Unitatea Nafarroako Ospitalegunean.
Diagnostikoen % 40, portaera-nahasmenduak
2020ko urrira arte, 14.395 kontsulta egin ziren ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko Zentroan, eta horietatik 1.292 lehenengo kontsultak izan ziren. 2019an, konfinamendu eta pandemiarik gabe, 19.396 kontsulta egin ziren, horietatik 1.785, lehenengo kontsultak.
Diagnostiko ohikoenek, % 40, portaera-nahasmenduekin lotuta daude (erdiak Arreta-defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmenduak dira, eta gainerakoak, haurtzaro nahiz nerabezaroko hasierako emozio eta portaerekin lotutako arazoak dira). Kontsulten % 17 osasun-egoeran eragina duten faktore sozio-familiarrak dituzten pertsonenak dira; % 12, garapenaren nahasmendu orokorrak; % 5, antsietate-arazoak; eta gainerakoak, koadro afektiboak, elikadura-portaerarekin, toxikoen kontsumoarekin eta abarrekin lotutako nahasmenduak.
Zentroan 40 profesional ari dira lanean besteen alde eta besteentzat, diziplina anitzeko ikuspegi batetik abiatuta, eta Nafarroako osasun-sareko eta Haur eta Nerabeen Adimen Osasunaren esparruko bestelako zerbitzuekin elkarlanean, eta lankidetzan baliabide sozio-sanitario eta gizarte zein hezkuntzakoekin. Hainbat esparru eta estamentutako (medikuak, osasun-langileak, administrariak...) profesionalak dira, eta Natividad Zubieta zentroan eta Eguneko Ospitalean aritzen dira.
Haba de Oro sariak
- 2002: Karitateko Alabak, La Providencia instituzioagatik
- 2003: Mensajeros por la Paz, Punto de Encuentro instituzioagatik
- 2004: ADANO elkartea
- 2005: Compartir Navarra GKE
- 2006: Ciganda Ferrer fundazioa, El Molino ikastetxea instituzioagatik
- 2007: Nafarroa osoko guraso adoptatzaileak
- 2008: Cardenal Ilundain ikastetxe publikoa
- 2009: Bideko Ama Birjina Ospitaleko haurrendako ikasgela
- 2010: Atena Psicoballet fundazioa
- 2011: Nafarroako familia harreragileak
- 2012: Isterria ikastetxea
- 2013: Centro Puente
- 2014: Navarra Nuevo Futuro elkartea
- 2015: Itaka Eskolapioak Fundazioa
- 2016: Ilundain Haritz Berri fundazioa
- 2017: Xilema Fundazioa
- 2018: Kultura Arteko Hezkuntzarako Zerbitzua (SEI)
- 2019: Hiru Hamabi/ 3-12
- 2020: ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko zentroa