Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur (asteazkena) bisitatu dute Nafarroako Unibertsitateko campusa zeharkatzen duen kale berria, udal-bidea egokitzeko lanen emaitza ezagutzeko. Ostiralean ireki zuten berriz errepide zaharra, noranzko bakarreko ziklo-kale gisa, Azpilagañatik Etxabakoitzerako noranzkoan: 20 kilometro orduko gehieneko abiadura duen errei bakarra izanen du, eta bizikletek eta ibilgailuek partekatuko dute.
Errepide zaharra egokitzeko lanak urriko azken astean egin ziren, eta tarteka irekitzen joan da, noranzko bakarrean, behin betiko. Hirigintza taktikoarekin lotutako esku-hartzea izan da: pintatu eta oztopo-zutoinak eta abiadura-murriztaileak jarri dira, igarotze-zirkulazioa murrizteko, zirkulazioa baretzeko neurriak ezartzeko eta bidea ziklo-kale gisa egokitzeko.
Erabilitako hirigintza taktikoko tekniken artean, sigi-saga motako seinalizazioa topatzen ahal dugu, zirkulazio-eremuaren lerrokatzea aldatzen duen –lerro zuzenak lerromakur bihurtuta– abiadura moteltzeko neurria. Bide-zoruko seinalizazio mota horri esker, zabalera 5,5 metrotik 2,85 metrora murriztu da, eta horri esker, bideak estuagoa dirudi eta ibilgailuek abiadura moteldu behar dute.
Sigi-saga moduko seinalizazioaz gain, 5 zentimetroko altuerako abiadura-murriztaileak (konkorrak) jarri dituzte 200 metrotik behin, esku-hartzea sendotzeko. Konkorren altuera gehieneko abiaduraren araberakoa da, kasu honetan, 20 kilometro ordukoa. Zoladura ere hobetu da, galtzadaren erdialdeko asfaltoa konponduta, eta 200 pibote inguru instalatu dituzte sortu berri duten bazterbidea mugarritu eta ibilgailuen arteko aurreratzeak eragozteko.
Esku-hartzea osatzeko, seinalizazio horizontala eta bertikala aldatu da, egitura eta baimendutako gehieneko abiadura (20 km/h) berrira egokitzeko: bidegurutzeetarako eta alboko instalazioetarako sarbideak aldatu dira, bai eta aurretik zeuden oinezkoen pasabideak eta kalean zeuden autobus- eta taxi-geralekuak ere. Bide-marka guztiak ordeztu dira, bideen ezaugarri berriei egokituta, batez ere autobus-geralekuak seinaleztatzen dituzten markak.
Noranzko bakarreko bidea izatea erabaki da, ekialdetik mendebalderantz, Azpilagañako biribilguneko zirkulazioa arintzeko eta Iruñeko hiri-garraioaren joan-etorriak errazteko xedez, hiri-garraioak lehentasuna baitu biribilgunean sartzeko eta hori baitzen puntako orduetan arazo gehien eragiten zituena. Halaber, unibertsitateko hondakinen bilketa eta unibertsitateko instalazioetarako sarbideak errazten ditu, eremu horretako barneko zirkulazioa murrizteari esker.
Errepide zaharrean egindako esku-hartzea 2024-2027 aldirako Bide Segurtasuneko planean jasotako 106 ekintzetako bat da, zeinak xede baitu mugikortasun seguru eta jasangarria sustatzea, zehazki, azpiegituretako segurtasuna handituz. Azken hamar urteotan egun bakoitzeko 1.814 ibilgailu gehiagok zirkulatu dute campuseko bidean, batez beste 9 ibilgailu minutu bakoitzeko eta 5.000 ibilgailu egun bakoitzeko. 2020 eta 2025 bitartean 135 istripu erregistratu dira, eta horietatik 54 bidea oso estua izateagatik gertatu direla esan daiteke. Azaroaren 3an eremuko ibilgailu kopurua neurtu zuten lehenengoz, eta igarotze-zirkulazioa murriztu dela baieztatu dute, 2.873 ibilgailu igarotzen baitira egunero.
Unibertsitateko kalea berriz antolatzeko lanak gauzatzeko kontratua (mugikortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko lanak egiteko enpresa-hautapenerako esparru-akordioaren ondoriozko hamalaugarren kontratua) urriaren 20an adjudikatu zitzaion URBANISMO TÁCTICO PAMPLONA ABBEari, 99.985,94 euroan.