
Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñean mugikortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko obren esparru-akordiotik eratorritako hirugarren kontratuaren adjudikazioa onetsi du. Akordio horren arabera, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean aparkaleku bat egiteko orube bat atonduko da. Urbanismo Táctico Pamplona ABEE da 204.557,64 euroko aurrekontua duten obren enpresa adjudikazioduna, eta aurreikuspenen arabera 3 bat hilabeteko epean gauzatuko dira.
Aparkaleku horren helburua da hematologiako eta onkologiako eremua txandakako aparkaleku batez hornitzea, eremu horien kontsultetarako sarbidea errazteko. Aldi berean, zirkulazioa arautuko da jendeak behar ez den lekuan aparkatzen duenez anbulantzien irteera oztopatzen den beste bide batean.
Orubea ospitaleguneko C pabiloiaren aurrean dago, eta aparkatze arautuko 51 aparkaleku-plaza gehiago sortuko dira bertan. Lurzati hori eraiki gabe dago, gaur egun ez du erabilerarik, eta zirkulaziorako itxita dagoen bi norabideko zirkulazioko sarbideak eta haren atzean dagoen hesiak mugatzen dute. Lurzatiaren neurriak 86 metro x 16,35 metro karratu dira.
Aparkalekuak sarbide bat eta irteera bat izanen ditu egun dagoen ibilgailuendako eremura, eta erdibitzaile bat bi eremu horien artean, non argi berriak jarriko baitira lehendik daudenen ondoan. Espaloiraino iristeko ibilbideak izanen ditu, eta oinezkoendako pasabide berri bat egitea eta mugikortasun murriztua dutenendako bi plaza gordetzea da asmoa.
Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak ibilgailuendako 1.290 aparkaleku-plaza ditu gaur egun aire zabalean, horietatik 83 desgaitasuna dutenendako eta 39 motozikletendako. 51 plaza horiek sortuta, eremuaren edukiera handitu eta aparkaleku-eskarira doituko da.