Nafarroako Musika Garaikidearen NAK Jaialdiak kontzertu, lantegi eta aurkezpenez beteriko programa diziplinanitza dakarkigu, musika eta zientzia ardatz harturik

Nafarroako Musika Garaikidearen NAK Jaialdiak kontzertu, lantegi eta aurkezpenez beteriko programa diziplinanitza dakarkigu, musika eta zientzia ardatz harturik
Jaialdiaren bosgarren edizioak hamar estreinaldi erabateko eta Nafarroan aurrenekoz emanen diren 25 emanalditik gora hartzen ditu barne, adibidez, kontzertu berezia Planetarioan
Irudia
Irudia

2019ko NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak musika eta zientzia proposatzen du ardatz tematiko gisa bosgarren edizio honetan. Lantegi, aurkezpen eta kontzertu didaktikoz osatutako diziplina askotariko programa irailaren 6tik 28ra eginen da, eta horri buruzko xehetasun guztien berri gaur eman dute, prentsaurrekoan, María García Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak, Yolanda Campos zuzendari artistikoak, Javier Fernández Valdivielso Nafarroako Kutxa Fundaziokoak eta Ignacio Fernández Galindo eta Uxue Roncal jaialdia bultzatzen duen Garaikideak elkarteko musikariek.

Hasieratik bilatutako helburuak indartu nahirik, 2019ko NAK jaialdiak hamar estreinaldi erabateko eskainiko ditu (musikako bost eta bideo-sorkuntzako beste bost), eta Nafarroan lehen aldiz eginen diren hogeita bost emanaldi baino gehiago, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia, Madril, Aragoi, Frantzia, Argentina, AEB, Alemania, Errusia zein Hungariako konpositoreen lanak, alegia. Edizio honetan elkar arituko dira ehun bat artista, musikari, bideosortzaileak eta zientzia-dibulgatzaile.

Musika eta zientzia dira jaialdiaren ardatz tematikoak, eta hori horrela, hainbat proposamen aurkeztuko dira, sorkuntza eta interpretazioaren ikuspegitik jorratuko dutenak zer nolako harreman mota dagoen abangoardiako musikaren, diziplina zientifiko ezberdinen –fisika akustikoa, matematikak, astronomia, astrofisika– eta zentzumen-pertzepzioari lotutako bestelako fenomenoen artean, sinestesiaren artean adibidez. Horrela, dibulgazioa eta musika-interpretazioa txandakatu eta batuko ditu, espezializatu gabeko ikusleei erakusteko musika eta zientziaren artean dagoen lotura estua.

Aurreko edizioetan bezala, jaialdiak bultzada emanen die kultura-, arte- eta gizarte-entitate ezberdinen arteko sinergiei, gune musikal eta estetikoak ez ezik gizarteratzeko tokiak sustatuz. Programazioa leku hauetan garatuko da: Kondestable Civivoxa, Baluarte, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa, Civican, CTL FP Imagen y Sonido eta Planetarioa. Programa osoa kontsultatzeko, sarrerak erosteko eta lantegietan izena emateko, jo webgune honetara: https://nakfestival.com. 

Astronomia, matematika, sinestesia eta abarretan inspiratutako kontzertuak
Kontzertuak irailaren 6an hasiko dira: Fabio Álvarezek Geoge Crumb musikagilearen Makrokosmos aurkeztuko du, Kondestable Civivoxean, 20:00etan, eta sarrera librea izanen da. Astronomia izanen da nagusi saio didaktiko horretan, non XX. mendeko amaierako pianoaren baliabide tekniko berriak ezagutzeko aukera egonen baita; horrez gain, saio horretako pieza bakoitzak zodiakoaren zeinu bat izanen du esleiturik, konpositoreak denbora eta espazioaren inguruan duen kezkaren adierazle.

Biharamunean, musika, matematikak eta izarrak landuko dira Gérard Griseyren eta Ianni Xenakisen lanez. Lehena espektralismoaren aitzindarietako bat da, tinbre musikalaren jatorria aurkitzean eta musika-hotsen deskonposizio espektralean oinarritutako musika-joerarena, alegia. Bigarrenak, ordea, Tauro konstelazioan dauden Pleiadeak izeneko izar-multzoa hartu zuen lan honetarako inspirazio-iturri gisa. Kontzertua Baluarteko Harresiaren aretoan izanen da, eta, sarrera, 10 eurokoa.

Errezitaldiekin jarraituz, irailaren 12an, Miren Karmele Gómez sinestesikoa den dibulgatzaile zientifikoak lehen eskutik azalduko du zertan datzan zentzumenen fenomeno hori eta inguruabar horrek nola eragiten dion. Hori erakusten duen bitartean Alicia Torrea piano-jotzaileak musikagile sinestesikoen lanak joko ditu, esate baterako, soinuen eta koloreen tonuen artean elkarrekikotasuna antzematen zituen Scriabin-enak. Civican-Nafarroako Kutxa Fundazioan izanen da, 20:00etan.

Santiago Martínez klarinete-jotzaileak klarinetearen familian dauden askotariko soinu-aukerak erakutsiko ditu, zurez eta metalez egindako instrumentuez, eta egun horretan bertan, hilak 13, Julián Elvirak berak garatu eta ekoiztu duen instrumentu berria aurkeztuko du: pronomo flauta. Kondestable Civivoxean izanen da, 20:00etan.

Esperientzia berdingabea Planetarioan, zuzeneko musikaz eta bideosorkuntzaz
Kontzertu-zikloari buru emateko, esperientzia berdingabea bizitzen ahalko da Planetarioan, Tornamira aretoan, zuzeneko musika eta pantaila hemisferikoan proiektatuko den bideosorkuntza uztarturik. Garaikideak Musika Garaikidearen Zentroko ikerketa- eta sorkuntza-proiektu berria aurkeztuko da (musika-sorkuntza eta interpretazioa), honako hauekin elkarlanean: Iruñeko Planetarioa, Acrónica ekoizpen-etxea, Martín Etxauri eta Sandra Vallejo (bideosorkuntza). Kosmos 3.0. Espazioaren hotsak proposamen musikal eta eszeniko berria da, diziplina anitzeko ikuspuntutik sortu nahi duena proiektu eszeniko eta bisual bat, musika garaikidea eta esperimentazioa abiapuntu hartuta.

Kontzertuak mundu soinudunen eta ikusizkoen arteko elkarreragina proposatzen du teknologia berrien bidez, eta hainbat diziplinatako adierazpen-gune akustiko eta eszenikoa sortzen du, 10 estreinaldi erabatekoez: batetik, 5 musika lan dira, Garaikideak zentroko hiru egilek sortuak (David Cantalejo, Ignacio Fernández Galindo eta Yolanda Campos), eta haiek lagunduko dituzte jaialdira gonbidatutako beste konpositore batzuek (Alberto Etxeberria eta Christophe Havel); bestetik, 5 bideosorkuntza daude, Martín Etxauri eta Sandra Vallejo artistenak eta Acrónica ekoizpen-etxearenak. Javier Armentiak aurkeztuko du Planetarioan 20:00etan hastekoa den saioa. Sarrerek 10 euro balio dute, eta hemen eros daitezke: https://nakfestival.com.

Lantegiak: saxofoia, musika-hardwarea eta musika-sorkuntza
2019ko NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak hiru lantegi eskainiko ditu, eta horietarako izena emtako helbide honetara jo behar da: https://nakfestival.com. Irailaren 12an, Sergio Eslavak Saxofoirako ezohiko teknikak lantegia emanen du Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan, 16:00etatik 17:30era. Goi-mailako interpretatzaile zein konpositoreei eta profesionalei zuzenduta dago batez ere, eta xede du islatzea hala saxofoiaren egoera abangoardiako musikaren testuinguruaren barruan nola ezohiko teknikek sorkuntza berrietarako eskaintzen duen aukera-aniztasuna.

Hardware musikala izanen da bigarren proposamenaren ardatza sintetizadore modularrak eraikitzera bideratutako lantegi espezializatuan. Horretarako behar diren osagai guztiak emanen dira (kit-formatuan), gailu hori hasiera-hasieratik eratzeko. Parte-hartzaile bakoitzak bere ekipoa eginen du lantegian. Irailaren 14an eta 15ean izanen dira saioak, 16:00etatik 18:00etara, eta erabiltzaile mota guztietara moldatuko dira, soldatzen ikasi eta SDIY delakoan murgildu nahi diren hasiberriendako zein eskarmentua duten erabiltzaileendako.

Azkenik, Alicia Griffithsek saio bat eskainiko du irailaren 28an, Nafarroako Kutxa Fundazioa-Civican eta Itaka Eskolapioak Fundazioarekin elkarlanean, 11:00etatik 13:30era. Ikaskide programako erabiltzaileei zuzenduta dago musika-sorkuntzarako lantegia, musika-esperientzia berrietara hurbilduz dibertsitate musikala eta horrek helarazten dituen balioak aintzatesten lagunduko duena. Musika-ikaskuntzako esperientzia goiztiar gisa planteatu da, haurren adimen garapenerako onuragarria den aldetik; izan ere, ahots- eta erritmo-jarduerak garatuko dira, plastika, marrazkigintza edo horrelako beste sormen-jarduera batzuekin batera, musika-talentu sortzailea indartzeko xedez.
 

2019KO NAK – NAFARROAKO MUSIKA GARAIKIDEAREN JAIALDIA

Irailak 6

  • Kontzertu didaktikoa. George Crumben Makrokosmos. Astronomia. Fabio Álvarez
  • Kondestable Civivoxa. 20:00. Sarrera librea
     

Irailak 7

  • Kontzertu didaktikoa. Izarren estela. Matematika. Neoperkusioa. Aurkezlea: Xabier Armendáriz
  • Baluarte. Harresiaren aretoa. 20:00. Sarrerak: 10 euro (https://nakfestival.com/)
     

Irailak 12

  • Lantegia. Saxofoirako ezohiko teknikak. Sergio Eslavak emana. 
  • Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa. 16:00 – 17:30. Izen-ematea: https://nakfestival.com/ 
     

Irailak 12

  • Kontzertu didaktikoa. Musika sinestesikoa. Sinestesia. Miren Karmele Gómez eta Alicia Torrea
  • Civican-Nafarroako Kutxa fundazioa. Auditoriuma. 20:00. Sarrera librea, gonbidapena aurretik hartuta
     

Irailak 13

  • Kontzertu didaktikoa. Uhin soinudunak. Musika-akustika. Santiago Martínez Abad eta Julián Elvira. Kondestable Civivoxa. 20:00. Sarrera librea
     

Irailak 14 eta 15

  • Lantegia. Hardware musikala. Befaco elkarteak emana.
  • CTL FP Imagen y Sonido. 9:00 – 14:00 eta 16:00 – 18:00. Izen-ematea: https://nakfestival.com/
     

Irailak 14

  • Kontzertu didaktikoa. Kosmos 3.0. Espazioaren hotsak. Astrofisika. Garaikideak Musika Garaikidearen Zentroa. Aurkezlea: Javier Armentia. Bideosorkuntzak. Martín Etxauri, Sandra Vallejo eta Acrónica ekoizpen-etxea
  • Iruñeko Planetarioa. 20:00. Sarrerak: 10 euro (https://nakfestival.com/)
     

Irailak 28

  • Lantegia. Elkarrekin sortzen. Alicia Griffithsek emana.
  • Civican-Nafarroako Kutxa fundazioa. 11:00 – 13:30. Izen-ematea: https://nakfestival.com/
¿Te ha sido útil esta página?