Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzak piztuko du 2026ko sanferminetako txupinazoa uztailaren 6an (astelehena)

Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzak piztuko du 2026ko sanferminetako txupinazoa uztailaren 6an (astelehena)
Txupinazoa hiriko hainbat tokitan ikusten ahalko da sei pantaila erraldoiren bitartez
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Sanferminak uztailaren 6an, astelehena, abiatuko dira, 12:00etan, Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzak Udaletxeko bigarren solairuko balkoitik jaurtiko duen Txupinazoarekin. Clint Jean Louis Fernándezek eta Araceli Sergio Aguilerak, Larrialdietako zerbitzuko zuzendariordeak eta Tafallako ZIU mugikorreko erizainak, hurrenez hurren, piztuko dute 9 egun (204 ordu) iraunen dituen festa gorri eta zuriaren metxa. 

Gaur, ostirala, txupinazoaren entsegu bat egin dute Udaletxean bertan. Jaurtiko duten bi pertsonek txupinazoaren protokoloari buruzko beharrezko jarraibideak jaso dituzte: besteak beste, balkoitik oihukatu beharko duten ‘Iruindarrak, pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Gora San Fermín!’ esaldiari buruz, ondoren Udaletxe barruan eginen duten topari buruz, ekitaldiaren antolakuntzari buruz eta akreditazioa duten eta ekitaldiaren berri emanen duten ehun komunikabide ingururi buruz. 

Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzaren hautagaitza La Escalerica de San Fermín peñak proposatu zuen eta aurten txupinazoa nork jaurtiko zuen hautatzeko herri-bozketa irabazi zuen. Hala, larrialdietako osasun-langileek sanferminetan egiten duten lana ikusarazi eta nabarmentzen da, bereziki azpimarratuta egunero entzierroetan gertatzen diren ezbeharrei arreta emateko egiten duten esku-hartzea. Osasun-dispositiborik aurreratuenetako bat da, eta oso ospe ona du nazioartean, duen gaitasun tekniko eta profesionalagatik eta egiten duen koordinazio-lanagatik. 

Pantailak Arrotxapean, Txantrean, Ermitagañan eta hiriko erdigunean
Txupinazoa Udalak hirian barna jarritako sei pantaila erraldoien bidez jarraitzen ahalko da. Xedea da txupinazoa irisgarriagoa izatea, ahalik eta pertsona gehienek une horretaz gozatu ahal izateko hiriaren erdigunera igo behar izan gabe, bertan jende ugari pilatzen baita. Honako toki hauetan egonen dira pantailak: Gazteluko plazan eta Foruen plazan, Navarra Televisiónen seinaleari esker; Antoniutti parkean eta Yamaguchi plazan, TVEren seinaleari esker, eta Arrotxapeko Anelier pasealekuan eta Txantreako Arriurdiñeta plazan, ETB1en seinaleari esker.

2026o sanferminetan 516 ekitaldi eginen dira, uztailaren 6tik 14ra bitarte. Aurten, haurrendako programazioaren eta festen deszentralizazioaren aldeko apustua egin da, eta hiriko hainbat auzotan ikuskizunak, jolasak eta sorpresak eginen dira. Hauek dira aurtengo berritasunetako batzuk: uztailaren 12an Aniztasunaren eguna ospatuko da eta Mazedonia-Kulturen Kalejira tradizionala aurreratu eginen da; gainera, Sarasate pasealekuko agertokia San Jose plazan instalatu dute eta bertan eginen dira jotak eta kultur arratsaldeak; azkenik, zaldi-azienda uztailaren 11n (larunbata) eginen da uztailaren 7an egin beharrean. 2026ko sanferminetako programa ofizialaren diseinuak keinua egiten dio Ernest Hemingway estatubatuarrari, eta jaietako ‘momentiko’ asko jartzen ditu balioan.

Txupinazoaren ostean, musikak hiriko kaleak beteko ditu eta txarangak eta musika-bandak Antoniutti parketik, Udaletxe plazatik eta San Frantzisko plazatik abiatuko dira. Galtzagorri eta Ziripot txarangek eta Bravo maisuaren herri-bandak girotuko dituzte kaleak. 13:30ean folklore-jaialdi tradizionala eginen da Foruen plazan, eta honako talde hauek parte hartuko dute: Amaiur, Ardantzeta, Basakaitz, DanTXaldi, Duguna, Eluntze, Harizti, Iruña Taldea, Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar eta Txori Zuri. 

¿Te ha sido útil esta página?