Nafarroako Komikiaren X. Azoka ostiral honetan hasi da, Telefónica Fundazioak ekoitzi eta Kondestable Civivoxean gaurtik aurrera ikus daitekeen Artea komikian erakusketaz

Nafarroako Komikiaren X. Azoka ostiral honetan hasi da, Telefónica Fundazioak ekoitzi eta Kondestable Civivoxean gaurtik aurrera ikus daitekeen Artea komikian erakusketaz
72 komikigilek omenaldia egiten diote margolari unibertsalei eta museo aitzindariei, urriaren 27ra arte jendearendako zabalik izanen den erakusketa zabalean

Komikiaren Azokak 10 urte bete ditu aurten, eta programazio osatuaz abiatu da: zazpi lantegi, sei sinadura-ekitaldi, jendaurreko sei elkarrizketa, hiru mahai-inguru eta hamabi erakusketa, horietako bat gaur Kondestable Civivoxean inauguratutakoa. Urtero Tiza elkarteak antolatzen duen azokak zenbait proposamen ditu, eta horien artean, edizio honetan erakutsiko den atzerabegirako inoiz ikusi gabea, Francis "Pitti" Bartolozzi sortzailearen komikigile-lanari buruzkoa. 2004an zendu zen, eta alderdi piktorikoagatik ezagunagoa bada ere, Espainian komikiak marraztu zituen bigarren emakumea izan zen, eta Nafarroan, lehena.
 

Azokaren urteurrenarekin batera Zart! argitaratu da, hamar argitalpenen liburuki oroigarria, eta berritasun baten berri eman da: hirugarren egoitza bat izanen da Tuteran (Almirantearen Etxean), Iruñean Kondestablen eta Civicanen egon ohi direnez gain. Gonbidatu hauek elkartuko dira Nafarroako Komikiaren X. Azokaren programazioan: Paco Roca; Max; Sandra Uve; Flavita Banana; Agustín Ferrer Casas; Belatz eta Laura eta Carmen Pacheco ahizpak. Ondoz ondoko hirugarren urtez, eskoletarako bisita-programa abiatuko da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Laguntzeko Zentroarekin elkarlanean. 2018an programak 1.700 haur eta gaztetik gora ekarri zituen. Orotara, 22.571 bisitarik hartu zuten parte Nafarroako Komikiaren Azokan.


 

Cartel Salón del Cómic

 

Bai azoka bera bai Artea komikian erakusketa zabala goizean aurkeztu dituzte Kondestablen María García-Barberena Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak, Merche Añón Tuterako Kultura zinegotziak eta Laura Fernández Orgaz Telefónica Fundazioaren Bilduma eta Ibiltaritzako arduradunak. Halaber, prentsaurrekoan parte hartu dute, Alberto Rodríguezek, Tiza elkartearen ordezkari eta Komikiaren X. Azokaren zuzendarikide gisara, eta Asier Mensuro erakusketaren komisarioak.
 

Kondestable Civivoxean izanen da, urriaren 27ra arte, Artea komikian izenburupean 72 komikigile eta irudigile garaikide baino gehiagoren lanak eta Lego-eraikuntza zenbait biltzen dituen erakusketa. Artista horiek margolaritza unibertsaleko maisuen inguruan egindako berrinterpretazioa du ardatz. Eta aldi berean, omenaldia egin nahi die aretoak eta funtsak “bederatzigarren artea” delakoari zabaldu dizkieten museo handiei. Telefónica fundazioak ekoitzi du erakusketa, eta, horrez gain, izen handiko irudigile eta komikigileei enkargua egin die, haren arte-ondarearen pieza onenetariko batzuen bertsio libreak egin ditzaten. Erakusketak Kondestablearen jauregiaren erakuslekuak oso-osorik betetzen ditu (eraikinaren hiru solairuak eta sotoko Areto Gotikoa), eta bisita-ordutegia hauxe izango da: astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 21:00etara.
 

Obra ospetsuen narratiba berria

Gaur aurkeztu den erakusketa bitan banatu da: komikiaren presentzia museo handietan, non Telefónica bildumaren lan-sorta bat –komiki formatuan– txertatu baita, eta marrazkigile batzuen omenaldia artelan enblematikoei. Louvre museoa izan zen aitzindari marrazkilariak beren aretoetan sartzeko bidea eskaintzen. Fabrice Douar museoko editorearen eta Sébastien Gnaedig Futuropolis argitaletxearen zuzendariaren arteko elkarlanari esker, 2005ean museoko artelanei buruzko komiki-bilduma osatu zen, eta hori erakusketa bihurtu zen, 2009an. Bide hori urratu zuten Parisko Orsay museoak (2014an) eta Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoak. Fabrice Douar berak Iruñean parte hartuko du, Komikiaren X. Azokaren barruko topaketa batean.
 

Badira beste zenbait pinakoteka, Pradoko Museo Nazionala kasu, beren komiki-bilduma editatzen hasi direnak. Hain zuzen, erakusketan barne hartzen dira Pradoko eta Thyssen Bornemisza museoetako komiki-bildumetako azken liburukietako orrialde berriak. Horiez gain, komikien ale batzuk ere bildu dira, azkenaldian bildumak egiten hasi diren museoenak: Kataluniako Arte Museo Nazionala (MNAC) eta Arte Modernoko Valentziako Institutua (IVAM).
 

Artea komikian erakusketaren bidez, Telefónica Fundazioak bultzada eman nahi izan dio joera horri, eta bere arte-ondareko artelanen bertsioak egitea enkargatu die izen handiko sortzaileei, besteak beste 2015ean Komikiaren Sari Nazionala eskuratu zuen Javier Olivaresi eta Santiago García, Mamen Moreu, Juan Berrio, Ana Galván, Tyto Alba eta Teresa Valerori. Berrinterpretatutako artelanen egileen artean, hauek topatuko ditugu: Picasso, Magritte, Blanchard, Matta eta Juan Gris.
 

Marrazkigileen omenaldia pintoreei

Jendeak gaurtik aurrera ikus dezakeen erakusketan ikusi ahalko da, baita ere, komikiek pinturako artelan handietan duten presentzia. Hurbilketa berritzailea da, begirada pertsonalei esker mamitua, eta marrazkigileen omenaldia pintoreei, arte-kritikariek zein -teorikoek erabili ohi dituzten ikerketa-lerroetatik urrun.
 

Erakusketaren zati horretan honelako lanak daude: Gernika artelanari buruzko hiru orrialde, Javier Olivares eta Santiago Garcíaren eskutik; Goyaren Mamelukoen karga birsortzen duen lan bat, Gustavo Rico eta Jorge Garcíarena, eta inpresionismoko mihise nagusietako bertsioak, Teresa Valero eta Juan Díaz Canalesen sinadurapean. Egile horien lanaz gain, komikigile ugarirena ere izanen da ikusgai, hala nola Milo Manara, Rubén Perellejo, Don Julio, Ángel de la Calle, Daniel Torres, Luis Durán, Arthur Suydam, Álvaro Ortiz, Enrique Ventura, Clement Oubrerie, Gin, José Homs, José Luis Martín, Alfonso Azpiri, Raúlo Cáceres eta abarrena.