Nafarroako Kaskezur taldeak lan berria aurkeztuko du ostegunean, 20:00etan, O-ko Andre Maria plazan

Nafarroako Kaskezur taldeak lan berria aurkeztuko du ostegunean, 20:00etan, O-ko Andre Maria plazan
Emanaldia sarrera librea du, maiatzean eta ekainean musika-proposamenak aurkezten dituen ‘Kantu eta Hitza’ zikloaren barruan
Kaskezur

 

Kaskezur taldeak, euskarazko rock alternatiboko laukoteak, emanen du 2026ko Kantu eta Hitza zikloko azken-aurreko kontzertua. Maiatzaren 8tik ekainaren 25era bitartean, askotariko musika-proposamenak eskaintzen dituen zikloa dugu honako hau. Talde nafarrak azken diskoa, Deus izenekoa, aurkeztuko du oraingo honetan. 2024an kaleratu zuten, aurreko lanak argia ikusi eta bost urtera, eta ezerezari eta izateari buruz hausnartzen dute bertan. 

Kontzertua sarrera librekoa izanen da, eta 20:00etan eginen da, O-ko Andre María plazan; eguraldi txarra iragartzen badute, Erraldoien Txokoan eginen da (Descalzos kalea 72). Kasu horretan, aretoak edukiera mugatua duela kontuan hartuta, entzuleko bi sarrera emanen dira, leku berean, kontzertua hasi baino ordubete lehenago.

2008an Baztan ibarrean sortu zen Kaskezur laukoteak noise eta rock estiloak uztartzen ditu eta 90eko hamarkadako musikaren eragin argia du.  Instrumentuen soiltasuna eta soinuaren eraikuntza kolektiboa dira taldearen nortasunaren ikur nagusia, eta dagoeneko zazpi disko kaleratu dituzte. Lehenbiziko bietan, Itzulera kapsularik gabe espaziora bidalitako azken zakurrak (2008) eta Gure Jokua (2010),  rock klasikoarekin eta psikodeliarekin esperimentatu zuten. 

2013an Ilgora diskoa kaleratu zuten eta horrek behin betiko aldatu zuen taldearen soinua. Hari esker, euskarazko rock alternatiboko eszenaren ateak ireki zitzaizkien, eta Ihesi doaz animaliak (2019) diskoan joera hori finkatu zuten.

Zuzeneko emanaldien indarra eta energia dira Ion Mindegiak (gitarra eta ahotsa), Iñigo Iturriak (gitarra eta ahotsa), Imanol Zubietak (baxua) eta Mikel Sánchezek (bateria) osatzen duten talde honen bereizgarri nagusiak.


KANTU ETA HITZA 2026. SARRERA LIBREA

  • O-ko Andre Maria plazako kontzertuak: 20:00etan (euririk balitz edo eguraldi hotza izanez gero, kontzertuak Descalzos kaleko 72.eko Erraldoien Txokoan eginen dira)

    • Ekainak 18: Kaskezur 

    • Ekainak 25: Erromintxelak

¿Te ha sido útil esta página?