Bihar eguerdian hasiko da herri-kirolarekin urtero dagoen hitzordu tradizionala, Foruen plazan. Aurten hainbat modalitatetako Nafarroako hamar bat txapelketa eginen dira, Sokatirako San Fermin Saria eta Motozerralarien XXII. San Fermin Saria, baita zenbait kategoriatako gizon eta emakumeen erakustaldiak ere.
Programa Nafarroako Trontzalarien Txapelketarekin (gizonak eta emakumeak) eta emakumeen Nafarroako Aizkolarien Txapelketarekin hasiko da. Larunbatean, hilak 9, Nafarroako Harri-jasotzaileen eta Zama-jasotzaileen Txapelketak eginen dira, baita Giza probaren erakustaldia ere.
Uztailaren 11n, igandearekin, Nafarroako beste bi txapelketa izanen dira: aizkolariena, bikoteka, eta gurdi-jasotzaileena. Bi proposamen horiez gain, harri-jasotze erakustaldia ere egonen da, Udane Ostolazaren eskutik. Uztailaren 11n (astelehena), haurren egunean, kadeteak izanen dira protagonista Nafarroako Trontzalarien Txapelketan, eta kimuek, haurrek eta kadeteek proba konbinatuen erakustaldia eginen dute.
Ohiko beste hitzorduetako bat uztailaren 12an izanen da, orduan eginen baitira Sokatirako San Fermin 4 x 4 Txapelketa mistoa, aizkolarien erakustaldia, bikoteka, eta enbor-ebaketaren erakustaldia altueran, Patxi Larretxearen eskutik. Uztailaren 13an Nafarroako Ingude-jasotzaileen Txapelketak eginen dira (gizonak eta emakumeak), eta Motozerralarien XXII. San Fermin Saria. Uztailaren 14an, festen azken egunean, amaituko dira herri-kirolak, Nafarroako 3. mailako Aizkolarien Txapelketaren kanporaketarekin, Nafarroako Txinga-erute Txapelketarekin (gizonak eta emakumeak) eta zama-jaurtitzaileen erakustaldiarekin, Jon Lapazaranen eskutik.
HERRI-KIROLEN PROGRAMAZIOA. UZTAILAK 8 - 14. FORUEN PLAZA. 12:00
Uztailak 8, ostirala
- Nafarroako Trontzalarien Txapelketa (emakumeak)
- Nafarroako Trontzalarien Txapelketa (gizonak)
- Nafarroako Aizkolarien Txapelketa (emakumeak)
- Trontza-proba (abiaduraz)
Uztailak 9, larunbata
- Nafarroako Harri-jasotzaileen Txapelketa
- Nafarroako Zama-jasotzaileen Txapelketa
- Erakustaldia - Giza proba
Uztailak 10, igandea
- Nafarroako Aizkolarien binakako Txapelketa
- Nafarroako Gurdi-jasotzaileen Txapelketa
- Harri-jasotze erakustaldia (Udane Ostolaza)
Uztailak 11, astelehena
- Nafarroako Trontzalarien Txapelketa (kadeteak)
- Proba konbinatuen erakustaldia (kimuak, haurrak eta kadeteak).
Uztailak 12, asteartea
- Sokatirako San Fermin 4 x 4 Txapelketa mistoa
- Emakume aizkolarien erakustaldia, bikoteka
- Erakustaldia: enbor-ebaketa altueran (Patxi Larretxea)
Uztailak 13, asteazkena
- Nafarroako Ingude-jasotzaileen Txapelketa (gizonak)
- Nafarroako Ingude-jasotzaileen Txapelketa (emakumeak)
- Motozerralarien XXII. San Fermin Saria
Uztailak 14, osteguna
- Nafarroako 3. mailako Aizkolarien Txapelketa (kanporaketa)
- Nafarroako Txinga-erute Txapelketa (gizonak)
- Nafarroako Txinga-erute Txapelketa (emakumeak)
- Zama-jaurtitzaileen erakustaldia (Jon Lapazaran)