Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatu die San Ferminak etetearen aurrean

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatu die San Ferminak etetearen aurrean
Chivite Lehendakariak eta Maya alkateak nabarmendu dute ez dela ekitaldi publikorik izango eta Iruñak prebentzio eta kontzientzia sozialaren aldeko mezu globala zabaldu behar duela

Gobierno de Navarra y el Ayuntamiento de Pamplona

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek eta Iruñeko alkate Enrique Mayak adiera bakarreko mezua zabaldu dute gaur, herritarrei erantzukizunez jokatzea eskatzeko aurtengo San Fermin jaiak etetearen eta ordezko ospakizunak egitearen zurrumurruen aurrean. Bi agintariek berretsi dute osasun publikoa babestu behar dela, eta, era horretan, herritarrei eskatu diete Iruña "prebentzioaren eta kontzientzia sozialaren" eredu global bilakatzeko, hiria nazioarteko jomugan egongo baita uztailaren 6an eta 7an, Lehendakariak azpimarratu duenez. 

María Chivitek eta Enrique Mayak, Osasun kontseilari Santos Indurainekin eta Iruñeko Herritarren Segurtasuneko zinegotzia den Javier Labairurekin batera, gaur komunikabideak hartu dituzte bilera informatiboan, eta adierazi dute “haien funtsezko kezka” dela ahal den neurrian herritarren osasuna bermatzea. Hori dela-eta, Lehendakariak azpimarratu du egun hauetako helburua dela “beste edozein egunaren ahalik eta antzekoena izatea lortzea”.
Ildo horretan, Lehendakariak nabarmendu du Gobernuak ezin duela jaien debekua dekretatu, Udalaren eskumena izateagatik. “Baina gure erantzukizuna da Iruñari bere erabakia indartzen laguntzea, osasun publikoaren eta pertsona ahulenak babestearen ikuspegitik”, nabarmendu du. Aldi berean, honela gehitu du: “San Fermin hauetan egin dezakegun onena da energia eta ilusioa datorren ediziorako gordetzea”. 

Ekitaldi paraleloak gaitzestea 

San Fermin jaiak eten egingo direla iragartzean, Iruñeko Udalak bertan behera utzi zituen, baita ere, ekitaldi ofizial guztiak, eta, orain, bi erakundeek ekitaldi paralelorik ez antolatzea eskatu dute. Eskaera horrekin bat egin dute, gainera, Peñen Federazioak eta ostalaritza bezalako hainbat taldek. 

Modu horretan, Maya alkateak Osasun Departamentuarekin, DYArekin eta Gurutze Gorriarekin, Iruñerriko Mankomunitatearekin eta ostalaritza-elkarteekin izandako hainbat bilera argitaratu ditu, eta “guztiek, salbuespenik gabe, hilaren 6an gerta daitekeenaren inguruko nolabaiteko kezka adierazi digute".

Hain zuzen ere, COVID-19 zabal dezaketen jende-pilaketak eta topaketa jendetsuak saihesteko, Udalak zenbait neurri hartu ditu; hala nola, kalean mahaiak jartzea debekatzea herri bazkariak egiteko eta Udaletxe plazarako eta Gaztetu plazarako gehieneko edukiera ezartzea eguerdiko 12:00ak aurretik. “Modu horretan, batetik, kutsatze-arriskua murriztea lortuko dugu eta, bestetik, Iruñaren irudia kaltetuko luketen jende-pilaketen eszenak saihestea”, nabarmendu du alkateak. Horrekin batera, taberna eta jatetxeek beren ordutegia ezarritako orduaz haratago luzatzea debekatuko da, uztailaren 6a laneguna baita, eta San Ferminetako musika bolumen altuan jartzea. “Azken finean, tabernei eskatu diegu saihestu dezatela bezeroei uztailaren 6 hau beste uztailaren 6a bezalakoa dela helaraz diezaiekeen guztia, zoritxarrez, ez baita horrela eta ezin du horrela izan, gainera”, adierazi du. 

Jarduera-ildo horretan, ez dira ezta ere hiriko garraio zerbitzua eta garbitasunekoa indartuko, jai-egun horietan aurreko urteetan egin ohi den moduan. 

“Ezin gara erlaxatu”

Nafarroak duen normaltasun berriak ez du esan nahi kasuak gehitzeko arriskutik libre dagoenik, azken egunetan nabari geratu den moduan. Ondorioz, Lehendakariak zuhurtzia eskatu du. “Denok gaude birusaren eraginpean. Denok kutsatu eta gaixotu gaitezke. Batek sintomak garatzeko edo larriki gaixotzeko a priori aukera gutxiago izateak ez du esan nahi gomendatutako distantzia fisikoaren eta higienearen neurriak bete behar ez dituenik”, ohartarazi du; tartean, 1,5 metroko distantzia, Foru Exekutiboak egindako kontzientziazio-kanpainaren helburua (berrogeita hamar bat udalerrik bat egin dute kanpaina horrekin). 

“Harik eta txertoa eta tratamendu bat lortu arte, birusarekin batera bizi beharra daukagu”, gogoratu du Lehendakariak, eta “ezin gara erlaxatu”, azpimarratu du. Hori dela-eta, herritarrei honela eskatu die: “eguneroko gauzak ezin ditugu modu berean egin, eta joko-arau ezberdinak errespetatu beharra dauzkagu”.  Eta horien artean, jaiak daude, “definizioz, elkartzea, janaria eta edaria partekatzea, abestea, hitz egitea, leku itxietan jende askorekin egotea,… dakartenak”, zehaztu du Chivitek, baina, gero, ondorengoa gehitu du: “Hori guztia da egin behar ez dena, eta, horregatik, onartu beharra daukagu orain ez dela unea jaiak edota era horretan bizi daitezkeen ekitaldiak egiteko”. Hala ere, Lehendakariak gogoratu du ospatzeko modu asko daudela, “aisia eta afektibitatea bateragarriak baitira distantzia fisikoarekin”.

Kutsatzeak prebenitzeko gomendioak 

Nafarroako Gobernuak eta Iruñako Udalak gogora ekarri dituzte COVID-19aren kutsatzeak prebenitzeko oinarrizko gomendioak; hala nola, jende-pilaketak dauden zonak saihestea; distantzia mantentzea eta, ezin bada, maskara erabiltzea; eskuak maiz eta minutu batez garbitzea xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoarekin; eta establezimendu bakoitzean adierazitako edukiera errespetatzea. Halaber, berretsi dute ez direla taldean ospakizunak edo agur beroak egiteko egunak, eta arduraz jokatuta bizitza asko salba daitezkeela. Azkenik, koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak izanez gero (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, usaimena edo zaporea galtzea, diarrea, eztarriko mina edo muskuluetako min ez ohikoak edo ezezagunak), beharrezkoa da etxean isolatzea eta berehala osasun-zentrora deitzea edo irekitzeko ordutik kanpo 948 290 290 telefonora deitzea. 

Lehendakariak nahiz alkateak eskerrak eman dizkie talde ezberdinei kontzientziatzeko lan honetan babesa eskaintzeagatik, egun hauetan ez irekitzeak kalte ekonomiko garrantzitsua sortzen duenean ere. “Jakin badakigu festaren zati nuklear direnentzat ere, negozioa gal dezaketenentzat ere, ez dela erraza pausua ematea. Ondorioz, bereziki baloratzen dugu erantzukizunaren zentzua eta munduko jairik onenei uko egiteak eskatzen duen ahalegina”, eskertu du María Chivitek. 

Enrique Mayak ere bat egin du eskertze horrekin, eta komunikabideen lankidetza eskatu du zuhurtzia-mezua helarazteko. “Asko jokatzen ari gara. Izugarria litzateke agerraldi bat egotea bakar batzuen arduragabekeriarengatik. Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu arrisku-egoerak gerta ez daitezen. Baina azken hitza, logikoa denez, jendeak du. Horregatik, zentzuz jokatzearen mezua helarazteko eskatzen dizuegu, denok arduratsuak izan gaitezela”.

¿Te ha sido útil esta página?