
Bihar, abenduaren 10ean (asteazkenarekin) 19:00etan, Ados Teatroa konpainiaren 52 Hertz antzezlana taularatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan. Euskarazko bertsioaren Nafarroako estreinaldia da, eta gai hauek lantzen ditu: bakartze soziala, inkomunikazioa, desberdinkeria eta pertsonek entzunak izateko duten nahia. Antzezlana 2025eko Antzerki Aroa udalaren zikloaren parte da, eta hasiera batean urriaren 15erako aurreikusita zegoen, baina abendura arte atzeratu behar izan zuten.
Izenburua metafora bat da, eta neurketa-unitate bati, 52 hertzi, egiten dio erreferentzia. Azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan erregistratutako soinu-maiztasun bitxi bat da, balea urdin baten kantuaren antzekoa. Baina balea urdinak 10 eta 39 hertz bitarteko soinu-maiztasunetan komunikatzen dira, eta, beraz, zetazeo hori –gorra, beharbada– espeziearen soinu-ataritik kanpo gelditzen da.
52 Hertz aurretik mikrodokumental moduan jasotako nahi gabeko bakardadearen benetako testigantzetatik sortutako ikuskizuna da. Antzezleek testurik gabe hasi zituzten entseguak, baina, aitzitik, benetako pertsonak oinarri hartuta idatzitako zenbait pertsonaia-profil izan zituzten. Hortik aurrera, bakoitzari zegokion rola osatzen aritu ziren antzezleak, bakoitzaren esperientzia abiapuntu hartuta ekarpenak eginez, testu itxi bat eratu arte. Garbi Losada aritu da zuzendari-lanetan. Zuzendaria testuaren egilea da ere, José Antonio Vitoriarekin batera, eta euskarazko bertsioa Bego Losadak egin du.
Antzezlanaren antzezlari-zerrendak bi multzo uztartzen ditu: batetik, ospetsuagoak eta antzerkigintzan, zineman, eta telebistan ibilbide luzea izan duten aktoreak, hala nola Joseba Apaolaza (Artea, El silencio roto, Aquí no hay quien viva), Ainhoa Aierbe (Kutsidazu bidea Ixabel, El guardian invisible, Goenkale) eta Martxelo Rubio (27 horas, El comisario); bestetik, artista gazteagoak, baina, aldi berean, ospetsuak: Aitzol Iraola (Zirriborro) aktore fisiko eta dantzaria eta Amaia Irazabal (Itsaso) aktorea.