Nafarroako Antzerki Eskolak Lehen Hezkuntzako ikasleendako antzerki-lantegiak emanen ditu aurtengo ikasturtean

Nafarroako Antzerki Eskolak Lehen Hezkuntzako ikasleendako antzerki-lantegiak emanen ditu aurtengo ikasturtean
Iruñeko Udalak 99.201 euro inbertituko ditu programan, Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailako ikasleek dramatizazioa landu dezaten
teatro infantil

 

Iruñeko Udalak Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailako ikasleendako antzerki-lantegiak antolatuko ditu aurtengo ikasturtean ere, dramatizazioan oinarritutako hezkuntza-proposamen pedagogiko gisa. Lantegi-programa El Colectivo Nafarroako Antzerki Eskolari adjudikatu zaio, 99.201 euroan. Hala, ikastetxe publiko eta itunduetako 86 ikasle-taldek 40 prestakuntza-saio jasoko dituzte ikasturtean zehar. Prestakuntza-saioak ordaintzeko baliatuko da adjudikatutako zenbatekoa: 39.449,70 euro 2025ean eta 59.751,30 euro 2026an, ekainaren 30era arte. 

Programa jolas dramatikoko eta dramatizazioko programazio didaktiko baten inguruan ardazten da. Eskola-ordutegian antolatzen da jarduera: 50 minutu irauten du, eta antzerkia oinarri hartuta Lehen Hezkuntzako curriculumean ezarritako edukia jorratzen da. Ikastetxe bakoitzaren hautua da programan parte hartzea, baita jarduera zein hezkuntza-mailatan eman nahi duten erabakitzea ere, hau da, 1. mailan edo 5. mailan. Aitzitik, lehen mailako taldeek lehentasuna izanen dute. 

40 prestakuntza-saio emanen dira guztira talde bakoitzean, eta ikasleendako eta irakasleendako saioak barne hartuko dira: dramatizazioko eta gorputz-adierazpeneko teknikei helduko zaie, eta horrez gain, lantegietan erabiliko diren dramatizazio-jarduerak egiteko baliabide materialak eskainiko dira. 

Jolasa eta haurren protagonismoa oinarri hartuta, udal-programak hitzetatik eta idazketatik haratago doazen beste adierazpen-hizkuntza batzuetan sakontzen du, hezkuntza-esperientzia osatuagoa eskaintzeko xedez. Hain zuzen ere, lantegiaren bidez honako hauek sustatu nahi dira: norberaren adierazpena, sormenerako gaitasunak eta jarrerak bultzatzea eta harreman pertsonalak hobetzea. Inhibizioak, beldurrak eta konplexuak gainditzea da beste helburuetako bat, baita sentikortasuna, behaketa eta entzuteko gaitasuna hobetzea eta sormena garatzea ere.

Gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez emanen dira lantegiak, zentro bakoitzaren hizkuntza-eskakizunaren arabera. Kontratuak lau luzapen izaten ahalko ditu, bakoitza urtebetekoa, 2030eko ekainaren 30era bitarte.
 

¿Te ha sido útil esta página?