Nafarroa etorbideak oinezkoen pasabide semaforoduna izanen du, Félix Huarte plazaren aurrean, unibertsitateko campusean oinezkoen mugikortasuna sustatzeko

Nafarroa etorbideak oinezkoen pasabide semaforoduna izanen du, Félix Huarte plazaren aurrean, unibertsitateko campusean oinezkoen mugikortasuna sustatzeko
Oinezkoen pasabide berria Gazteluko plaza Nafarroako Unibertsitateko campusarekin lotzen duen oinezkoendako igarobidearen proiektuaren parte da

paso de peatones semaforizado

Mugikortasun Batzordeak gaur goizean jakin ditu Nafarroa etorbidean eginen den jarduketaren xehetasunak: Félix Huarte plazaren aurrean oinezkoen pasabide semaforoduna jarriko dute. Esku-hartze hori igarobide bizigarriaren proiektuaren barruan kokatzen da, Gazteluko plaza eta Nafarroako Unibertsitateko campusa lotzen duena, eta Iruñeko Udalak bultzatzen du hirian oinezkoen mugikortasuna sustatzeko. Aurreikusten da pasabide berri hori urte bukaerarako martxan egon litekeela.
 

Oinezkoen pasabideak 20 metroko luzera eta 8 metroko zabalera izanen ditu. Igarotzea eskatzeko botoia edukiko du eta oinezkoei 40 segundo emanen dizkie hura gurutzatzeko. Botoia sakatzen ez bada, semaforoa berde mantenduko da ibilgailuentzat. Halaber, gutxienez 80 segundoko tartea bermatuko da ibilgailuentzako, oinezkoak igarotzeko bi uneren artean. Bide bat eginen da Félix Huarte plaza eta oinezkoen pasabidea lotzeko eta, bestaldean, pasabidea existitzen den eta metro gutxira dagoen oinezkoen pasabidearekin lotutako espaloi-eremuan bukatuko da, campusera doan errepidean sartzeko erreian.
 

Gainera, semaforo bat jarriko dute Nafarroa etorbidearen eta Eneko Aritza kalearen arteko bidegurutzeko biribilgunearen sarrera baino lehen, eta sinkronizatuta egonen da Félix Huarte plazaren aurrean dagoen oinezkoen pasabidearekin ibilgailuen zirkulazioa koordinatzeko eta biribilgunean auto-ilarak ez egoteko. Halaber, 2 kuxin berlindar jarriko dira Eneko Aritza kaleko bi noranzkoetan, bai irteeran bai biribilgunean sartzeko, han dagoen oinezkoen pasabideari segurtasun handiagoa emateko.
 

Trafiko kopurua Nafarroa etorbidean
 

Jarduketa honek batez ere hiru helburu ditu: etorbideko zirkulazioa baretzea, beste urrats bat hiri-eite handiagoa duen kalea bilakatzeko; Iturramako bizilagunak Nafarroa etorbidean sartzea erraztea, gaur egun sartzeko arriskuak baitituzte; eta hiriaren erdigunea eta unibertsitateko campusaren artean oinezkoen igarobidea sortzea ikasleen mugikortasuna errazteko.
 

Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra arte jasotako zirkulazioaren datuek erakusten dute Nafarroa etorbidean, Erletokietako biribilgunearen eta Animaliak Hartzeko Zentroaren  arteko tartean, hiritik ateratzeko noranzkoan, lan egun bakoitzean 19.638 ibilgailu ibiltzen direla. Puntako ordua goizeko 08:00etan izaten da, 1.826 ibilgailuren zirkulazioaz. Zirkulazio handieneko puntako ordu laurdena 08:00etatik 08:15era doa, 570 ibilgailuez.
 

Kontrako noranzkoan, Erletokietako biribilgunerantz, egunero 17.116 ibilgailu igarotzen dira. Puntako ordua 13:00etan da, 1.178 ibiligailuez, nahiz eta zirkulazio handieneko puntako ordu laurdena 14:00etan izaten den, 316 ibilgailuez denbora tarte horretan.
 

Oinezkoen igarobidea hiriaren erdigunetik Nafarroako Unibertsitatera
 

Gazteluko plazaren eta Nafarroako Unibertsitateko campusaren arteko bi kilometro baino gehiagoko igarobideak hiriko oinezkoentzako ibilbideak handitzea du helburu, oinezkoen pasabideak hobetzearen, galtzadak goratzearen eta bestelako jarduketen bidez. Aprobetxatuko dira jada oinezkoendako guneetan egindako esku-hartzeak, hala nola, Sarasate pasealekuan, Ziudadelan edo Iturramako bulebarrean, eta proiektu berriak, adibidez, bihar martxan jarriko den oinezkoen pasabidea edo Iturrama kalearen eta Félix Huarte plazaren arteko elkargunearen berrantolaketa.
 

Igarobideak Gazteluko plaza Nafarroako Unibertsitatearekin lotzen du honakoen bidez: Sarasate pasealekua, Navas de Tolosa kalea, Chinchilla Jeneralaren kalea, Ziudadela eta Gaztelugibel, Antso Azkarraren etorbidea, Serafín Olave kalea eta Iturramako bulebarra, Iturrama kalea eta Félix Huarte plaza Nafarroako etorbidea gurutzatu arte.

¿Te ha sido útil esta página?