Nafarroa Behereko etorbidean, autoak lehenago sartzen ahalko dira autobusendako erreian Bergamín eta Paulino Caballero kaleetarantz biratzeko

Nafarroa Behereko etorbidean, autoak lehenago sartzen ahalko dira autobusendako erreian Bergamín eta Paulino Caballero kaleetarantz biratzeko
Udalak seinale horizontalak aldatu ditu zirkulazioa hobetu eta ezbeharrik izan ez dadin; gainera, semaforo gorria errespetatzen dela kontrolatuko dute
tráfico Baja Navarra


Udalak seinale horizontalak aldatu ditu Nafarroa Behereko etorbideko bi zatitan, autobusendako eta taxiendako erreia zeharkatuta eskuinera biratzea errazteko; izan ere, errei horrek Francisco Bergamín eta Paulino Caballero kaleetarantz biratzeko aukera ematen du. Gainera, zirkulazioa kontrolatzeko modulu berri bat jarri dute Vianako Printzearen plazako sarrerako semaforoaren parean dagoen makuluan. Mugikortasun Batzordeak erabaki du seinaleetan eta zirkulazioan aldaketak egitea, betiere ekintza hauek kontuan hartuta: istripu-tasa altuena duten puntu beltzak gune seguru bihurtzeko 003 ekintza eta Iruñeko Udaltzaingoko Atestatuen Unitatearen txostenetan oinarritutako puntu beltzen zati eta bidegurutzeei buruzko zaharberritze-proiektuak idazteko 004 ekintza.

Aldaketak Nafarroa Behereko etorbidean egin dituzte, etorbideak Bergamín kalearekin (Merindadeen plazarako noranzkoan) eta Paulino Caballero kalearekin (Vianako Printzearen plazarako noranzkoan) dituen bidegurutzeetan. Ibilgailuak erdiko erreitik albokoetara pixkanaka pasatu ahal izateko egin dituzte aldaketak, trafikoa lotzeari esker modu seguruan egiten ahalko baitituzte biraketak. Orain arte derrigorrez erdiko erreia erabili behar zen biraketak egiteko, eta zirkulazioa oztopatu egiten zen; ondorioz, autobusendako erreitik zihoazen Iruñerriko hiri-garraioko ibilgailuekin arrisku-egoerak sortzen ziren, eta auto eta furgonetak hiri-garraioko ibilgailuekiko perpendikularrean sartzen ziren erreira. 

Vianako Printzearen plazara sartzeko ondoko zonaldean marra jarraitua mantendu dute, hiri-garraioko ibilgailuek etorbidera sartzeko lehentasuna izan dezaten eta plazako geralekuetatik zirkulazioarekin bat egitea errazteko. 

Bestalde, zirkulazioa kontrolatzeko modulua abian jartzeari esker, semaforoen zikloak gehiagotan errespetatuko dira, eta gune horretako istripu-tasa murriztu. Gainera, modulu horrekin semaforo gorriaren aurrean ibilgailuak gera daitezen lortu nahi dute; hala, ez dira ibilgailuak pilatuko plazaren erdian. Izan ere, 2024an, Udaltzaingoak 17 istripu erregistratu zituen Paulino Caballeroko bidegurutzean. 2023an, berriz, 21.

Nafarroa Behereko etorbideak, Vianako Printzearen eta Merindades plazaren arteko zatian, batez beste 14.100 ibilgailu izaten ditu egunero, Vianako Printzearen plazara joateko Merindadeko plazarako noranzkoan; kontrako noranzkoak, berriz, 14.600 ibilgailu izaten ditu egunero.

Mugikortasun Batzordeak Iruñeko udal-mugarteko pertsona eta ibilgailuen arazoak eta hiriko joan-etorriekin lotutako gaiak jorratzen ditu. Batzordea hauek osatzen dute: Hiri Bizigarri eta Jasangarriko eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko arduradunek eta zerbitzuek, udal-talde politikoen bozeramaileek eta Udaleko Hirigintza Gerentziako ordezkariek.

¿Te ha sido útil esta página?