Nafarroan CrossFit lizentzia duen lehenengo lehiaketak, hau da , asteburu honetan Nafarroa Arenan ospatuko diren Iruña Arena Games jokoek, Iruñeko Udalaren babesa dute. Aurreikuspenen arabera, hainbat autonomia-erkidegotatik etorriko diren 960 atletak parte hartuko dute, eta 3.000 ikusle inguru bertaratuko dira. Ekitaldia larunbatean, goizeko 09:00etan, hasiko da eta 240 talde arituko dira norgehiagokan, kategoriatan banatuta: Scaled (amateurra), Tartekoa eta RX (profesionala).
Fernando Aranguren Kiroleko eta Gazteriako zinegotzi bereziak gaur goizean jokoen aurkezpenean parte hartu du ekitaldia antolatzen duen Pamplona Cross Trail elkarteko kideekin batera. Antolatzaileen ordezkariak Aritz Iturmendi eta Adrián Suescun izan dira. Nafarroa CrossFitaren praktikan eskualde aitzindari gisa nabarmendu da; izan ere, izen-emateak bi ordu eskasetan amaitu ziren.
Iruña Arena Games jokoek ongintzazko izaera dute, izan ere, sarreretatik lortzen den diruaren erdia Anfas elkartera bideratuko baita. Elkarte horrek desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten pertsonen eta haien senideen eskubideen alde lan egiten du. Oraindik badira sarrerak, eta honako leku hauetan eskuratzen ahal dira: www.pamplonaarenagames.com lehiaketaren webgunean, La Morea merkataritza zentroan, Baluarten eta Nafarroa Arenan bertan. Eguneko sarreren prezioa 6 eurokoa da eta asteburu osorako abonamenduena 9 eurokoa.
Lehiaketa
Nafarroa Arenara bertaratzen direnek maila altuko lehiaketa bat ikusteko aukera izanen dute, exijentzia goreneko probak eginen baitituzte Paúl Sandúa nafarraren kirol-zuzendaritzapean. Parte hartzaileak hiru gizonek eta emakume batek osatutako taldeetan lehiatuko dira, eta izen ezagunak aurkituko ditugu horien artean, besteak beste, Ione Taínta, Daniel Camacho eta Xabier Osa, bai eta bi kirolari olinpiko ere: Miren León judoka eta Javier Gómez atleta.
240 taldeetako bakoitzak 5 WOD (proba) egin beharko ditu, eta horien xehetasunak ez dira ezagutzera emanen lehiaketa hasi baino ordu batzuk lehenagora arte. Erronkak atletak hainbat modalitatetan eta haien aldaera uztartuetan desafiatzeko diseinatu dira, hala nola gaitasun gimnastikoetan, halterofilian, erresistentzian, potentzian eta koordinazioan. Froga bakoitzaren emaitzekin puntuak gehituko dira lortutako postuaren arabera. Proba guztien postuak batuta puntu gutxien biltzen dituena izanen da talde irabazlea. Sariei dagokienez, 7.000 euro banatuko dira kategoria goreneko hiru talderik onenen artean, eta gainontzeko kategorien artean kirol-materiala.
CrossFita Nafarroan
CrossFita hainbat diziplinatako mugimenduak uztartzen dituen entrenamendu-teknika bat da, hala nola halterofilia eta entrenamendu metabolikoa eta gimnastikoa. Ariketa-programa bat egiten da (flexioak, trakzioa, eta abar), denbora jakin batean eta aldi-kopuru jakin batean. Edozein hasi daiteke hazten ari den kirol hori egiten: Nafarroan 15 gimnasio-box daude, horietatik 8 Iruñean.
Iruña Arena Games. CrossFit lehiaketa.
- Egunak eta orduak:
- Otsailak 10, ostirala: dortsalak jasotzea
- Otsailak 11, larunbata: lehiaketa, 09:00etatik 21:00etara
- Otsailak 12, igandea: lehiaketa, 09:00etatik 18:30era
- Parte-hartzaileak: 240 talde mistotan banatutako 960 atleta
- Nafarroako, Madrilgo, Kataluniako, Valentziako Erkidegoko, Andaluziako, Gaztela Mantxako, Gaztela Leongo, Extremadurako, Kantabriako, Asturiaseko, Aragoiko, Euskal Herriko, Errioxako eta Galiziako taldeak.
- Sariak: 7.000 euro kategoria goreneko hiru talde onenen artean banatzeko; gainontzeko kategorietan, kirol-materiala
- Sarrerak: 6 euro (eguneko sarrera) eta 9 euro (astebururako abonamendua)